Goretti Eizagirre: "Nire momentuko ametsik handiena opera batean sartzea da"

Mireia Galarza Bastida 2024ko abu. 30a, 11:00

Goretti Eizagirre. (Mireia Galarza Bastida)

Ez da ohikoena gazteak lirikan murgilduta ikustea, baina Goretti Eizagirre sopranoak (Zarautz, 1998) bide hori hartu du. Kontzertua emango du bihar, 20:00etan, Santa Klaran.

Bihar kontzertua eskainiko duzu Santa Klaran. Zer moduz doaz azken prestaketak?

Asteartean eduki nuen azken entsegua, eta hori ere azkar samar egin genuen, aurrez egindako lana baita garrantzitsuena. Orain erlaxatzen eta ahotsa zaintzen saiatzen ari naiz, garrasirik atera gabe, atseden hartuta, ur nahikoa edanda... Ahotsak ere behar du zaintza hori. Tontakeriak eginez gero, lesio larriren bat egin daiteke. Dena den, gogoz nago, kontzertua etxean eta etxekoen artean izango delako.

Zer da biharkoan musikazaleek entzungo dutena?

Kontzertua bi zatitan banatu dut. Lehenengoan, kantak abestuko ditut, operak edo zarzuelak baino arinagoak baitira. Italieraz izango dira batzuk, oso melodikoak baitira hizkuntza horretako abestiak. Beste pieza batzuk, nola ez, euskaraz abestuko ditut. Bakoitzetik hiru izango dira.

Bigarrengo zatian, berriz, Mozarten hiru aria eta beste bi zarzuela abestuko ditut. Operak normalean beste hizkuntza batzuetan izaten dira, hala nola alemanieraz, italieraz edo frantsesez. Zarzuelak, aitzitik, Espainiako genero musikala izanik, gaztelaniaz abesten dira. 

Itziar Barredorekin izango zara oholtzan. Nolakoa da berarekin duzun harremana?

Ia azken ikasturte osoa daramat berarekin lanean. Nire kantu irakaslea den Naroa Enekotegiren bitartez ezagutu nuen, eta elkarrekin lan egitea proposatu nionean onartu egin zuen. Egia esateko, lasaitasuna ematen dit Itziarrekin aritzeak. Asko daki, eta nabaritzen da hori berarekin lan egiten duzunean.

Noiz murgildu zinen lirikaren munduan?

8 urte nituela hasi nintzen piano eskolak jasotzen Zarauzko Bilaun akademian, eta bost urte egin nituen han. Bertakoek erretiroa hartutakoan ere jarraitu nuen pianoarekin, eta horrez gain, Jexux Mari Lopetegirekin hasi nintzen gitarra jotzen. Berak kantaarazi egiten zidan, ni ordura arte lotsati samarra bainintzen, eta ez nuen jende aurrean abesten. 

Hori eta gero hasi nintzen lehen aipatu dudan Naroa Enekotegirekin eskolak jasotzen Donostian, eta berak esan zidan ahots egokia nuela ikasketak mundu horretatik bideratzeko. Izan ere, nire hasierako asmoa zen piano ikasketak egitea. Hortxe hasi zen guztia.

Orduan hasi zinen arlo horretan bidea egiten. 

Bai, hori da. Naroarekin hasieratik izan dut konexio berezia, beti sinetsi izan du nigan, eta hori oso garrantzitsua da. Gainera, nik hasieratik garbi eduki dut kantuko ikasketak egitea ezinbestekoa zela niretzat, nahiz eta jende asko ez egon arlo honetako ikasketen hain alde. Azkenean, nik abes dezaket ikasketarik gabe, baina teoria praktikaren osagarria dela iruditzen zait. 

Naroarekin prestatu nituen goi mailako ikasketetara sartzeko probak, eta lehen saiakera Bartzelonako ESMUCen (Escola Superior de Musica de Catalunya) egin nuen. Oso maila handia zegoen, eta ez nuen lortu sartzea. Beraz, Madrilgo Katarina Gurska akademian saiatu nintzen, eta han hartu egin ninduten. Hirugarren zentro batean ere probak egiteko asmoa nuen, baina, azkenean, Madrilen geratzea erabaki nuen.

Ezagutza asko bildu duzu. Ba al duzu konposatzaile gustukorik?

Asko gustatzen zaizkit, baina egun Mozart da erosoen sentiarazten nauenetako bat. Izan ere, Mozartek oso ondo idazten zuen abeslarientzat, ahots teknika oso ondo ulertzen baitzuen. Horren harira esan nahiko nuke gaur egungo konpositoreak ere oso onak direla eta ahots teknika oso kontuan hartzen dutela. Alejandro Espinosa aipatu nahiko nuke, berak sortutako Ave Maria bati ahotsa jartzeko ohorea izan bainuen. Esperientzia zoragarria izan zen. 

Ikasketak aurreko urtean amaitu zenituen. Nolakoa izan da azken urtea?

Madrilen lau urte igaro eta gero, Zarautzera itzuli nintzen iaz, eta nire bidetxoa egiten nabil harrezkeroztik. Beste edozein arlotan bezala, honetan ere bidea egitea ez da erraza, baina iruditzen zait, lana eginda, fruituak iristen direla pixkanaka-pixkanaka. Kiroltasunarekin hartu behar da kontua, eta jabetu aukera bat ez bada ondo irteten, beste bat iritsiko dela. Gure arloan audizioak egon ohi dira, eta aktoreen munduan bezala, pertsonaia konkretu bat eta baldintza batzuk zehazten dituzte. Dena den, nik momentuz ez dakit asko, eta ezin dut gehiegi hitz egin.

Dena ez da audizioetara mugatuko, ezta? 

Ez, ez. Bestelako lanak ere hor daude. Atzeko lan asko dago, adibidez, eta audizioetara prestatuta bazoaz, aurretik lan asko egin duzulako da. Egia esateko, niri hori gustatzen zait gehien. Irakasle ere aritzen naiz, eta arlo hori ere oso polita da. Izan ere, nik badakit zer den beraien lekuan egotea, eta horregatik saiatzen naiz beraiek ahalik eta ondoen prestatzen hainbat probatarako. Gogoa eta pasioa jartzen badiozu, ikaslea ederki gogoratuko da zurekin. Niri, adibidez, horixe gertatu zitzaidan analisi musikala eta armoniako frogak prestatzen lagundu zidan Francisco Jose Rios irakaslearekin. 

Mundu zabal horretan, non ikusten duzu zure burua?

Nire momentuko ametsik handiena opera batean sartzea da. Nire aldetik dena emango dut, eta bizitzak erabakitzen badu nik bide hori hartu behar dudala, gustura sentituko naiz. Amets hori bete ezean, musikako beste arlo batetik bizi nahiko nuke, horrekin ziur nago.

Operak abesteaz harago doaz. Interpretazioa ere lantzen al duzu?

Bai, ezinbestekoa iruditzen zait, eta horretan nabil. Donostiko Binahi akademiara joaten naiz, eta Madrilen ibili nintzenean ere landu nuen interpretazioa. Oso lotsatia naiz, eta asko kostatu zait bide hori irekitzea, baina horretan asko lagundu dit Jorge Torres aktore eta Madrilen nire irakasle izan zenak. Berak esan zidan bere burua nigan islatuta ikusi zuela, eta horregatik lortu zuen nik lotsaren oskol hori apurtzea. 

Lirika ez da lehen kolpean gazteekin lotzen den arlo bat. Zer iritzi duzu horren inguruan? 

Mundu honetan murgildu aurretik, nik ere gauza berbera pentsatzen nuen, baina gero konturatu naiz ez dela inondik inora horrela gertatzen. Euskalduna jauregira joatea nahikoa da horretaz jabetzeko, benetan diot. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide