Astebete baino ez da falta Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunerako eta aurten ere hainbat ekimen egingo dituzte herrian "egiturazkoa den arazoa" salatzeko eta errotik kentzeko ahaleginean aurrera urratsak egiten jarraitzeko. Zentzu horretan, kezkatuta agertu da Zarauzko Udala, iaz herrian identifikatutako indarkeria matxista kasuek behera egin beharrean gora egin zutelako nabarmen: 40 kasu atzeman zituzten 2021ean eta 62 izan ziren 2022an. Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak azpimarratu du, gainera, "benetakoa kopurua hori baino handiagoa" dela; izan ere, emandako datua gizarte zerbitzuetara edo ertzaintzara jo duten emakumeei dagokio.
Azaroaren 25aren harira herrian egingo dituzten ekintzei erreparatuta, udaleko Parekidetasun sailak aurreratu du atxikimendua adieraziko diela egunerako deituko dituzten mobilizazioei, baina ez du ezer berezirik antolatuko. Dena den, hilabete osoan egin ditu gaiari buruz hausnartzeko ekitaldiak, nahiz eta ekitaldi nagusia datorren ostegunerako utzi duen: indarkeria matxistari buruzko jardunaldia, alegia.
Udalak zortzigarrenez antolatu du aipatu ekimena, eta, adineko emakumeenganako indarkeria izango du ardatz aurtengoan. Modelo aretoan izango dute hitzordua 09:00etatik 13:30era eta bertaratzera animatu dituzte herritarrak. Bereziki, adinekoak. Hala eta guztiz, argitu dute orokorra dela deia, herritar guztiei zuzendutakoa. Zentzu horretan, oraindik izen ematea irekita dagoela gogoratu dute eta interesdunek inskripzioa egin dezaketela 943-00 51 17 telefonora deituta, berdintasuna@zarautz.eus helbidera mezua bidalita edota Emakumeen Etxeko web atarian aurkituko duten formularioa beteta.
Adineko emakumeak protagonista
Vazquezek zehaztu duenez, aurten adineko emakumeek pairatzen duten indarkeriaren gainean fokua jarri izanaren arrazoia da "oso gutxi aztertu" dela gai horren inguruan eta askok "bizitza osoan" jasan behar izan dutela gizonen indarkeria "normala zelakoan". Horregatik, zinegotziak dio galdera batekin izendatu nahi izan dituztela jardunaldiak: Irtenbiderik ba al dago?, da galdera hori, hain zuzen ere.
Esan bezala, hausnarketa bultzatzea da jardunaldiaren helburua, eta, horretarako, hainbat adituren laguntza izango dute: Monica Ramos UNATEko koordinatzaile teknikoak Adineko emakumeen aurkako genero-indarkeria: isildutako errealitate bat hitzaldia eskainiko du, Pepa Bojo psikologo feminista esku hartzeko gakoez eta Emakumeen Etxeen zereginaz arituko da eta Anna Freixas Psikologian doktoreak ongi zahartzeko zailtasunez hitz egingo du. Haiekin batera, Beatriz Egizabal aktoreak ere hartuko du parte jardunaldian. Zehazki, Clown saioa eskainiko du haren aurretik aritu diren hiru adituek esandakotik ondorioak ateratzeko modu arinagoan.
Irtenbiderik ba al dago? jardunaldiaz gain, Amonak ihesean kale antzerkia ere antolatu du Parekidetasun sailak. Zehaztu dutenez, Esti Curiel eta Lorena Arangoa aktoreak izango dira protagonistak eta inprobisatzen arituko dira; izan ere, alde zaharretik dabiltzan herritarrak interpelatuko dituzte.
Halaber, Indarkeria Matxisataren Aurkako Egunaren bezperan, erakunde irakurketa egingo du udalak Prekidetasun zinegotziak jakinarazi duenez, eta, ZtandaP binakako bakarrizketa saioa ere eskainiko dute Modelon. Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai izango dira oholtza gainean eta umore klabean arituko dira "betaurreko moreak jantzita", betiere.
Ikastetxeetan ere egingo dute lanketa
Azaroaren 24a, era berean, hezkidetza foroak antolatu ohi duen elkarretaratzea egingo dute herriko ikastetxe guztietako ikasleek Lege Zaharren Enparantzan. Zehaztu dutenez, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako, DBHko, Batxilergoko eta Formakuntza Zikloetako 730 ikaslek hartuko dute parte protestan udaleko ordezkariekin batera.
Hezkidetza foro hori gidatzen duen Berritzeguneko aholkularia den Edurne Iribarrek, bere aldetik, azaldu du 11:30ean emango diote hasiera ekintzari: "Elkarretaratzearen aurretik, Lege Zaharren Enparantzan bertan eta Musika Plazan puntu moreak jarriko dituzte ikasleek eskuz idatzitako mezuekin, ondoren, udaleko ordezkariek harrera egingo diete eta indarkeria matxistaren aurkako adierazpena irakurriko dute. Partekatua izango da ikasleek egingo duten irakurketa hori eta bertso saio eta txalo zaparrada banarekin amaituko dugu saioa".