Urtea amaitu aurretik aterako dute lizitaziora Zarauzko saihesbide berria eraikitzeko proiektua

Mireia Galarza Bastida 2024ko ira. 3a, 15:00

Erabaki hori hartu dute gaur Zarautzen egin duten Gobernu Kontseilu ibiltarian. Erabakia bi erakundeen artean dagoen "harreman estuaren ondorio" dela azaldu dute Mendozak eta Txurrukak.

Zarauzko pleno aretoak bestelako itxura izan du gaurkoan, udal zinegotzien partez, Gipuzkoako Foru Aldundiko zinegotziak ikus baitzitezkeen bertako aulkietan eserita, baita Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia ere. Izan ere, aldundiak legealdi honetan martxan jarritako Gobernu Kontseilu ibiltaria Zarautzen izan da gaur, "Gipuzkoako erakunde nagusia udal eta herrietara gerturatzeko asmoz" martxan jarri dutena. Saio horietan foru gobernuaren proiektu, esleipen eta bestelako gaiei buruzko erabaki garrantzitsuak hartzen dituzte, eta horrela egin dute gaurkoan Zarautzen.

Jakitera eman dutenez, erabakia dute jada 2024. urtea amaitu aurretik aterako dutela lizitaziora Zarauzko saihesbide berria eraikitzeko proiektua, "proiektuak beharrezko urratsak eta izapideak gainditzen jarraitzen duela erakusteko". Erabaki hau bi erakundeen artean dagoen "harreman estuaren ondorio" dela azaldu dute Mendozak eta Txurrukak, eta garbi utzi dute udalerriak dituen proiektu eta erronka nagusiak aztertzen jarraituko dutela, "herriaren garapenarekin eta ongizatearekin duten konpromisoa berresteko". Era berean, saihesbidea udalerriarentzat "garrantzitsua" izango dela azaldu dute, "trafiko astuna" herri barrutik kentzea ahalbidetuko duelako.

Proiektuaren xehetasunak

Otsailean egin zuten bi erakundeek gai honi buruzko azken aurkezpena, eta bertan adierazi zuten jada asmoa bazela proiektua urte amaiera aurretik ateratzea lizitaziora. Aldi berean, proiektuaren xehetasunak ere zehaztu zituzten. 

Saihesbideak kilometro eta erdiko luzera izango du AP-8 autobideko irteerako biribilgunetik Frantsesbideko bidegurutzeraino, Errotaberri industrialdea eta Aritzbatalde auzoak lotzen dituen sarbide berriraino. Azpiegitura berriak bi errei izango ditu, bi norabidetan, eta, guztira, 1.560 metroko luzera izango du, Astiko biribilgunetik (AP-8 irteera) Frantsesbidea kalearekin bat egiten duen tokiraino. Azken tarte hori T formako elkargune batean amaituko da. Era berean, Astiren egungo biribilgunea egokitu egingo dute eta elipse forma izango du, adar berriari lekua egiteko.

Adar berri hori Bidegiko instalazioen atzetik igaroko da, bi noranzkorekin, eta autobidea azpitik zeharkatuko du, Sarobeaundiraino. Bertan biribilgune berri bat egingo dute, hiru adarrekin, Buztinzuriko biribilguneraino. Bestalde, adarretako batek saihesbidea Zarauzko hirigunearekin lotuko du Buztinzurin, autobidearen azpiko pasagunearen bidez.

Bisita, garai berezian

Bi erakundeak lantzen ari diren proiektuez gain, izan da bestelako gairik gaurko aurkezpenean. Herria ospatzen ari den Euskal Astea aprobetxatu dute udal ordezkariek aldundiko kideei mendeurreneko zapia jartzeko, eta azken horiek "eskertuta" agertu dira opariarekin. Gainera, Euskal Jaien inguruko erakusketa bisitatzeko aukera izan dute denek batera, eta jarraian Santa Klaran izan dira, bertako proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide