Gutuna

"Nire herrian, Zarautzen, eguneko medikuak nahiz guardiakoak falta dira"

Enrique Acuña Arranz 2024ko uzt. 20a, 13:00

Zarauzko anbulatorioa (Guka)

Osasun zerbitzuetako arazoak ditu hizpide Enrique Acuña Arranz zarautzarrak Zarautz Gukara helarazi duen gutunean. Idatzia Osakidetzako zuzendari orokorra den Rosa Perezi dago zuzendua.

Rosa Perez Esquerdo,
Osakidetzako zuzendari orokorrari

Euskal osasun sistemak behar zuen erreforma izan zen 2024ko apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainako gai nagusia. Espero dut EAJ eta PSE-EEk osatu duten gobernu koalizioa berriak hitz emandakoa betetzea eta berritu dezaten behar den guztia, bestela azalpenak eman beharko dituzte hautesleen aurrean. Izan ere, oso erraza da aldaketak egingo direla promes egite botoak irabazteko, jakinda osasuna herritar guztioi eragiten digun arazoa dela eta jendeak konfiantza osoz bozkatu zuela egoera larria lehenbailehen konpontzeko.

Kezkagarria da ikustea nola alderdi politiko batzuek saiatu diren kapitalizatzen herriaren atsekabea haien promesa ez oso errealistekin eta muturreko diskurtsoekin. Ikuspegi horiek benetako beharren arreta desbideratzeaz gain, desadostasunak sustatzen dituzte soluzio praktikorik eman gabe.

Osakidetzak berriak ez diren erronkei egin behar die aurre, baina hori urte luzeetako planifikazio desegokiaren emaitza da eta medikuak nahiz erizainak gehitzeko aurreikuspen faltaren ondorioa. Egoera honek mediku lantaldearen defizita ekarri du, eta areagotzen ari da egun daude profesionalak zahartzen ari direlako.

Hara nondik datorren Euskadiko anbulatorio eta ospitale gehienetako mediku falten arrazoia. Azken finean, kate bat da, non urteak pasatuko diren politikoek gaizki egindakoa zuzentzeko, eta beldur naiz berriek ere ezingo dutela ezer konpondu, nahiz eta asko esan eta agindu, ez badute kapitalik inbertitzen horretarako. Herritar maiteok, azkenean, diru kontuak baino ez dira: medizinako profesionalek egiten duten lana ordainezina da, baina ez dute aberastasunik sorrarazten zuzenean; bai, ordea, zeharka, haien ezagutza herritarren zerbitzura jarriz eta bizi-kalitate ona emanez, batez ere adineko pertsona guztioi. Horretarako, baina, inbertsio indartsuak behar dira haien ogibideekin bat datozenak, baita gaixotasunen ikerketan eta gailu teknologiko modernoetan ere.

Gaur egun, osasun zerbitzuko lantaldea 40.341 profesionalek osatzen dute. Horietatik 7.668 medikuak dira eta 13.987 erizainak. Hala ere, ongi informatutako iturrien bitartez jakin ahal izan dudanez, ez dago medikurik eskura. Horrek argi erakusten du aurrez adierazitakoa, agintarien kudeaketa eskasa izan dela, alegia.

Gazte profesionalek lehen arretan edo familiako mediku gisa lan egin nahi ez izatearen atzean dauden arrazoiak Osakidetzako arduradunek argi azaldu beharko lituzkete, jakin badakizkitelako: soldatek eta planifikazio erakargarri batek gazteek lehen arretaren aldeko hautua egitea ekarri beharko luke.

Hori esanda, gogorarazi nahi dut nire herrian, Zarautzen, eguneko medikuak nahiz guardiakoak falta direla. 50.000 biztanleko eremua hartzen duen Etengabeko Arretako Gunean lau mediku soilik ari dira arreta ematen, eta hiru edo bi, bajaren bat egonez gero. Egoera horrek eragiten du, gainera, medikurik ez egotea egun askotan. Lotsagarria. Gainera, aurreikusi daiteke zer gertatuko den udan, biztanleria hirukoitzen denean.

Beraz, berorrek ikusiko du nola azalduko dion herritarrei arazoaren larritasuna eta konponbidea; zeren, handia da eskuetan eztanda egiteko arriskua, inoiz norbait hil ala bizi anbulatoriora iristen bada.

Badakit martxotik ekaina erdialdera arte 30 eguneko aurrerapenarekin aritu zirela odola emateko txanda ematen, eta dagoeneko konpondu dutela hori. Eskertzen dut ahalegina. Era berean, espero dut osasun zerbitzuetako gainerako arazoak konpondu daitezela denon onerako, zentzu guztietan.

Mediku bikainak ditugu eta kalitate handiko osasun arloko profesionalak. Lagundu ditzagun eta argi utzi diezaiogun promesa faltsuak egiten dituzten politikariei ez direla ari maila ematen egoerak eskatzen duen erantzunaren aurrean.

Herritar guztion osasun eskubideak defendatzeko ikuskatzaile izaten jarraitzeko konpromisoarekin berorren esanetara geratzen naiz.

Adeitasunez,

Enrique Acuña Arranz

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide