Gutuna

Emantzipatzeko ezintasuna Urola Kostan

Gazte Koordinadora Sozialista 2024ko mar. 26a, 10:30

Urola Kostako GKSko kideak Zarauzko Amalur parkean, atzean Salberdingo urbanizazio berriko etxebizitzak dituztela. (Urola Kostako GKS)

Urola Kostako Gazte Koordinadora Sozialistak kanpaina jarri zuen martxan joan den otsailean gazteek eskualdean emantzipatzeko duten arazoa salatzeko, eta, orain, gutuna plazaratzea erabaki du gaiari buruzko hausnarketa eragiteko.

Gazteok, gure bizitzaren momentu honetan, gurasoen etxetik irteteko eta emantzipatzeko ideia eta nahia dauzkagu. Gure bizi-proiektuak martxan jartzeko, etxebizitza baten beharraz eta hau lortzeko arazoez konturatzen hasten gara. Hor agertzen da eskualdeko gazte langileon kezka, emantzipatu ahal izateko ezintasun ugari agertzen zaizkigu aurrean eta.

Jakina da Urola Kostan fenomeno nabarmena dela emantzipatzeko ezintasuna. Etxebizitzen eta alokairuen prezioak geroz eta altuagoak dira, lan prekario eta gaizki ordainduak ditugu, eta honek ezinezkoa egiten du gure soldatekin alokairu bat ere eskuragarria izatea. Krisi garaiak gero eta baldintza kaskarragoetara garamatza, eta emantzipatzeko geroz eta larriagoa den zailtasuna horren adibidea da.

Baina, gure ustez, badira egoera honetaz aprobetxatzen direnak, eta etxebizitzaren negozioaren bidez gure kontura irabaziak ustiatzen dituztenak. Gazte langileok negozio hauetan parte hartzen duten agente desberdinak seinalatu behar ditugu: putre funtsak, inmobiliariak, espekulatzaileak eta errentadunak. Langileon soldatak eta bizitzak erasotu eta bertatik irabaziak ateratzen dituzte, eta are gehiago egun, krisi garaietan. Gure bizi-baldintzak okertzen dituzte gutxinaka, batzuen eskuetan aberastasun guztia metatzen duten bitartean. Adibide garbienak gure eskualdean: Amenabar bezalako enpresak, edota pisuen espekulaziotik bizi direnak.

Bestalde, gure ustez, instituzioen bidez egoera hau aldatzea ezinezkoa da. Neurri ezberdinak proposatu ahal dira, baina hauek eman ditzaketen eraldaketak oso mugatuak dira, eta funtzio desmobilizatzailea betetzen dute (politika soilik bozka bidez dela eraginkorra sinestaraziz langileoi). Jasaten ditugun arazoak konpontzeko promesa diren neurriekin, ogi-apur batzuk banatzearen truke, politikari profesionalek botoa eskuratzea dute helburu, eta ez benetan arazoen errora joatea. Arazoen erroa gizarte kapitalistaren antolaketa da, kasu honetan, merkatuaren arabera antolatzen den etxebizitzaren esparrua. Jabedun gara egiten dituzten promesa eta ustezko hobekuntzak fikzio hutsa direla.

Otzan eta despolitizatuta gauden garai hauetan, ezinbestekoa da gazte langileon artean politikaz ardura eta konpromisoz jardutea, injustiziak ikusaraztea eta borrokarako grina hedatzea. Guretzat, ezarri zaigun miseriazko bizi ereduaren aurrean sozialismoaren norabidean jardutea dagokigu. Izan ere, etxebizitzak espekulatzaileen eta errentadunen eskuetan jarraitzen duen bitartean gazte langileok ez dugu aterabiderik, etxebizitzarako sarrera diruaren menpekoa den bitartean emantzipatzeko arazoak hor jarraituko baitu. Horregatik, politikari profesionalen promesa faltsuetatik haratago, kalera ateratzeko beharra daukagu, doakoa eta unibertsala izango den etxebizitzaren alde, eta hau posible egingo duen Estatu Sozialistaren norabidean.

Hau da egin behar duguna: gaiaren inguruan hausnartzeko espazioak sortu, kalean gazteon bizi-baldintzen okertzea ikustarazi, propaganda politikoa egitea eta gure eskubideen aldeko defentsan erremintak sortzen joatea, sistema hau irauliko duen kontzientzia sozialista hedatzearen eta borrokarako grina zabaltzearen bidean.

Honenbestez, egingo ditugun mahai-inguruetarako gonbita zabaltzen dugu, arratsaldeko 18:00etan, bai Zaraitzen eta bai Zumaian. Bertan eskualdeko herrietako errealitatearen analisia egingo da: turismoaren eragina, enpresa ezberdinen eskuartzea etxebizitzari dagokionean, etab. Eta noski, martxoaren 30-ean Gasteizen egingo den manifestaziora batzeko deia zabaldu nahi dugu, “Gazte langileok emantzipatzeko eskubidea borrokatu!” lemapean.

Manifestaziorako autobusak antolatuko ditugu eskualdean, Zarautz-Getaria-Zumaia-Gasteiz, eta itzultzeko. Izena emateko kontaktuan jarri zaitezkete kideren batekin edo sare sozialen bidez (@gks_urolakosta).

Besterik gabe, Urola Kostan eta leku guztietan: Gazte langileok emantzipatzeko eskubidea borrokatu dezagun!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide