Argazkizale Elkarteak proposamen zabala eskaini du aurtengo erakusketan

Julene Sorarrain 2024ko mai. 26a, 09:00

Erakusketa uztailaren 7ra arte egongo da ikusgai Torre Luzeako aretoan eta 23 argazkilariren lanak jasoko ditu. 

Argazkizale Elkarteak urteroko talde erakusketa inauguratu du eta dagoeneko ikusgai dira 23 argazkilariren lanak. Mostrak adin ezberdinetako argazkilarien lanak biltzen ditu, baita estilo eta gai anitzeko obrak ere. Gazteen ustekabeko argazkietatik helduenen paisaietaraino, erakusketa biribila da aurtengoa.

Aitor Juaristi Argazkizale Elkarteko lehendakariak azaldu du erakusketa "herriko argazkilariei ikusgarritasuna emateko aukera aparta" dela. Juaristi aurten izendatu dute elkarteko lehendakari eta herrian "talentu asko" dagoela azpimarratu du, baita "epe laburrean bilakaera handia" izan duten artistak ere. "Orain dela bi aste egin genuen urteroko Argazki Rallya eta argazkilaritza kurtsoak ere eskaintzen ditugu, denetarik egiten dugu. Astero gure elkartean biltzen gara gure argazkiak elkarri erakusteko eta bakoitzaren lana eztabaidatzeko", azaldu du Juaristik.

Elkarteko gazteen lanak ere ikusi ahal izan dira, besteak beste, Zorak Arrutiren, Ander Maioren eta Unai Alberdiren argazkiak. Alberdik azpimarratu nahi izan du "asko eskertzen" duela gero eta gazte gehiago Argazkizale Elkartera batzea. Zuri beltzeko bi argazki analogiko erakutsi ditu Alberdik, bere lagun batekin Errege Bardeara egindako bidaia eta kiroldegian abesbatzak eskainitako kontzertua erakusten dituztenak, hain zuzen.

Hauek dira erakusketan parte hartu duten argazkilari guztiak: Jon Atxutegi, Edurne Kaperotxipi, Luis Epelde, Cristina Pedrosa, Arantxa Etxeberria, Aitor Juaristi, Marisa Di Santo, Marimar Castro, Unai Alberdi, Itziar Alberdi, Zorak Arruti, Alberto Zarobe, Rodolfo J. Glass, Isabel Agirretxe, Arbil Iciar, Ander Maio, Joxe Ramon Zabala, Celina Gorostizagoiza, Jokin Izar, Patricia Schaan, Joxe Mari Azkargorta, Edurne Kaperotxipi eta Jon Atxutegi.

Aurreko hilabetean Marisa Di Santo argazkilariak bete zuen Torre Luzeako aretoa bere Gertutasuna laneko argazkiekin. Aurreko erakusketan falta ziren bi argazki erabili ditu oraingoan taldeko mostra osatzeko. 

Urtero, udazkenean, Argazkizale Elkarteko kide batek areto osoa hartzeko aukera du. Aurten Marimar Castrok izango du erakusketa hori egiteko ohorea; orain dela bi urte Unai Alberdik aurkeztu zuen Soledad invernal eta Verano del 22 zatiek osatzen duten erakusketa; eta aurreko urtean, Jon Atxutegik, Baserri ahaztuak lanarekin, Euskal Herriko haran sakonetako baserri abandonatuak jasotzen zituzten 40 argazki erakutsi zituen. 

Esan bezala, erakusketa ikusgai egongo da Torre Luzean uztailaren 7ra arte, egunero, 18:00tik 20:00ra. Informazio gehiagorako Argazkizale Elkartearen webgunera jo daiteke.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide