Ilusioaren oholaren gainean

Jon Ander De La Hoz/ Berria 2023ko uztailaren 24a

Ibon Oregi eta Irati Idiakez elkarrizketatu ditu Berria egunkariak. (Urola Kostako Hitza eta utzitakoa)

Irati Idiakez eta Ibon Oregi goi mailako kirolariak dira. Zeinek bere bidea jorratu eta gero, munduko lehian ari dira snowboardean eta surfean, hurrenez hurren. Istripu bana izan ondotik ailegatu dira kirol egokitura, eta puntako emaitzak eskuratu dituzte. Beren kirolez hausnartu dute Berria egunkarirako Jon Ander De La Hozek egindako elkarrizketan.

Kilometro gutxiko tartean bizi dira Irati Idiakez eta Ibon Oregi. Getarian bata, Zarautzen bestea. BERRIAren deia jaso aurretik bazuten elkarren berri: "Niri asko lagundu zidan besteen esperientzia jasotzeak, eta berak istripua izan zuenean, mezu bat bidali nion", adierazi du Idiakezek.

Istripu bana izan ondorengo osatze aldian aukeratu zuten oraingo kirola. Idiakez snowboardean aritzen da, eta garaikur sorta handia batu du urte gutxian. Aurten, hiru domina eskuratu ditu Munduko Txapelketan, La Molinan (Herrialde Katalanak): bi urre banked slalommailan —bakarka eta bikoteka—, eta zilarra snowboard krossean.

Oregik, berriz, surfean aurkitu du kirol ibilbide luze baten segida, bestelako kirolak ere egiten dituen arren. Triatloian zaildutakoa izanik, surf egokituan lehiatzen da orain. Laugarren izan zen Munduko Txapelketan joan zen abenduan, Kalifornian (AEB). Berriki, laugarren izan da Costa Ricako Parasurf League txapelketan, eta bigarren Europako txapelketan.

Istripuek zuen bilakaera markatu dute. Gaurtik begiratuta, nola ikusten duzue?

IBON OREGI: Egun seinalatua da, baina ez positiboki. Bigarren aukera eman zidaten eguna izan zen, baina askotan pentsatu dut: "Gertatu ez balitz hobe". Bizitza guztiz aldatu zitzaidan eguna izan zen. Lehen, edozer egiteko gai nintzen, hobeto edo okerrago, baina edozer. Egun horretatik aurrera, ez; istripu horrek asko baldintzatu du nire bizitza. Orduan, ikasteko —beste gauza asko baloratzen, adibidez— eta neure burua aurrera ateratzeko balio izan didan eguna izan da, baina ez da egun zoriontsu bat. Bai ospatzekoa, bertan geratzeko ez nuelako asko falta, baina ez nuke gustu handiz seinalatuko.

IRATI IDIAKEZ: Ez da egun positiboa edo negatiboa. Egia esan, nire bizimodua guztiz aldatu zuen egun bat da. Ibonek esan bezala, biok anputatuak gara, eta horrek bizi kalitatea aldatzen du. Egokitzen ikasi behar duzu. Berari helduagoa zela gertatu zitzaion; ni, 21 urterekin, ikusten ari nintzen zer nintzen, eta zer nahi nuen. Egun hori beti egongo da hor.

Nolako egokitzapen prozesua egin behar izan zenuten?

OREGI: Nik guztiz moldatu behar izan nuen bizitza. Gauetan komunera jaiki eta makulua behar izatea. Etxetik kanpora joatean berdin. Urradurak ere bai; oinez buelta eder bat egin, eta hankan puslak sortzen zitzaizkidan. Horrek asko mugatzen du egunerokoa. Niri, eta familiari. Lehen sekulako paseoak ematen nituen hondartzan, baina orain ezin dut: hanka busti dela, deseroso nagoela, min dudala... Lehendik hona hobetu naiz, ohitu egiten da bat. Hasieran, pentsatzen nuen ezingo nuela ezer egin.

IDIAKEZ: Oso garrantzitsua da noraino egin dezakegun jakitea. Hanka anputatuta ezagutzen ditudanen kasuan, apur bat pasatzeak esan nahi du gero atseden gehiago hartu behar dutela. Nik gauza pila bat ikasi behar izan nuen. Ezkerra izan naiz betidanik, baina egunerokotasuneko gauza guztiak ikasi behar izan ditut esku batekin: hortzak garbitu, barruko arropa jantzi... Hasieran, dependentea zara, eta oso frustragarria da.

OREGI: Independente izan nahi duzu, baina gauza batzuetan ezin da. Horrek eragin egiten du, frustrazioa sortzen du. Ahalegintzen gara, eta, orokorrean, nik ezagutzen dudan jendea gero eta independenteagoa izaten da. Bada egoeraz aprobetxatzen denik ere, eta nik esaten dut: "Horrek non du amodio propioa?". Nik ezingo nuke; laguntza eskertzen duzu, baina eskatzen hastea ez da erraza.

Istripuaren ondoren ahalik eta azkarren lotu al zineten kirolera?

IDIAKEZ: Bai. Tira, nik pertsona arrunten kirola egiten nuen lehen, gutxieneko hori. Protesia nahi nuen jarri; pisu handia du besotik zintzilik. Garrantzitsua zen indartzea, bizkarrarentzat-eta, eta igeriketako ikastaro bat egin nuen lehendabizi. Igerian ere berriz ikasi behar izan nuen. Gustua hartu nion, zerbait egin nezakeela frogatu nuelako. Horri heldu nion hasieran: anaiarekin, amarekin-eta joaten nintzen. Lehendabizi igerilekura, eta gero erreabilitaziora.

OREGI: Ni ospitalean bertan eraman ninduten gimnasiora, hamargarren egunerako-edo. Bizikleta estatikoan jartzen ninduten, eta bost minutu ematen zizkidaten. Despistatzen baziren, hamabost egiten nituen. Bizikleta han uzten zuten asteburuetan, eta ez zuen kontrolik. Sekulako askatasuna eman zidan. Hasieran, gehiegi ere aritu nintzen, akaso: frustrazioa askatzeko modurik onena zen, amorrua askatzeko balio zidan. Aurrera egin ahala, horrek ere ez zidan balio, eta itsasora nahi nuen sartu. Ikusten nuen protesi barik egin nezakeela, eta olatuak hartu nahi nituen, bizipoza emango zidan zerbait egin, lehengo sentipenak edo antzekoak izateko [Oregi surfean aritzen zen lehendik ere]; hilabete eta erdiren buruan, uretan nintzen. Min hartzeko beldurrez, eta muinoian min hartzen nuen, baina gozamena zen. Kirolak izugarri lagundu dit.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria.eus atarian.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide