Herritarrak protagonista, udalak aurkeztutako Martxoaren 8ko egitarauan

Mireia Galarza Bastida 2024ko mar. 1a, 10:00

Martxoak 8ko egitarauaren aurkezpena. (Mireia Galarza Bastida)

Askotariko ekintzak prestatu ditu udaleko Parekidetasun sailak Emakume Langileen Nazioarteko Egunerako. Tertuliak, dokumentalak, sentsibilizazio kanpainak eta elkarretaratzeak antolatu dituzte, besteak beste. Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak Koordinadora Feministak antolatutako ekintzetan parte hartzera ere gonbidatu nahi izan ditu herritarrak.

Martxoaren 8a geroz eta gertuago dago, eta hori horrela izanda, Zarauzko Udaleko Parekidetasun sailak atzo egin zuen egun horren bueltan egingo dituzten ekintzen aurkezpena. Gloria Vazquez Berdintasun zinegotzia izan zen lehenengoa hitza hartzen, eta bere esanetan, "gizarteko egoera pixkanaka-pixkanaka aldatzen" ari bada ere, ezinbestekoa da oraindik lanean jarraitzea "indarkeria matxistari aurre egiteko". Horretarako, Vazquezek beharrezkotzat jo zituen erakunde publikoen "lege nahiz aldaketak, baita gizartearen elkarlana ere". 

Testuinguruari buruzko zertzeladak emanda, egitarauaren xehetasunei buruz hitz egin zuen Parekidetasun zinegotziak. Hain zuzen, martxoaren 7an hasi eta hilaren 14ra bitartean, askotariko ekintzak egingo dituzte. Bertan, Zarauzko nahiz inguruko herritako adin desberdinetako jendeak hartuko du parte, eta herriko hainbat puntutan izango dira. Egitarautik nabarmendu daitezkeen ekintzen artean dago Zertan sentitu zara diskriminatuta? sentsibilizazio kanpaina. Larunbat arratsaldean eta igandean Merkatu Plazan kokatuta egongo da lehen solairuan, eta bertan herritarrei hainbat galdera egingo zaizkie, egoera desberdinak deskribatuta. Gizonentzat eta emakumeentzat bolatxo kolore desberdinak egongo dira, galderei baietz edo ezetz erantzun, eta bolak kaxatan sartzeko. Helburua da "herritarrek hausnartzea egunerokotasuneko egoeren aurrean". 

Bestalde, Vazquezek Koordinadora Feministak antolatutako ekintzetan parte hartzera ere gonbidatu nahi izan zituen herritarrak.

Herritarrak, protagonista

Aipatutako ekintzaz gain, Emakumeen Etxeko literatura tertulietan parte hartzen duten kideek ere izango dute protagonismoa egitarauan. Isabel Ayende da tertulien gidaria, eta berak emandako azalpenen arabera, irakurketa taldetik sortu zen guztia. "Taldean mota askotako gaitasunak dituen jendea dago, hala nola, idazteko, marrazteko, abesteko... Horiek guztiek elkartu eta emanaldi bat osatu dute parte hartzaileek". Elena Aierbe da horietako bat, eta berak ere xehetasun gehiago eman zituen: "Karmele Arrizabalagaren azken liburua hartu dugu abiapuntu bezala, eta lan oso polita egin dugula sentitzen dugu, denok batera".

Edurne Iribar Zarauzko Berritzeguneko Hezkidetza aholkulariak, bere aldetik, herriko gaztetxoek egingo dituzten ekintzei buruz jardun zuen: "Ikasturte osoan lantzen dugu parekidetasunaren gaia, baina hurrengo astean zapi moreak jarriko ditugu eskoletan. Herritarrek ere eskuragarri dituzte horiek Emakumeen Etxean", eman zuen aditzera. 

Azkenik, baina ez garrantzia gutxiagorekin, Wikiemakumeok dokumentala botako dute Emakumeen Etxean hilaren 14an, 18:30ean hasita. Durangoko Azokan aurkeztutako dokumentalak hainbat herritan martxan jarritako ekimen bat biltzen du, hala nola Oiartzunen, Iruñan edo Durangon egin dutena. Herri horietako hainbat emakume elkartu dira azken urteotan, eta denen helburua izan da Wikipedian zeuden euren herrietako emakumeen biografiak sortu edo osatzea. Josune Igoa Oiartzungo taldeko kidea da, eta bere esanetan, Oiartzungo pertsonaien "%20a bakarrik" ziren emakumezkoak. "Guk oreka bat lortu dugu gizonezkoen eta emakumezkoen artean, eta lanean jarraitzeko prest gaude", gaineratu zuen. Josi Sierra da dokumentalaren egilea, eta bere esanetan, "izugarrizko lana" ari dira egiten emakume horiek. "Hori guztia bildu egin behar zela pentsatuta murgildu nintzen abentura honetan, eta guztira 25 parte hartzaileren testigantzak jaso ditut", gehitu zuen.

Jarraian, udalak ondutako egitaraua, puntuz puntu:

Egitaraua: 

- Martxoak 7:

  • Jabetze Eskolako talde batek antolatuta, Trenzando historias: un encuentro entre la narrativa, la poesía y la música tertulia literarioa eskainiko dute. 18:30ean hasiko da, Emakumeen Etxean. 

- Martxoak 8:

  • Zarauzko ikastetxeetan, Hezkidetza Foroak antolatuta, elkarretaratzeak egingo dituzte 10:30ean.
  • Hainbat emakume josten egongo dira Emakumeen Etxearen parean, 10:30etan hasita. 
  • Entrevista con mi hija Mari antzezlana Modelon, 20:00etan.

- Martxoak 9: 

  • Merkatu Plazan, Zertan sentitu zara diskriminatua? sentsibilizazio ekitaldia. Larunbatean 16:00etatik 20:00etara, eta igandean 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. 
  • 17:00etan haur eskulanak Merkatu Plazan.
  • 19:00etan Dj Davila Lege Zaharren Enparantzan, entzungailuekin. 

- Martxoak 10:

  • Ipuin kontalaria, 12:00etan, Merkatu Plazan.
  • Haur eskulanak 17:00etan, Merkatu Plazan.
  • Merkatu Plazan, Zertan sentitu zara diskriminatua? sentsibilizazio ekitaldia. Larunbatean 16:00etatik 20:00etara, eta igandean 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. 

- Martxoak 14:

  • Wikiemakumeok dokumentalaren aurkezpena  Emakumeen Etxean, 18:30ean hasita.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide