Euskal Astea ospatzen ibili dira azken egunotan zarauztarrak, baina bihar ere izango dute dozenaka ekintzataz gozatzeko modua, Euskal Jai egunarekin batera. Goizean goiztik hasita, gauerdira arte luzatuko dira hitzorduak, herriko hainbat puntutan kokatuko dituztenak, adin tarte desberdinen gozagarri.
Aurten, gainera, egun berezi horren mendeurrena ere ospatuko dute zarauztarrek, beti bezala baserritar arropa soinean, dantzan eta zintzurra txakolinez edo sagardoz freskatuz.
Antzinako ohiturak eta ofizioak berreskuratuta –alkatea, medikua, mikeletea, aguazila, barkilleroa eta argazkilaria, esaterako–, astelehenean kalera irteten lehenak Goiztarrak izango dira. Fantziskotarren elizako mezaren ondoren, Frontoi Txikin egingo du urteroko ekitaldia, pilota, herri kirolak eta bertsoak uztartuta. Eguerdi partean, Alprojakoak igoko dira Munoako oholtzara, eta aldi berean, erromeriak hasiko dira Musika Plazan eta Lege Zaharren Enparantzan.
Mendeurrenaren haritik, orgen lehiaketaz gain, aurten karrozen ohitura berreskuratu dute. Lau karroza plazaratuko dituzte, Jose Maria Zuazobidek, Jose Luis Lasak, Iñigo Arrillagak eta Juan Antonio Mendizabalek eginak. Eguerdian aurkeztuko dituzte Musika Plazan.
Hona hemen egitaraua, osorik:
- 07:00. Diana herriko kaleetan zehar.
- 08:00. Goiztarrak taldearen irteera. Antzinako ohiturak berreskuratuz, goizean, garai bateko pertsonaiak irudikatuko dituzte kalez kale.
- 08:00. Gure Boza otxotea kaleetan zehar.
- 08:30. Kalez kale, txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak eta Iturengo tunturroak.
- 10:00. Euskal Jai Eguneko parte-hartzaileen talde argazkia.
- 10:30. Frantziskotarren elizan, Meza Nagusia. Schola Cantorum abesbatzak abestuta.
- Ondoren, Frontoi Txikin, Goiztarrak taldearen eskutik, pilota partidak, herri-kirolak eta bertsolariak.
- 11:00-14:00. Arrosategi parkean, pottokak haurrentzat.
- 12:00. Alproja taldearen irteera (San Inazio kalea, Kale Nagusia, Dorre Luzea parkea, Nafarroa Kalea eta Munoa).
- 12:00. Munoan, "Ehun urte zain" antzezlana.
- Eguerdian, Musika Plazan, erromeria trikitilari, txistulari eta dultzaineroekin.
- Ordu berean, Lege Zaharren enparantzan, erromeria trikitilariekin.
- 13:00. Lege Zaharren enparantzan, orga-lehiaketaren sari-banaketa.
- 13:15. Munoan, erromeria Iratzar taldearekin.
- 13:30. Musika Plazan, karrozen aurkezpena.
- Ondoren, Kale Nagusian egongo dira ikusgai.
- 14:00. Musika Plazan, Lizarrako Larrain Dantza herrikoia dultzaineroekin.
- 17:30. Musika Plazatik Iñurritzara kalejira, trikitilari, dultzainero eta txistulariekin.
- 18:00. Iñurritzan, haurrentzako herri-kirolak Kulki taldearen eskutik.
- 18:30. Iñurritzako zelaian, erromeria Bide Batez taldearekin.
- 20:00. Iñurritzan, Lizarrako Larrain Dantza herrikoia dultzaineroekin.
- 20:30. Kalejira Iñurritzatik Musika Plazara.
- Ondoren, Musika Plazan, erromeria trikitilariekin.
- 22:00. Munoan, dantzaldia Iratzar taldearekin.