Gutuna

"Dantzatzen ez badugu ez da gure iraultza!"

Zarauzko Koordinadora Feminista 2024ko mar. 21a, 12:30

Martxoak 8ko manifestazioko irudi bat. (Jabi Gonzalez Toston)

Zarauzko Koordinadora Feministak ondorengo gutuna helarazi du Zarauzko Hitza Gukara, joan den asteburuan "udaltzainek emakume talde baten aurka erabilitako indarkeria eta jarrera" salatuz.

Zarauzko herritarrok:

Idatzi honen bitartez salatu egin nahi dira joan den larunbatean, martxoak 9, Zarauzko udaltzainek emakume talde baten aurka erabilitako indarkeria eta jarrera. Urtero legez, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko, bazkari irekia egin genuen Zarauzko hainbat pertsona feministak Martxoak 8ko biharamunean. Iluntzean, herriko kaleetan zehar dantzan ibili ginen, bozgorailu batekin. Hamarrak aldera “zona” inguruko taberna batera joan ginen eta han geundela udaltzainak etorri ziren.

Guregana iritsi zirenean oraindik ez ziren hamaikak, baina agenteek bozgorailua itzaltzeko eskatu ziguten, norbait kexatu zelako. Haien aginduak bete genituen momentuan bertan. Hala ere, udaltzainek identifikatzeko eskatu ziguten. Horren aurrean, talde gisa identifikatuko ginela esan genien, izan ere, Udalarekin harremanetan dagoen taldea gara; edonola ere, gutako bat identifikatzearekin tematu ziren.

Udaltzainen jarrera ikusita, bakarka?? identifikatzeari uko egin eta alde egitea erabaki genuen. Baina kalean barrena gindoazela, bi udaltzain geure atzetik etorri, horietako bat taldeko kide batzuen parean jarri, eta identifikatzeko eskatu zien. Beste behin ere, ezezkoa eman eta aurrera egiten saiatu ginen.

Momentu horretan, parean geneukan agenteak gutako bat lurrera bota zuen ezustean, oso jarrera oldarkorra erakutsi zuen eta egoera gaiztotu egin zen. Gainera, borra eskuan zuela bortizkeria handiz lurra kolpatzen eta gu mehatxatzen hasi zen, identifikatzeko eskatuz, behin eta berriz.

Orduan beste bi udaltzain etorri ziren; guk azaldu genien beraien lankideak gure laguna lurrera bota zuela eta jarrera hori onartezina zela. Eurek, ordea, esan ziguten ez zutela ezer ikusi eta merezita geneukala ez identifikatzeagatik.

Tentsio handiko uneak izan ziren, eta, azkenean, inor identifikatu gabe alde egitea lortu genuen. Ondoren, beste taberna batera joan ginen, eta ohartu ginen taldeko kide batek sakelako telefonoa galdu zuela. Horra deitzean mugikorra Udaltzainetan zegoela esan zioten.

Igande arratsaldean, sakelakoaren bila joan zenean, agenteak aurreko egunean gertatutakoari buruz galdetzeaz gain, identifikatzeari uko egin ziola aurpegiratu zion, nahiz eta bera momentu hartan han egon ez.

Beste agenteek bulego batera sarrarazi, eta errieta egin zioten, aurreko egunean egindakoa “legearen aurka zegoela” azpimarratuz. Jadanik gure kidearen izen-abizenak eta identifikazio zenbakia isun batean jarrita zeuzkaten, eta bere kontra salaketa ipini zutela esan zioten, “por ruidos”. Horrez gain, mehatxu ere egin zioten, zorte ona izan zuela esanez, ez baitzuten desobedientziagatik salatu.

Bulegoan hamabost minutu agenteak esandakoa entzuten egon ostean, mugikorra itzuli zioten. Aipagarri da ordura arte mugikorra piztuta eduki zutela eta azalpenak gazteleraz eman zizkiotela. Udaltzainek izandako jarrera oldarkorraz txintik ere ez zuten esan: haien iritziz, agenteek jarrera egokia izan zuten, baina guk ez.

Geure ikastetxeetan, kalean zein hedabideetan indarkeriaren aurkako mezuak etengabe errepikatzen ditugun une honetan, lotsagarria eta kezkagarria dela iruditzen zaigu poliziak indarkeria erabiltzeko duen zilegitasuna. Gainera, ez da azken aldiko kasu bakarra izan.

Udalak bestelako ekintza zaratatsuak onartzen ditu, despedidak eta futbol ospakizunak kasu. Alabaina, baina beste eragile sozial baketsu batzuei isunak jartzen dizkigute, eta indarkeria erabiltzen dute gure kontra. Are gehiago, lege berriarekin, udaltzainek, borraz gain, suzko arma eramateko aukera izango dute. Zer gertatuko da orduan? Udalari eskatu nahi diogu gertakari hauen aurrean dagozkion neurriak hartzeko.

Besterik gabe, dantzatzen ez badugu ez da gure iraultza!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide