23. Korrika

Zarauztar oldea Korrikaren olatuan

Aritz Mutiozabal - Jabi Gonzalez Toston - Mireia Galarza Bastida 2024ko mar. 20a, 10:00

Jendetzak egin du bat AEK-k bi urtean behin antolatzen duen euskararen aldeko lasterketan. Herrira sartu eta Getariarako bidea hartu duen arte, egundoko giroa nagusitu da kalez kale gaur goizaldean.

Ordu laurden pasatxoko atzerapenarekin iritsi da gaur goizaldean 23. Korrika Zarautzera, baina itxaronaldia merezi izan du. Herriko txoko guztietan jendetza zegoen zain-zain euskararen aldeko oldearekin bat egin eta urratsak harro arin-arin egiteko. Hogeita hamar eragiletik gora eraman dute eskuz esku lekukoa, eta haien atzetik euskaltzale andana, haur, gazte eta heldu, petoa soinean, tipi-tapa korrika, euskararen aldeko oihuak eginez. Baita Ipar Euskal Herrian azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen ere.

Zarautzek, gainera, aparteko berezitasun bat ere izan du: Korrika egitasmoaren epizentroa izan da, 1396. kilometroan, Zelai azpibidean. Sorginmuñok, Zirikak eta Zarakatunek lekukoa eraman dute kilometro horretan, eta azpibidea igarotzean, zubian aipatu kilometroen zenbakia irudikatu dute puxikekin eta konfeti suziriak bota dituzte, baita xanpain botilak ireki eta astindu ere.

Jarraian, Irribarre On pankarta jartzen zuen Zelai Ondoko biribilgunean, Marije Zumetak hartu zuen lekukoa. Zarauzko AEK-k zarauztarra omendu nahi izan du aurtengo edizioan, euskararen alde eginiko lan eskergagatik. Hala, lasterka hasi orduko, Alprojako kideak aldamenean izan zituen: bi lagun albo banatan izan zituen galtxagorriz jantzita, eta atzean beste bi Aupa maite zaitugu mezua zeraman pankartarekin. Era berean, Ikaslaguneko ikasleen babesa izan zuen kilometroan zehar.

Herriko kaleak zeharkatu ondoren, kostako N-634 errepidea berreskuratu zuen 23. Korrikak, eta moilara iritsi aurretik Hitza Gukak hartu zuen lekukoa, Mireia Galarza Bastida telebistako aurkezle eta kazetarien eskutik. Zarautz atzean utzita, Getariakoen txanda iritsi zen segidan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide