Gasteizko gelako leihotik kanpora begiratzen dut, Googleko dokumentu hutsa parean. Madrilen ikasten ari den lagunari idatziko diot ez dakidala orria nola bete, esan dezakedan guztia oso astuna dela, ez dudala hilabetean behin bada ere irakurtzea mereziko duen idazteko ezer. Garrasi egiten ari den katu baten sticker bat bidaliko dit bueltan, besarkada bat jaso dut. Ez daukat sortu dudan hirugarren Google dokumentura begira egoteko denborarik soberan, gramatika ikasi behar dut: absolutibo, datibo, ergatibo. Idazten edo irakurtzen dudan aditz laguntzaile bakoitzaren analisia egiten saiatzen naiz (izan, A1sg, prs), datorren astelehenean prest egon nadin (*edin, A1sg, prs). Klasean Twitterren eta orain komeriak… Ikasle guztion miseria.
Nire burua defendatzeko esango dut baliagarria dela noizbehinka Twitterren sartzea, ahaztu nahiko genituzkeen gauzez oroitzeko, gure burbuilan ez egonkortzeko. Libano eta Palestinan Israelgo estatu hiltzaileak inongo gupidarik gabe askatzen dituen bonben irudiak dira Twitter ireki eta ikusten dudan lehen gauza. Urtebete genozidioaz, 76 okupazioaz eta ez doa berehala amaitzera. Mundua aldatzera ez noan eserleku honetatik, kritika konformista menderatutik, Gasteizko gelako leihotik; beste zerbait idaztera nindoan, ez dakit zer, baina gai astunak ez ditut atsegin. Desatsegina izateak, ordea, ez dit beste aldera begiratzeko eskubiderik ematen. Datorren asteleheneko Gramatikako azterketa da nire kezka handiena gaur, baina 'Lurralde Santua' deritzon inguru horretan izango da nire adin bereko norbait ez dakiena ea datorren astelehenean bere familiarekin jarraituko ote duen, bere etxeak zutik iraungo duen; noren kezka nagusiena bizirautea soilik izango den. Distantziak ezin du bi errealitate hauen urruntasuna justifikatu, oraingoan ez.
Testu politikoegia ziurrenik, politikaz ezer gutxi dakien hemezortzi urteko umemoko batentzat, genozidio baten aurka bi hitz egiteko gehiegirik jakin behar ez dela deritzodan arren. Hobe beste edozeren inguruan idatzi banu; Twitterren sartu eta irudi horiei jaramonik egin ez banien, scroll apur bat egin izan banu, meme edo Realeko prentsaurrekoren baten bila. Baina Berri Txarrakek dagoeneko esan zuen ni jaio aurretik: "Zeinek eman dit aukera/ hemen mikrofono aurrean/ biluzik irten ta hitzetan/ nahi dudana esan ta ezkutatzeko?". Nola izan behar naiz gai irudi horiek ikusi eta ezkutatzeko, beste zerbait esateko?
Iritzia GUKAsteka Zarauzko astekari digitalean argitaratu zen urria hasieran. GUKAsteka astean behin bidaltzen zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal ditu, eta protagonistak beti dira Zarautz eta zarauztarrak. Egin zaitez harpidedun!