Antonio Benito eta Hanne de Vet garaile Zarauzko 37. Triatloian

Andrea Zipitria eta Onintza Lete Arrieta 2024ko eka. 8a, 18:30

Hanne De Vet, Stephanie Clutterbuck eta Helene Alberdi, podiuma osatu duten hiru emakumeak. (Andrea Zipitria)

Kirola izan da protagonista gaur Zarautzen. Urtero lez,  herria bete du proba esanguratsuak, eta euria egin arren, zaleek gogotik animatu dituzte kirolariak hainbat puntutan; hilerrira biderako aldapan, esaterako. Helene Alberdi Zumaiako bizilaguna eta Julen Lopetegi azpeitiarra izan dira eskualdeko bizkorrenak.

Euripean jokatu da Zarauzko Triatloiaren 37. edizioa gaur arratsaldean, eta beste behin, ikuskizuna eta kiroltasuna izan dira nagusi. Irabazleak, berriz, jaun eta jabe izan dira, Hanne De Vet hasiera-hasieratik, eta Antonio Benito, korrikako proban. Benitok 3:49:32 denboran osatu du triatloia, eta De Vetek, berriz, 4:10:11 denboran (behin-behineko denbora guztiak hemen daude ikusgai).

14:00etan hasi da triatloia, Getariako Malkorbe hondartzatik, igeriko probarekin. Emakumezkoak irten dira aurrena Zarautzerantz igerian, eta 14:10etan abiatu dira gizonezkoak. 2,9 kilometro egin dituzte igeri Zarauzko hondartzaraino. Itsaso zakarra egokitu dela jakinarazi dute antolatzaileek, eta triatletak urertzera iristerako euri langarra hasi bada ere, jende andana gerturatu da Itsas Pasealekura nahiz hondarretara proba jarraitzera.

Bai emakumezkoetan, bai gizonezkoetan, ia parean iritsi dira aurreneko bi igerilariak. Helene Alberdi eta Ainhoa Murua, esaterako, hirugarren eta laugarren atera dira uretatik, baina aurreneko biengandik distantzia esanguratsura.

Jarraian, 81 kilometroko ibilbidea egin dute bizikletaz triatletek. Ohi bezala, Meaga igo dute hainbat aldiz, eta korrika 21 kilometro egin dituzte, azkenik. Lege Zaharren Enparantzan helmugaratu dira, herrian hainbat itzuli eginda. Gizonezkoetan Carlos Oliver joan da buruan hainbat kilometroz korrikako saioan, bizikeltan nagusi izan ondoren, baina Antonio Benitok atzetik aurrera egin du korrika, eta Oliver harrapatu eta aurrean jarri zaio lan erdiak egindakoan.

Kiroltasunez, bostekoa eman diote elkarri, eta lehia estua eduki dute, baina probak aurrera egin ahala, Benitok tartea handitu dio. Benitok 2022an ere irabazi zuen Zarauzko Triatloia. Bere denbora aise hobetu du, orduan 3:56:44 denbora egin baitzuen. Oliver minutu eta 56 segundora helmugaratu da, eta hirugarrena Fernando Zorrilla izan da, bost minutu eta 46 segundora.

Emakumezkoetan hasieratik joan da aurrena Hanne De Vet belgarra: uretatik bera atera da aurrena, eta bizikletan ere azkarrena izan da. Hilerrira iristeko aldapan, esaterako, hirugarren igaro da De Vent, aurreneko bi gizonezkoen atzetik. Tarte horretan sekulako giroa egon da gaur ere, euria goian behean egin duen arren. Jendetza elkartu da aldapa osoan zehar, eta txirrindulariek ez dute animorik falta izan. Korrika ere De Vet nagusi izan da, Stephanie Clutterbucki tarte polita aterata. Bigarren helmugaratu da hori. Helene Alberdi zumaiarrak egin du hirugarren –iaz bigarren egin zuen eta behin irabazitakoa da proba–, eta aspaldiko partez gaur lehiatu den Ainhoa Murua zarauztarra kirolari olinpikoak, bosgarren –lau bider irabazita dauka Zarauzko Triatloia–. Gizonezkoetan, Julen Lopetegi azpeitiarraren lana ere azpimarratu behar da, gaur atera baita aurreneko aldiz proba horretan Lopetegi, eta bosgarren egin baitu. Korrikako proban, hainbat kilometrotan laugarren joan da, baina Zorrillak aurre hartu dio azkenean.

Erorikoak

Euriak lanak zaildu dizkie triatletei bizikletako proban, eta hainbat eroriko izan dira ibilbidean zehar. Gurutze Gorriak Gukari azaldu dionez, gutxienez bi partaide eraman dituzte Donostia Ospitalera, bat ukondoa apurtuta, eta bestea, buruan kolpea hartuta. 17:00etako datuak dira horiek.

Ainhoa Murua bera ere erori egin da bizikletako saioan; zorionez, proba amaitzea eduki du, eta bosgarren eginda, gainera.

Kirolariak ez ezik, probako motoetako batek ere erorikoa izan duela adierazi dute lekuko batzuek, baina dirudienez, ez dute minik hartu bertan zihoazenek.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide