Aidanez, epaile jaun txit fatxo-matxo asko dabil inguruotan azkenaldian. Beharbada ez dira sekula desagertu. Eta a zer hozkia ematen dien euskarak, a zer ezinikusia sortzen dien. Kasik eurek niri bezainbestekoa…
Pixka bat pedantea da beharbada, baina gustura aipatuko nizkieke pare bat testu oso interesgarri. Hemen partekatuko ditut zuekin (eurek ez dute, ez, halakorik irakurriko).
XVIII. mendean izan zen Espainian militar eta idazle bat, José Cadalso izenekoa. Titulu horrekin, nola espero Cartas marruecas liburuan dagoen begirada kritikoa eta bertan euskaldunei buruz esaten duena.
Liburua gutunen bidez idatzita dago, Montesquieuren Lettres persanesen estiloan. Ez dira benetako kartak, asmatuak baizik, pertsonaia fiktizioek bidaltzen dizkiotenak elkarri. Gutun horietan, protagonistek distantzia hartzen dute gaiekiko, eta ikusten dutenarekin oso kritikoak dira batzuetan. Kontua da Cadalsoren liburuan badagoela euskaldunei buruzko zati gogoangarri bat. Euskarara ekarriko dut, nola edo hala:
«Izan ere, kantabriarrak, eta uler bedi hala direla bizkaieraz [euskaraz] hitz egiten duten guztiak, herri xume eta zintzoa dira. (…) Bizkaitar [euskaldun] bat bere aberritik urruntzen bada ere, bertan sentitzen da herrikide batekin topo egiten duen aldiro. (…) Halakoa da Bizkaiko Jaurerriak, Gipuzkoak, Arabak eta Nafarroako Erresumak euren artean duten hitzarmena, ezen batzuek Espainiako probintzia batuak deitzen baitiete herrialde horiei».
Zer argi adierazten duen euskarak nola elkartzen dituen euskaldunak. Inondik ere, Cadalsoren testuak gaurko espainiar bat baino gehiagori eragingo lioke azkura zilborpean, zer esanik ez epaile jaun txit lerdo-memelo horiei…
Hurrengo mendean, Victor Hugo idazle frantsesa Euskal Herritik pasa zen. 1843ko abuztuaren 2an Donostian zen, eta hara garai hartan zer idatzi zuen (Koldo Izagirreren itzulpena, Idi orgaren karrankan):
«Euskaraz sortu, euskaraz mintza, euskaraz bizi eta euskaraz hil. Euskara aberri da hemen; erlijio, esanen nuke kasik. Esaiozu euskarazko hitz bat baserritarrari mendian; hitz horren aitzinetik, doi zinen gizon bat harendako; hitza esandakoan, anaia zaitu. Espainiera atzerriko da hemen, frantsesa bezala».
Asko aldatu da egoera, bistan da. Eta, egia esan, testuok irakurrita oso argi ulertzen da zer den Frantziak eta Espainiak suntsitu nahi dutena, euskara desagerrarazteko euren ahalegin nekagaitzean.
Ez zait ahazten Cadalso lehen aldiz irakurri nueneko sorpresa. Argia da, eta beharbada badu gaurkotasunik: zenbateraino sentitzen dugun aberkide euskaraz egiten diguna, edonon gaudela ere.
Hala ere, maiz pentsatzen dut gaurko euskaldunok, justiziaren panorama juxtua ikusita, zatitxo bat behintzat gehituko geniokeela Cadalsoren parrafoari: zenbateraino sentitzen den euskalduna arrotz bere lurrean, bere herritik atera gabe ere, euskaraz egin ezin duenean.
Iritzia GUKAsteka Zarauzko astekari digitalean argitaratu zen iraila amaieran. GUKAsteka astean behin bidaltzen zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal ditu, eta protagonistak beti dira Zarautz eta zarauztarrak. Egin zaitez harpidedun!