Gaur irekiko dute Zarauzko XXII. Garagardo Azoka

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 27a, 11:30

Iazko Garagaro Azoka. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Ohi bezala, omenaldi xume batekin inauguratuko du Zarautz Rugby Taldeak, egitasmoaren antolatzaileak, eta aurten klubaren partidetan hirugarren denbora deritzona prestatzeaz antolatzen den lagun taldeari egingo dio aitortza.

Aste Santuko jai egunak bertan dira; bihar izango da Ostegun Santua, eta, ondorioz, Zarauzko Garagardo Azoka ere bai. Gaur bertan zabalduko dute 19:00etan, eta, ohi bezala omenaldi txiki batekin egingo dute. Hain justu, egitasmoa antolatzen duen Zarautz Rugby Taldeari lotutako laguntzaile taldea omenduko dute aurten. Asko jokalariak izandakoak dira eta gaur egun Astin jokatutako partiden ostean egiten duten hirugarren zatia delakoa prestatzeaz arduratzen dira. Norgehiagoka amaituta etxeko eta talde aurkariko jokalariak elkartu eta jan edanean aritzen diren uneari deitzen diote hirugarren denbora edo zatia.

Gaur zabalduko duten azokari lotuta, era berean, aukera zabala izango da aurtengoan ere, Europa guztiko zaporeak dastatu ahal izango dituzte bertaratzen direnek bi preziotan (arrunta eta berezia). Janariari dagokionez, ukondoak eta oilaskoak izango dira protagonistak. Sukaldeak bezalaxe, barra zerbitzuak ere ordutegi jarraitua izango du. Gaur, 19:00etan irekiko dituzte ateak, esan bezala, eta goizaldeko 01:00ak arte egongo dira zabalik. Bihar, etzi, larunbatean eta igandean, berriz, 12:30etik 01:00etara, eta, azken egunean, apirilaren 1ean, alegia, iluntzeko 20:00etan itxiko dute.

Zarauzko Garagardo Azokaren barruan, gainera, hainbat ekintza antolatuko dituzte: etzi mus txapelketa jokatu dute eta larunbatean herri bazkaria egingo dute –pertsonako 22 euro balio du menuak eta honakoa dakar: bi garagardo berezi, paella, ukondoa, saltxitxak, eta postrerako Strudle sagar tarta eta Bina Binako izozkia–. Horrez gain, lau musika taldek kontzertuak eskainiko dituzte bihartik igandera bitartean gauero: bihar Fan&Go, etzi Slow Times Blues Band, larunbatean Andoni Oilokiegi eta igandean Bada Giro.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide