Maila handiko lehia irekia espero dute Zarauzko Triatloian

Aritz Mutiozabal 2024ko eka. 6a, 10:30

Zarauzko Triatloiaren aurkezpen agerraldia, Torreoian. (Zarauzko Udala)

Larunbatean jokatuko dute 37. aldiz kirol proba baino gehiago den hitzordu garrantzitsua. Aurtengoan, inoizko babesle gehien izango ditu Zarauzko Triatloiak.

Zarauztarrek ongi azpimarratuta daukate datorren larunbata egutegian, benetan berezia den kirol proba bat jokatuko delako. 37. Zarauzko Triatloia izango da aurtengoa, eta urtetik urtera mailaz igotzen ari da. Kirol arloan, esaterako, puntuagarria izango da PTO (Professional Triathletes Organisation) zirkuiturako, eta arlo ekonomikoan, inoizko babesletza handiena izango du aurten probak. Halaxe azaldu zuen Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziak, eta argi eta garbi aitortu zuenez, "ez da kirol proba bat soilik, festa eguna da".

Zarauzko Triatloi Elkarteko presidente Danel Larrañagak zehaztu zuen Zarauzko Triatloiak "lau zutabe nagusi" dituela: triatleta parte hartzaileak, urtero laguntzeko prest dauden boluntarioak, nekaezina den afizioa eta modu ekonomikoan proba aurrera ateratzea ahalbidetzen duten erakunde publikoak eta enpresa pribatuak. "Proba aurrera eramateko ezinbestekoa da Zarauzko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza. Aurten, gainera, errekorra izan dugu babesle kopuruari dagokionez, eta hori posible izan da aurretik urtez urte eman duten laguntzari esker". Ondorioz, "Zarauzko Triatloiaren osasuna ona" dela nabarmendu du presidenteak.

Maila handiko lehia espero dute aurten ere, eta ohorea izango da goi mailako triatletak herriko kaleetan ikustea. Aurten, gizonezkoetan nazioarteko parte hartzailerik ez dela izango aurreratu du Larrañagak, baina Espainiako eta Euskal Herriko gorengo kirolariak Zarautzen izango dira: Gonzalo Fuentes, Antonio Benito (2022ko irabazlea), Fernando Zorrilla (2024ko Espainiako txapelduna), Aimar Murua eta Ramon Ojeda, esaterako. Emakumezkoetan, berriz,  «aurrerapauso bat eman» nahi izan dute, azken urteetan biren artean jokatzen zutelako txapela. Beraz, aurten, «irekiagoa» izango da norgehiagoka, honako hauen artean: Helene Alberdi, Laura Gomez, Judith Corachan, Stephanie Clutterbuck, Sonia Bracegirdle eta, aspaldiko partez, Ainhoa Murua zarauztar olinpikoa.

Onena emateko prest

Eguraldia faktore garrantzitsua izaten da, gainera, askotan balantza alde batera edo bestera makurtzen duena, eta hori ez dago inoren esku. Urtero bezala, Zarauzko Triatloi Elkartea ziur dago herritar guztiek dena emango dutela beren animoekin, parte hartuko duten 750 triatletek duten onena erakutsi dezaten igerian, bizikletaz eta korrika.

Zumaiako bizilagun Helene Alberdi eta Gonzalo Fuentes donostiarra presente izan ziren aurkezpen ekitaldian. Bi triatletak Zarauzko ibilbideko xehetasunen inguruan aritu ziren solasean, eta bakoitzak bere bizipenetik eta eskarmentutik eman zituen azalpenak. Ezaugarri berezien artean, "itsaso zabalean" egiten dela zehaztu zuen Alberdik, eta itsasoaren egoerak lasterketa baldintza dezakeela. "Ikonikoa da Zarauzko hondartzara iritsi eta box eremura bitartean jendeak sortzen duen pasilloa. Oilo ipurdia jartzeko modukoa da! Nik uste dut hor hasten dela benetan triatloia", gaineratu zuen Zumaiakoak.

Bizikletako ibilbideak lau igoera dituela gogora ekarri zuen Fuentesek, eta "zirkuitu gogorra" dela nabarmendu zuen, nahiz eta zati lauak ere badituen. «Inportantea da igoeren eta ordeken arteko aldaketa horiek kontrolatzea. Hala ere, San Blasko aldapara indarrarekin iritsi behar da", gomendatu zuen donostiarrak. Ongietorri infernura! kartelak distiratuko du beste urte batez Salbidetik hilerrirako tunelaren gainaldea; sufrimenduak sufrimendu, herritarrek eta zaleek animoen eta txaloen bidez ematen duten babesa infernukoa bezain beroa delako.

Alberdik iritzi zion jaitsieretan eta ordekako zatietan dagoela gakoa. Fuentesek gauza bera berretsi zuen, eta indar guztiak ez erretzea ere komeni dela gaineratu zuen, oraindik korrikako proba faltako delako. "Lasterkan, oso erritmo azkarra ez da jarri behar lehen itzulian, eta ondoren saiatu behar duzu erritmo hori kontrolatzean. Jakina, jendearen animoekin errazago egiten da korrika; malekoian eta erdigunean zale asko egoten dira, baina beste toki batzuetan ez horrenbeste. Hirugarren bueltan guztia ematen duzu eta zaleekin gozatzen duzu", zioen donostiarrak.

Azahara Dominguez Gipuzkoako Turismo diputatuak aditzera eman zuenez, hamar herrialdetakoak izango dira larunbatean parte hartuko duten 750 triatletak. "Horrek agerian uzten du zer-nolako garrantzia duela kirol proba honek Zarautzentzat eta Gipuzkoarentzat. Ez dugu ahaztu behar hamar partaidetik zortzi Gipuzkoatik kanpokoak direla, eta gehienak ez direla bakarrik etortzen. Gainera, %46k bi gau baino gehiagorako hartzen dute ostatua. Ikuspegi turistikotik, lehen mailako jarduera bihurtzen du".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide