Ni ez naiz daltonikoa. Lucky Luke cowboy iharraren komikiko anaia gaizkile haiek bai zirela daltonikoak, ala toniko txarrekoak modu mailakatuan, handitik txikira. Spaghetti western-eko desertu basatienak aztoratu zituzten bezala nahaspilatu du daltonismoak gure bulegoa. Erredakzioko aspaldiko zurrumurru txiki bat, denboraren poderioz, errefusa pilota galanta bihurtu da, fake news baten aurpegia hartzeraino: batekdakitnor daltonikoa da.
Zentzumenen inguruko telebistako saio berri bat prestatzen ari dira lankideak. Guk guztiok ditugu / bost zentzumen ahaltsu / gorputza egon dadin / indartsu eta osasuntsu. Batek lagun gozogilea proposatu du dastamenerako, besteak piano-jotzailea ukimenerako, kide bizkorrenak ahots bikoizlea entzumenerako... eta bulegoko oihartzun zaharrak batekdakitnor jo zigun errebotean belarrietara ikusmenerako. "Itzel Maikel!", "Deluxe, andaluz!", "Ederto, Julio Alberto!".
Euforia random horren ondoren, ajeak eta ajak datoz. Nork du behar adina balore eta adore batekdakitnor entzutetsuari deitu eta "barkatu atrebentzia, baina daltonikoa al zara?". Ez, horren zuzenean ere ezin diozu bota, horrela behintzat ez. "Kaixo, segur aski pikutara bidaliko nauzu, baina erredakzioan komentatu dute, eta saio berri bat egiten ari gara, eta zutaz pentsatu dugu, eta inolako konpromisorik gabe, eta...".
Ni ez naiz daltonikoa. Daltonismoaz ere gauza gutxi zekizkiela erantzun zuen, gainera. Hura lotsa lankidearena, ostruka legez, burua lur azpian sartu nahian ibili zen goiz guztia. Hori da hori huts egitea, pentsa dezakezue. Galdera sinplea egingo dizuet, aitzitik: zergatik? Informazio bat kontrastatzeagatik ezer publikatu aurretik?
Duela aste batzuk antzeko zerbait gertatu zen Zarautz-Lur erakundearen inguruko auziarekin. Hedabide orokor guztiek Jon Urien alkate ohia aurrez epaitu zuten, baina guk nahiago izan genuen lehen pertsonan jaso informazioa, eta auziari eman protagonismoa pertsonari berari baino. Epaiketa goiz bateko kontua izan zen, eta alkate ohia kargu guztietatik absolbitu zuten.
Zoritxarrez, lastima hutsa da oraindik ere gizarteko hainbat sektorek eta batik bat gure gremioak, editoriala bata ala bestea izanda ere, semaforo berdeak eta gorriak bereizten ez jakitea.
Iritzia GUKAsteka Zarauzko astekari digitalean argitaratu zen urria hasieran. GUKAsteka astean behin bidaltzen zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal ditu, eta protagonistak beti dira Zarautz eta zarauztarrak. Egin zaitez harpidedun!