Behatxuloa

GUKAstekaren bizigaia

Aritz Mutiozabal 2024ko eka. 24a, 13:15

GUKAko langile Leire Martija, Aritz Mutiozabal eta Amaia Izagirre. (Kris Fernandez)

Zarautz Gukako erredaktoreburu Aritz Mutiozabalek GUKAstekaren lehen zenbakiko Behatxuloa atalerako idatzitako iritzi artikulua da honakoa. Bere kazetari ibilbidea eta Zarauzko astekari digital berria izan ditu hizpide, besteak beste.

Unibertsitateko ikasketetan, gure garaian behintzat, ez zegoen irakasgairik tokiko hedabideen funtzionamendua, garrantzia eta erreferentzialtasuna jorratzen zuenik. Ez trinkorik, ezta hautazkorik ere. Tokiko hedabideak –etxeko aldizkariak, azken finean– esperientzia hartzeko lehen plaza ziren ikasleontzat, kazetari zinela sinisten hasteko erakusleihoak. Zarautzen Txaparro sortu zuten 2001ean, euskara hutsezko herriko lehen aldizkaria, eta nire lehen artikuluak eta elkarrizketak bertan argitaratu ziren.

Gazteak anbizioa du eta gora egiten du tiro: Euskaldunon Egunkaria, Euskadi Irratia, Gara, Euskal Telebista, Argia, Euskadi Gaztea... Aldez edo moldez, horietako batean egin nahi genituen praktikak, eta dena eman, kazetari senari bide emanez, egindako guztiak Rikardo Arregi sarietarako balioko balu bezala. Nazioarteko gaiez arduratuko naiz, kirol esatari izan naiz dut, politikan aditu den kazetaria ni, kulturako erredaktoreburu izatera iritsiko naiz... Gutxi batzuk lortu zuten, bai. Beste batzuk, berriz, haien artikuluak irakurtzera edo erreportajeak ikus-entzutera pasatu ginen, nekrologiketako eskela bizidun gisa: Gaur kazetari bat hil da, 25 urte zituela.

Amore ematera nindoala, sekula ahaztuko ez dudan dei bat jaso nuen. Metafora martziano bat egitearren: Rocky odolez blai dago ring gainean, eta bere koinatua toalla botatzera doa, baina une horretan kanpaiak jotzen du. Mugikorreko tonuak salbatu ninduen, eta batik bat deiak zekarren proposamenak: Urola Kostako Hitza-k lan eskaintza egin zidan. Eskualdeko euskarazko egunkaria bi urte lehenago sortu zuten, eta jada erreferente zen herriz herri. Urduritasunak urduritasun, ez zitzaidan zaila egin lankideen martxara egokitzea.

Harrezkero, hemezortzi urte pasatu dira, eta etxe honetan ia denetik egin dudala esango nuke: erredaktore lanak, zierrea, maketatu, zuzendu, bideoak grabatu eta editatu, Sasoian aldizkariaz arduratu, Zarauzko Hitza atari digitala sortzen lagundu... Modu kooperatiboan lan egiteak dakarren konfiantza, aniztasuna eta baliabide aukera zabala zer diren ikasi dut.  

Baina gauza guztien gainetik, herriari eta herritarrei zor diegun errespetua nabarmenduko nuke oinarri nagusitzat, eta begirune horretatik abiatuta, ahalik eta txukunen eta zabalen informatzeko egiten dugun ahalegina. Zarauzko komunikazio bide erreferentea izateko bidean, garai berrietara egokitzen jakin dugu: ikus-entzunezkoen arloan, sare sozialen esparruan, marketin estrategian.... Ez hori bakarrik; Guka izenaren baitan barnebildu gara Urola Kostako tokiko hedabideok, elkarrekin eta indarrak batuta, lantalde dinamiko bezain kualifikatua osatuz. Edozein erronkari aurre egiteko prest!

Gukak etorkizunera begiratzen du, oso urrutira begira jarrita baitauka xedea. Gaztetan neukan anbizioaren har nekaezina suspertu dit horrek, eta are gehigora joan da GUKAsteka izenpean aukezten dizuegun aldizkari digital hau martxan jartzen ari garen uneotan. Zarautzek bere astekaria izango du berriro ere, eta egungo garaietara egokitutako produktua izango da; honakoa, aurkezpekoa, lehen zenbakia da, eta uztailean ekingo diogu asteroko maitasunez kaleratzeari.

GUKAstekaren arrakasta gure eta irakurle fidel zaitugun horren eskuetan dago. Hasieratik hor egon gara, elkarrekin hazten joan gara. Izenez, markaz eta logoz aldatu izan dugu, hainbat euskarritan nahiz plataformatan kontsumitu gaituzue. Orain, "Guka gara!", eta aurrerantzean, zuen eskuko telefonoetara, ordenagailuetara eta tabletetara heldu nahi dugu, asteka-asteka. Herrigintzaren eta euskalgintzaren izarren hautsa delako tokiko hedabide batentzako erregai nagusia, GUKAstekaren bizigaia.

Honako iritzi artikulua GUKAsteka Zarauzko astekari digitaleko lehen zenbakian argitaratutakoa da. GUKAsteka astean behin bidaliko zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal izango ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide