Iñaki Uriaren lekukoa hartuta, Ainhoa Jauregi izango da Hamaika Telebistako zuzendaria

Julene Frantzesena 2024ko urr. 9a, 16:00

Iñaki Uria eta Ainhoa Jauregi, gaur goizean, Zarautzen. (Udane Arbeo Astigarraga)

Gaur aurkeztu dute zuzendaritza talde berria Zarautzen: Jauregirekin batera, Maddi Mochales digitalizazio arduradunak eta Onintza Alustiza finantza arduradunak osatuko dute. Uriak ibilbide oparoa egin du Hamaika Telebistan, baita euskalgintzan ere. Euskaldunon Egunkariako sortzailea ez ezik, zuzendaria eta kontseilari ordezkaria izan zen.

Iñaki Uria zarauztarraren lekukoa hartuta, Ainhoa Jauregi hernaniarra izango da Hamaika Telebistako zuzendaria. Gaur aurkeztu dute zuzendaritza talde berria Zarautzen, euskal hedabideetako hainbat ordezkariren babesean. Hamaika Telebistak jakinarazi duenez, zuzendaritza talde "gaztea, berria eta eraldatzailea" osatu dute.

Hain zuzen ere, Jauregirekin batera taldea osatuko dute Maddi Mochales digitalizazio arduradunak eta Onintza Alustiza finantza arduradunak. Zuzendaritza aldaketa Hamaika Telebistaren eta garai berri baten "mugarria" izango dela azaldu dute.

Ibilbide oparoa

Uriak ibilbide oparoa egin du Hamaika Telebistan. Izan ere, 2006an telebista sortu zenetik izan da zuzendari karguan. Euskalgintzan aritu da urte luzez; Argia aldizkarian egin zituen lehen urratsak eta Euskaldunon Egunariaren sortzaileetako bat izan zen, baita kazetar horretako zuzendaria eta kontseilari ordezkaria ere.

Euskaldunon Egunkariaren itxiera lotuta –2003an itxi zuen Guardia Zibilak–, Espainiako Auzitegi Nazionalak auzipetu egin zuen Uria, Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleagarekin batera. Sasoi hartan egunkariko kontseilari ordezkaria zen Uria.

Itxiera jazo zenean atxilotu egin zuen Guardia Zibilak Uria –beste bederatzi lagunekin batera–, eta espetxetik irtetzen azkena izan zen zarauztarra; hain zuzen ere, 2004ko abuztuaren 2an atera zen kartzelatik, 450.000 euroko bermea ordaindu ondoren. 2010ean, baina, auzipetutako bost lagunak absolbitu egin zituen Auzitegi Nazionalak, haien aurkako frogarik ez zegoela ebatzita.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide