Euskal Astean eta Euskal Jaian, euskal kulturarekin eta euskararekin bat egiten duten ekimen ugari antolatzen ari gara aurten ere. Urterokoak dira baina komeni da banan-banan izendatzea: bertso, trikiti eta dantza saioak, herriko taldeen ekitaldi berezia, aurten Ondartzakoen eta Irrintzikoen agerraldia, herri bazkaria... ekitaldi guztietan euskararen erabilera normalizatua dago. Euskal Jai egunean aipatzekoak dira goizean eta eguerdi partean sortzen den giro euskalduna, kuadrillen eta familien parte hartzea, antzinako ohiturak gogoratzen dituen taldea, Iñurritzako jira eta bertako ekitaldiak, Alprojaren emanaldia, orgak, euskal dantzen eta musikaren protagonismoa, eta gehiago. Denak izaten dira ongi antolatuak eta burutuak.
Halere, Euskal Jai Eguneko jarrera batzuk zer hausnartua ematen dute. Ikusten ari gara, Euskal Jaia, apurka-apurka, soilik jai bat bihurtzeko joera hedatzen ari dela, egunari zentzua ematen dion “euskal” izena itzaltzen doan bitartean. Euskal Jaia parranda-egun soila bihurtu daitekeela pentsatzera garamatzaten sentsazioak sentitzen ditugu. Gure kezka areagotzen duten sintoma batzuk adierazi nahi ditugu:
- Adin batetik beherako gazte askorentzat "euskal jaia" baino "parranda eguna" terminoak garrantzi handiagoa hartu du. Alkoholaren festa bihurtzen doa eguna. Ardura sortzen digu pentsatzeak belaunaldi berriei helarazi diegun ereduarekin ez dugula ongi asmatu. Ez dugula jakin euskal jai-eredu gaurkoratu erakargarri bat transmititzen. Gaur egungo euskal musikek, dantzek eta jantziek jada ez dute balio gazteenak konbentzituko dituen festa bat egiteko?
- Euskal jantziek gehienetan mantentzen dute bere identitate berezia, baina aldaketak datoz, modak, berritu-nahiak aginduta. Oreka bat aurkitu beharko litzateke tradizioari eta gaurko beharrei erantzuteko, batez ere identitate eta egoera desberdinak kontuan.
- Zaborra eta zikintasuna. Zonalde batzuetan lurrean pilatuta gelditzen den zabor kopuruak soluzio bat behar du. Euskal Jaiari ez dio mesederik egiten hurrengo egunetan herritarren artean entzuten diren komentarioak.
- Alkohola eta mota askotako drogak ere aipatu behar dira. Egun horretan ordu batetik aurrera jende bat bere onetik aterata ikusten da. Ez da eredu onena, ez haurrentzat, ez herriarentzat, ez Euskal Jaiarentzat. “Beti izan da horrela” erantzunak jada ez du balio.
- Musikak ere aldaketak izan ditu urte batzuetatik hona. Zarauzko ohitura zen egun horretan soilik musika euskalduna entzutea (beste gauzen artean, egun batean bederen, aurre egiteko taberna ia guztietatik euskal musika desagertzen joan den fenomenoari). Iazko Euskal Jaian, baina, arratsalde eta iluntze partetik aurrera, bereziki malekoian, desagertu egin zen euskal musika.Tabernetako kasuan, gaur badira Spotify eta antzeko erremintak, euskaldunak ez diren zerbitzariek ere modu errazean erabili ditzaketenak. Konbentzimendu batekin jokatu beharko genuke egun horretan, alegia, euskal musikak berdin balio duela festarako; kalte egiten digun beste aurreiritzi bati aurre eginaz: euskal musikak ez duela juergarako balio. Baina hori egitea gutako bakoitzari tokatzen zaigu, batez ere belaunaldi euskaldun berriei.
- Egun horretako euskararen erabilerak ere merezi du buelta bat ematea. Euskal Jaian euskara asko entzuten da kalean, baina ezin esan hori, ordu eta espazio batzuetan gertatzen denari erreparatuz. Egoera horrek bai eskatzen du euskaraz dakigunon partetik erabaki sendo bat hartzea: euskaraz egingo dut bai euskal giroa dagoen lekuetan eta baita ere giro nahasiagoak sortzen diren gune eta orduetan. Guk ere, gure bizitzako une batean, agiri hau izenpetzen dugun gehienok egin behar izan dugun hautu kontziente bat besterik ez da.
Horra gure kezka denon begien aurrean jarrita. Izan astelehen on, eta izan zorion!
Sinatzaileak: Josu Txapartegi, Maixux Altuna, Beñat Intxauspe, Manu Urbieta, Marije Aranburu, Andoni Larreta, Ana Eguren, Antton Meabe, Ixabel Pagola, Mikel Usobiaga, Mertxe Mendizabal, Jose Mari Aldaia, Arantza Larrañaga, Begoña Monasterio, Marilu Eizagirre eta Ester Gorostiza, Itxaro Andueza, beste batzuen artean