"Mendekotasuna salbuespen gisa ikusten dugu; ez gara ohartzen denok behar dugula zaintza"

Maite Asensio Lozano - Berria 2023ko azaroaren 29a

Miren Aranguren. (utzitakoa)

Ez dadin bizitza eten liburua plazaratu berri dute Emagineko hiru kideek; horietako bat Zarauzko bizilagun Miren Aranguren da. Egungo zaintza sistemaren funtzionamendua ikuspegi feministatik aztertu dute, eta bestelako ereduan pentsatzen hasteko gakoak eman dituzte. Hona hemen Berria egunkariak eginiko elkarrizketa.

Emagin elkartearen ikerketa eta aholkularitza lerroen parte bat da zaintza. Azken urteetan lan prozesuetan zein gogoeta espazioetan jasotako informazioa eta bizipenak liburu batean bildu dituzte: Ez dadin bizitza eten (Txalaparta). Miren Arangurenek (Arre, Nafarroa, 1981), Ainara Santamariak (Berriatua, Bizkaia, 1988) eta Monika Mendiberrik (Hernani, Gipuzkoa, 1988) osoko zuzenketa bat aurkeztu diote egungo zaintza erregimenari, baina aitortu dute bestelako eredua guztiz zehaztu gabe dagoela: «Denon artean eraiki behar dugu».

Liburuaren hasieran, zaurgarritasunaren inguruko hausnarketa zabal bat egin duzue. Zaintzak ematen al du beste mundu ikuskera bat?

MIREN ARANGUREN: Garrantzitsua zen azaltzea zergatik diogun zaintzak erdigunean jartzeak potentzial politiko handia duela, eta horren errora joatea: nola ulertzen dugun bizitza gizarte moderno honetan. Oso kontzeptu filosofikoa da, baina esaten dugunean zaintzak derrigorrezkoak direla bizitzeko, zalantzan jartzen dugu egun nola antolatzen garen, arrakasta nola ulertzen dugun eta zentroan zer jartzen dugun: langile txanpiñoiaren irudia oso agerian geratzen da. Horrek eramaten gaitu bizitza ulertzeko beste modu batzuetara, nahiz eta oraindik ez ditugun oso gorpuztuta. Azken batean, ekosistema bat osatzen dugu izaki guztiok, eta gure arteko zaintzarik ezean hori dena desorekatu egiten da, eta bizitza asko arriskuan jartzen dira; horrela gaude egun.

AINARA SANTAMARIA: Zaurgarritasuna oso argi ikusten dugu bizitzaren etete bortitzetan: norbait hiltzen zaigunean, harreman luze bat apurtzen denean, aldaketa horiek agerian uzten dute bizitzaren hauskortasuna. Baina gero egunerokoa beste logika batean eraikitzen da, eta justu logika hori interpelatu nahi genuen lehen atalean: zer jarria dugun jarria erdigunean.

MONIKA MENDIBERRI: Zaurgarritasuna gure berezko ezaugarritzat hartzea bada bizitzaren eta harremanen inguruko ulerkera erradikalki diferente bat izatea. Hori jaso dugu ekonomia feministatik, baita mugimendu antikapazitistatik ere, lagundu digulako arazo bilakatzen mendekotasunaren ulerkera: salbuespen gisa ikusten dugu, eta ez gara ohartzen gure gorputzak zaurgarriak direla eta denok behar dugula zaintza, bizitzako aldi batzuetan modu intentsoagoan behar dugun arren. Era berean, egia da zaurgarritasuna ez dela berdin banatzen, eta lotuta dagoela pribilegioekin: bata handitzen da bestea gutxitu ahala.

«Zaurgarritasuna unibertsala da, eta zaintzak, berriz, derrigorrezkoak». Zer esan nahi duzue derrigortze horrekin?

ARANGUREN: Mugimendu feministan zaintzaz hitz egiten hasi ginenean, ez zaintzeko eskubidea aldarrikatzen genuen, deseraikitzeko emakumeok geneukan rola; gerora joan gara zehaztuz ez zaintzeko eskubide hori, norbaitek edukitzekotan, eduki beharko luketela asko zaindu dutenek, baina gutxi zaindu dugunontzat ez dela eskubide bat. Aldiz, jende askok dauzka pribilegioak zaintzaren eremuan: ez dute zaintzen baina zaintza premia ikaragarriak dituzte, alegia, beste batzuek bermatzen dizkiete. Beraz, iruditzen zaigu guztioi dagokigula zaintzea. Derrigortasun horrek eraman gaitzake desorekak parekatzeko tresnetan pentsatzera: mekanismo hertsatzaileak izan daitezke, kuotak...

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide