Nerea Loiola: "Beharrezkoa iruditu zait gaztetxoentzat taldea martxan jartzea"

Aritz Mutiozabal 2023ko ira. 8a, 10:30

Nerea Loiola idazlea. (Aritz Mutiozabal)

Sanz Eneako Irakurle Taldeko ikasturte berriari ekingo Nerea Loiolak (Deba, Gipuzkoa, 1985) hil bukaeran. Era berean, Tximili Kuarteka gaztetxoei zuzendutako irakurle taldea sortu dute.

Aurtengoa bigarren ikasturtea izango duzu Sanz Eneako Irakurle Taldeko dinamizatzaile gisa. Nola suertatu zitzaizun aukera? Eta nola helduko diozu ikasturte berriari?

Urtarrilean hasi nintzen helduen dinamizatzaile gisa; Gorka Arrese 2022a bukatu arte aritu zen, eta haren tokia hartu nuen. Normalean, ikasturteka funtzionatzen dugu, baina udaleko aurrekontua urtekoa izaten da, eta Arresek abenduan bukatu zuen eta ni urtarrilean hasi nintzen. Niretzako sekulako gozokia izan da aukera hau. Izan ere, iazko ikasturtean eszedentzia hartu nuen idazketatik bizitzen saiatzeko; batetik, gozokia da, ordaindutako lana delako, eta bestetik, balio dit irakurtzeko, irakurleekin harremanetan egoteko eta ikasteko. Azken finean, asko ikasten dut taldekideekin; ni ez naiz ezer irakastera joaten, baizik eta bultzada eman eta gai batzuk mahai gainean jartzen ditut.

Irakurgaiak zehaztuta zeuden ala zuk zeuk aukeratu dituzu?

Hasi nintzenetik nik neuk zehaztu dut guztia. Urte hasieran hel niezaiokeela abisatu zidatenean, urtarriletik ekainerako irakurgaien programa nik landu nuen, eta udazkenekoa ere horrela izan da. Baldintzatzen gaituen gauza bakarra dugu, ordea: irakurleei urteko liburuak mailegu zerbitzu bidez uzten dizkiegunez, liburuak ezin izaten ditugu aukeratu. Gutxienez, aurreko urtekoak izan behar dute. Hori da gure baldintza.

Ikasturte berrirako lau liburu proposatu dituzu. Kasu honetan, lau emakume idazleren lanak izango dituzue aztergai.

Ez diot neure buruari araurik jartzen denak emakumeak aukeratzeko, baina egia da emakumeen literatura gehiago irakurtzen dudala gizonena baino. Hasiera batean, Harkaitz Canoren Pozaren erdia poema liburua txertatzeko asmoa geneukan, baina Orioko eta Soraluzeko [Gipuzkoa] irakurle taldeak ere gidatzen ditudanez, koordinazio arazoengatik atzeratu egingo dut lan hori. Eta, jakina, gizonezkoen liburuak baditut gogoan eta landuko ditugu urte honetan. Hala ere, emakumeen liburuak askoz ere gehiago irakurtzen ditut, eta ikusten dudanean zerbait gustuko dudala, aurrera egiten dut horrekin.

Aipatu duzu, baina Zarautzen ez ezik, Orion eta Soraluzen ere gidatzen dituzu saioak.

Urte hasieran, Soraluzeko irakurle taldea dinamizatzen ere hasi nintzen. Bi hilean behin elkartzen dira han, eta orain arte Jasone Osorok gidatzen zuen taldea. Aste Santu aurretik, berriz, Orioko Emakumeen Ahalduntze Eskola harremanetan jarri zen nirekin, ikasturteko azken hiruhilekoan emakumeentzako irakurle taldea abian jarri nahi zutelako, eta horri ere heldu nion. Beraz, aurtengo ikasturtean hiru talde horiekin ariko naiz, baita Zarautzen abian jarriko dugun haurren taldearekin ere.

Irakurle taldeek nolako erantzuna izaten dute?

Orioko kasuan, adibidez, adin ezberdinetako emakume ugarik eman dute izena. Abanikoa zabala da; 18 urtetik 60 urte pasatxora arteko emakumeak dira. Zarautzen, normalean, zortzi lagun inguru elkartzen gara. Ez da gutxi, baina ez da asko ere. Egia da nahiko talde egonkorra dela, eta partaideek urteak daramatzatela. Baina eskertuko nuke jende berria. Izan ere, ikuspegi eta ahots berriak egoteak aberastu egiten du taldeko elkarrizketa. Hori polita litzateke.

Hori helduei dagokienez. Zer-nolako martxa hartu du Tximili Kuarteka gaztetxoen taldeak?

Uda hasieran, Uxue Alberdik aipatu zidan Getarian abian jarri nahi zuela gaztetxoentzat –LH 5. eta 6. mailakoentzat, hain justu ere– irakurle taldea, eta hori entzutean, Zarautzen ere horrelako zerbait behar genuela ikusi nuen. Banekien Oiartzunen [Gipuzkoa] halako talde bat bazegoela, Xabi Salaberriak dinamizatzen duena eta lau urte inguruko ibilbidea duena. Segituan galdetu nion Alberdiri zer asmo zeukan eta nola bideratuko zuen taldea. Gauzak horrela, Sanz Enea liburutegiko arduradun Idoia Etxebarriari planteatu nion ideia, eta proposamen ona iruditu zitzaion. Duela urte batzuk ere egiten zituzten gaztetxoentzako saioak, Ibai Ferrerak dinamizatuta, baina gerora desagertu egin ziren. Zarautz bezalako herri batentzat oso beharrezko proiektua iruditu zitzaidan, eta abian jarri dugu.

Zer-nolako erantzuna izan du?

Hamahiru lagunek eman dute izena, eta gustura gaude jasotako erantzunarekin. Plaza mugatuak jarri genituen; izan ere, jende asko bilduz gero, galdu egiten da intimitatea eta goxotasuna, eta hitz egiteko aukerak ere murriztu egiten dira. Egokiena 10-15 kideko taldea izaten da.

Noiz ekingo diozu gaztetxoen irakurle taldeari?

Helduen irakurle taldea irailetik ekainera jarriko dugu martxan, eta gaztetxoena, berriz, urritik maiatzera. Izan ere, ekainean musika eskolako eta dantzako ikasturte amaierako erakustaldiak izaten direla eta, ezinezkoa izango da hil horretan haurrekin elkartzea. Urrian ekingo diegu saioei, eta hileko hirugarren ostegunetan elkartuko gara. Gainera, izena eman dutenekin bileratxo bat egingo dugu, elkar ezagutzeko eta irakurriko dugun lehen liburua banatzeko, baita irakurriko ditugun ondorengo liburuak aukeratzeko ere. Alberdi, Salaberria eta hirurok harremanetan gaude Julen Gabiriarekin eta Ainhoa Olazabalekin, eta taldetxo bat sortu dugu [Gabiria Bizkaiko herri batean ari da dinamizatzen eta Olazabal Gasteizen]; guztien artean liburuen zerrenda osatzen ari gara. Asmoa da iraileko bilera horretara zerrenda horretako liburu bat eramatea.

Dinamika bestelakoa izango da gaztetxoekin, ezta?

Ez dut sekula gaztetxoen saiorik dinamizatu, eta ez dakit. Niretzat zerbait berria da eta ilusio handia egiten dit. Irakurle taldeetan ibilia nintzen dinamizatu aurretik; haurren saiorik ez dut inoiz ikusi, ordea. Beraz, ez dakit elkarrizketa bultzatu beharko dudan, etengabe sortuko den eta gidatzea izango den nire lana... Liburutegiko txokoan giro goxoa bilatuko dugu; lurrean eseriko gara, biribilean, eta elkarrekin joango gara bidea egiten modu erosoan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide