Mende bat atzera bidaiatu eta lehen Euskal Jaiak bizitzeko denboraren makinarik oraindik asmatu ez dutenez, Merkatu plazako lehen solairuko aretoa bisitatu daiteke. Zarauzko Udalak Euskal Jaiak 100 urte erakusketa zabaldu du, festak izan duen ibilbide eta garapen historikoa herritarren eskura jartzeko. Ostegunean inauguratu zuten, herriko txistulariek girotuta, eta Euskal Jaietako hainbat eragilerekin; inork ez zuen denborarik galdu argazkiak gertutik ikusteko, ezagunak identifikatzeko eta garai zaharrak gogoratzeko.
"Oso harro gaude eta harrotasunez aurkeztera gatoz erakusketa hau. Urtebeteko lana izan du, eta hasiera-hasieratik erraztasunak besterik ez ditugu izan, bai Photomuseumen aldetik bai Jose Mari Zuazobide karrozagilearen aldetik. Eskerrak eman behar dizkiegu haien borondatez argazkiak utzi eta parte hartu duten guztiei", azaldu zuen Kultura zinegotzi Irune Urbietak agerraldian. Era berean, proiektu "polita bezain hunkigarria" izan dela nabarmendu du, eta "mimo handiz landutako" lan guztiaren emaitza ikusgai dago orain. Urbietak argi utzi zuen "batez ere, tradizioa, kultura eta Zarauzko izaera" islatu nahi izan dutela erakusketarekin, eta herritarrek "gustura" hartuko dutela.
Kronologikoan
Erakusketak espazio ezberdinak ditu, eta egituraketaren nondik norakoaz, Photomuseumeko zuzendari Martxel Aizpurua arduratu zen. "Gure lana izan da ehun urte hauei ordena ematea edo eskema bat egitea. Orduan, lehenengo zatian, denboraren lerroa ezarri dugu, eta ez da 1924, baizik eta 1912, Lore Jokoen garaia; nolabait ere, guztiaren jatorriraino joanez", azaldu zuen Aizpuruak. Jarraian, zatika-zatika, belaunaldi ezberdinetako iruditegiak, eskuorriak eta argitalpenak daude ikusgai, gaur egunera arte. "Festa hauek izan dira gizartearen ispilua, eta eskema bat osatu dugu modu kronologikoan. Horrek ematen dio forma erakusketari".
Photomuseumeko zuzendariak aipamen berezia egin zion 1964. urteari, non Haurren Euskal Jaia egun bateko festa izatetik aste osoko bihurtzen dira. "Horrek badu bere pisua, eta Joxe Antonio Azpeitiak eta Manolo Urbietak izan zuten garrantzia adierazten da". Bestalde, antzerkia Euskal Jai Eguneko berezitasun historiko bat dela zehaztu du Aizpuruak: "Azpimarratzeko modukoa da, eta egun ere bizirik dago. Erakusketan, Goiztiarrak aipatuz hasten gara; jarraian, bere garaian sekulako garrantzia izan zuen euskal giroko estanpen berri ematen dugu; eta gaur egun Alproja taldeak egiten duen lan zoragarria dago hirugarrenik". Gainera, bi galtxagorri handiren irudiak daude jarrita erakusketako ibilbidean.
Bestalde, euskal janzkeraren garrantziari eskainitako txoko bat ere badago, nola litzatekeen egoki janztea edo nola jantzi beharko litzatekeen. Horren segidan, erromeriari omen egiten dion argazki sortak topa daitezke, Musika Plazatik Iñurritzara eta alderantzikoa azaltzen duena.
Zuazobideren maketak
Karrozek beti izan dute protagonismoa Euskal Jai Egunean, jada 1924tik. Jose Mari Zuazobidek 30 karroza inguru eginak ditu bere bizitza osoan, eta, zentzu horretan, urte askoan tradizioari eutsi dion artisau nekaezina izan da. "Desiratzen nengoen gaurko eguna noiz iritsiko. Horrenbeste urtez landutako karrozen maketak orain jende aurrean erakusgai jartzeko aukera izatea polita iruditzen zait".
Izan ziren urteak karrozen kontuak gainbehera izan zuena, eta sasoi hartan bi karroza egindako ere badela gogoratu du Zuazobidek. Aurten, mendeurrenaren harira, berriro berreskuratu nahi izan du lehiaketa, eta lau karroza irtengo dira irailaren 9an, Euskal Jai Egunean, kalera. Horietako bat artisau beteranoarena izango da: "Aurtengoa ere bukatuta daukat, eta uste dut azkena izango dela jada. Nire maketak adi ikusten badituzue igarriko diozue zer izan daiteken... Nirea ez da karroza bat izango, baizik eta hamaika batean".
Erakusketa irailaren 22ra arte egongo da zabalik, arratsaldez, 18:00etatik 22:00etara.