Boluntario izateko deialdi berezia egin du Atzegik

Intza Trula 2024ko urr. 24a, 15:30

Atzegiren 2024ko sentsibilizazio kanpainaren aurkezpen ekitaldia. (Mireia Galarza Bastida)

2024ko sentsibilizazio kanpaina aurkeztu zuen atzo Atzegik Zarautzen. Besteak beste, 55 urtetik gorako pertsonak animatu nahi izan zituzten boluntario egitera.

Orain duzu aukera leloarekin aurkeztu zuen atzo Atzegik 2024ko sentsibilizazio kanpaina. Besteak beste, aurtengo kanpainaren helburua da 55 urtetik gorako pertsonak boluntario egitera animatzea. Naroa Artola Atzegiko ordezkariak eman zituen kanpainaren azalpenak, eta Xabier Txurruka Zarauzko alkatea ere bertan izan zen.

Artolaren esanetan, Atzegin boluntarioen lana "ezinbestekoa" da "eskaintzen diren aisialdirako jarduera guztiak aurrera eramateko". Hark zehaztu zuenez, elkarteak urtean zehar egiten antolatzen dituen ekintzetan parte hartzen duten boluntarioak 350 baino gehiago dira. Hori hala, Txurrukak zarauztar guztiak animatu zituen parte hartzera: "Ematen duzuna baino gehiago jasotzen duzu boluntario izaten".

55 urtetik gorakoei deia

Atzegiko kidearen esanetan, elkartean boluntariotza egiten duten pertsona gehienak gazteak dira. Azken denboran, ordea, adin ezberdinetako jendea gerturatzen ari dela antzeman dute; horregatik, Atzegik fokua 55 urtetik gorako herritarrengan jarri nahi du aurten. "Belaunaldi horrek, oro har, denbora libre gehiago izan dezake eta ekarpen handia egin", adierazi zuen Artolak. Era berean, Atzegiko kideak gogorarazi zuen boluntariotza egiteko ez dela inolako prestakuntzarik behar, "denbora librea eta partekatzeko gogoa izatea besterik ez".

Boluntarioen laguntza behar duten Atzegiren jarduerak adimen-desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko helburua dute, batez ere aisialdian. Jarduerak askotarikoak dira: taldeka edo banaka egin daitezke; hala nola mendi irteerak, futbol saioak edo txangoak antolatzen dituzte. Halere, bestelako planak ere egiten dituzte: esaterako, kafe bat hartzera, erosketak egitera edo paseo bat ematera joaten dira. Gainera, adimen-desgaitasuna duten pertsonek adin bereko pertsonekin aisialdia partekatzeko aukera izatea ere bultzatu nahi dute, zaletasunak eta kezkak partekatzeko aukera izan dezaten.

Boluntario izan nahi dutenek Atzegirekin harremanetan jarri besterik ez dute egin behar, haien bulegora bertaratuta edo 943-42 39 42 telefonora deituta.

Gipuzkoako eskualde guztietan aurkeztuko dute kanpaina, eta horren barruan aurreikusitako ekintzen artean, Atzegiko familiek 4.000 kartel jarriko dituzte boluntariotza egiteko moduak erakusteko. Aurten, halaber, informazio-liburuxka bat eta bideo bat ere diseinatu dituzte.

Hona hemen bideoa ikusgai:

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide