Anjel Lertxundi: "Bada kezka bat, idazleak ez diola ematen hizkuntzari itzultzaileak ematen dion garrantzia"

Garbine Ubeda ('Berria' egunkaria) 2024ko urriaren 14a

Anjel Lertxundi, Zarautzen. (Garbine Ubeda)

Apunteak ere memoriaren parte dira, eta horietarik asko du Anjel Lertxundik. Alfabetikoki sailkatutako hitz eta esamoldeen aitzakian, glosak, ipuinak eta bestelako hausnarketak paratu ditu Berbelitzen hiztegia saiakera literarioan. Honakoa Berria egunkariak atzo argitaratutako elkarrizketa da.

Anjel Lertxundik (Orio, Gipuzkoa, 1948) arkatza behar izaten du aldean, liburuetan irakurtzen duena azpimarratzeko eta entzuten duena apuntatzeko. Urteetan metatu zaizkion ideia horiei guztiei probetxu literarioa ateratzeko modua izan omen da Berbelitzen hiztegia. Baina hori baino gehiago ere bada. Bada liburu "hibridoa", generoen dantzan dabilena. Bada zehatza eta era berean ludikoa. Eta badu testu moldeen aukera zabala, tonu ugaritasuna, hitzei eta esamoldeei punta ateratzeko artea, erreferentzia mordoa eta guztiari osotasuna eman dion fikziozko istorioa.

Berbelitzen hiztegia ez da eleberri bat, ez eta gai jakin bati lotutako saiakera bat ere. Zer gomendio emango zenioke irakurri nahi duenari?

Hiztegi moduan planteatuta dago, itzultzailearentzat tresnarik inportanteena delako, baina ez da hiztegi bat. Bertan bildutako kontzeptu askok gure eguneroko bizitzarekin eta hizkerarekin dute zerikusia, eta besteek, literaturarekin eta itzulpenarekin.

Berbelitz itzultzailea da, eta idazle batekin jarri da harremanetan, karpetetan batu dituen apunteekin zerbait egin ote litekeen erabaki dezan. Zer dago horren atzean?

Horren oinarrian dago ni apunteak hartu zalea naizela. Irakurtzen ditudan edo entzuten ditudan gauza asko ageri dira liburuan. Lehendabizi egiten dudana da arkatza atera. Oraintxe etorri zait gogora, behin, itsasoa bare-bare zegoen batean, "Hara, piszina infinitua" esan zuela ume batek. Gure toldoaren ondoan zegoen, eta zortzi-hamar bat urte izango zituen. Ideia horretatik abiatuta, itsasoaz hitz egiten duzu. Apunteei etekina ateratzeko modua da Berbelitzek hartutako bidea. Halako liburuetan, zailena liburuari batasuna ematea izaten da; hortik etorri da hiztegiaren forma.

Hiztegiak saltoka kontsultatzen dira. Berbelitz ere horrela irakurtzea gomendatzen duzu?

Horretarako aukera ere ematen du. Erabilera diferenteak ditu: irakurleak nahi duen eran joka dezake. Irakur daiteke nobela baten moduan, edo prosen bilduma bat bezala, edo saltoka. Testu asko daude, asko eta asko elkarren arteko loturekin. Saiatu naiz, gainera, bakoitzari bere tonu propioa ematen. Batzuk alaiak, umoretsuak edo alor lasaiagokoak dira, eta beste batzuek beste zorroztasun bat eskatzen dute. Tonu ugaritasuna eskaintzea izan da nire obsesioetako bat, ez izatea beti dena tonu berekoa. Testu bakoitza independentea da jantzian, idazkeran, doinuan.

Elkarrizketa osori irakur daiteke Berria.eus atari digitalean. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide