Maiatza hasieran, hondartzan eseri eta eguzkia itsasotik irteten ikus daiteke. Adituek jakingo dute zer izen duen fenomeno horrek, niri esperientzia hori bizitze hutsak balio dit. Nire osabak bere 1998ko Ford Fiestan jasotzen gintuen goizean goiz ahizpa eta biok, egunsentia ikustera joateko. Diru zorro baten faltan, bere autoa txanponez beteta egoten zen beti, eta paga emateko modu ez oso konbentzionalean, autoa "husteko" eskatzen zigun. 50 euro atera ohi genituen bi eta bost zentimoko txanponak bilduz. Malkorbera iristean, petrilean eseri eta zorte apur batekin, borobil laranja txiki bat zeruertzetik nola ateratzen zen ikustea lortzen genuen. Egunsentia ikusteko planak bere alde onak eta txarrak zituen. Izan ere, goizeko seietan esnatze hutsak, egun osoa aurretik izatea esan nahi zuen. Eta betebeharrik ezean, erabateko askatasuna zeneukan eguna antolatzerako garaian.
Eguzkia berotzen hasten zenean, amonaren etxetik kixkilleroak hartu eta hondartzara jaisten ginen, hamalaugarren toldo zuri-urdinera. Orain dela pare bat egun Zarauzko hondartza "2024. urteko hoberena" izendatu dutela irakurri nuen. Bere garaian "Playa de moda" bezala definitzen zuen kartel vintage hura gogora ekarri zidan albisteak, "la más espaciosa del cantábrico" zioena, hain zuzen. Nik, ordea, nire haurtzaroko udak Narros jauregiaren parean igarotzen nituen, eta toldoa han zuen edonork jakingo du, mareak gora egin bezain laster, espazioa mugatu samar geratzen zela.
Udako egun horiek nostalgia apur batekin gogoratzen ditut. Aurrekoan lagun batek komentatu zidan azken uda orain dela zazpi urte izan zuela, geroztik, lanagatik, egunsentian baino, ilunabarrean hasten dela orain bere eguna.
Hamalau urte igaro dira Narros pareko toldora azken aldiz jaitsi ginenetik. Eta ironikoa dirudi, hamalau urteren ondoren, nire familiak hamalaugarren toldo zuri-urdina berriro alokatzea erabaki izana. Zenbait aldaketa izan dira bidean; orain ez ditugu kixkilleroak amonaren etxetik hartzen, ez gara toldoen azpitik kuxkuxeatzen ibiltzen, edo ez ditugu txorizo koipean bustitako ogitartekoak bazkaritan jaten. Nire familiak tradizioak ditu gustuko, eta toldora joatearen ohitura ez duela galdu nahi dio amak. Nik uste dut batzuetan hondartzara jaisteko aitzaki bat behar duela.
Ahizpa 07:30ean iritsi zen etxera aurrekoan, San Pelaio eguna "luzatu" egin zitzaion eta. Giltzak txosnetan galdu eta txirrina jo behar izan zuen, eskerrak aita esna zegoela. Espero bezala, ez zen falta izan nire gurasoen parranda-osteko-galdeketa. "Aspaldi bukatu da festa, baina egunsentia ikustera geratu naiz", esan zuen bere burua justifikatu nahian. Urteak pasa ahala, eguzkia tabernatik ateratzean ikustera igaro gara. Baina nire osabak argazkilaritzarako grina du telefono mugikorra erosi zuenetik, eta orain, goizero bidaltzen digu egunsentiaren argazki bat familiaren Whatsappeko taldera. Betiko ohiturak gal ez ditzagun.