Zarauztarren doinuak

Arantxa Aldalurren doinuak

Jabi Gonzalez Toston 2024ko abu. 14a, 09:00

Arantxa Aldalur, Azkoitiko eliz atarian. (Ane Olaizola)

Zarauzko Hitzak herriko hainbat bizilagunen bosna kanta jasoko ditu asteazkenero, udako oporraldian, herritarren doinuak atala berritzeko. Hona hemen Arantxa Aldalur Zarauzko Udaleko Hezkuntza Saileko arduradunak egindako aukeraketa.

  • Behin batian Loiolan (Egan)

Azkoitiko festetan, Andramaixetan, nerabezaroko gure lehen dantza agarrauak abesti honen pean joan ziren, irudimenean soineko zuriz janzten ginelarik. Inozentzia hartan uste genuen Eganen kantak ingelesera itzultzen zituztela. Orain Xabier Zarautzen ikusi eta agurtzen dut. Haren fana naizela jakinarazteko aprobetxatu nahi dut.

  • Mujer contra mujer (Mecano)

Mecanok nire gaztaroan leku handia izan du. Haren kanta guztiak gustuko nituen eta ditut, baina aurreraxeago zentzu handiagoa hartu du abesti honek. Izan ere, bi lagunen ezkontzan Maiteri eta bioi tartako bi panpinak oparitu zizkiguten abestiak ziharduen bitartean eta une horrek sortutako zirrarak bideratu zuen geure ezkontza.

  • Si la vie est cadeau (Corinne Hermes)

Frantsesa beti izan dut gogoko musika eta poesiarentzat. Abesti honek Eurovision lehiaketa irabazi zuen 1983an eta azken edizioan gonbidatu gisa aritu zen Corinne. Urteak joan badira ere, ahotsaren indarrak bere horretan dirau. Jaikitzea kostatzen zitzaidanean, beti izan bainaiz oso lotia, etxekoek modu ozenenean jartzen zidaten kanta eta ohetik jauzi egiten nuen.

  • Dancing Queen (ABBA)

Hamarkada guztietan, eta dagoeneko sei daramatzat, lagundu dit abesti honek. Behin eta berriro entzutetik, eta pare bat musikalditan izatetik Zarauzko Udalak antolatzen duen konpartsan parte hartzera pasatu naiz. Benetan magikoa izan zen haiek bezala jantzita, soinu horren baitan, herritarren bibrazioa gainerakoei helaraztea.

Volare (Domenico Modugno)

Italiera bizia, bizkorra, alaia, musikaz jantzia eta sentikorra iruditzen zait. Betiko abestitzat daukat Volare baina hasieran hitzak asmatu egiten nizkion hizkuntza ulertzen ez nuelako.
Halere, beti transmititu dit irribarra, bizipoza, hegan egiteko gogoa eta neure kanta sentitu dut.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide