Aurten ere etxean gelditu da Basarri bertsopaper saria. Izan ere, iazko moduan, Aner Peritz bertsolari zarauztarrak irabazi du sariketaren 39. edizioa. Bigarren urtez jarraian lortu du Peritzek saria eskuratzea –iaz Zopa hozten ari zaizu sortari esker irabazi zuen–, aurtengoan Kotxeari gortinak jarri behar dizkiot igandeetarako bertso sorta tarteko.
Uxue Alkortak, Andoni Egañak eta Nahikari Gabilondok osatu dute sariketaren epaimahaia, eta haiek erabaki dute Peritzen lana saritzea, bertsoak "onak" direlako. "Gaiari heltzeko ikuspegiarekin eta doinuak markatzen duen erritmoarekin sortako protagonistaren uneko sentsazioak adierazten du. Elementu asko sartu ditu, egoera oso bisual egiten laguntzen dutenak", azaldu dute epaimahaiko kideek.
Hamabi bertsoko sorta da Peritzek osatutakoa, ligatu osteko esnaera gai hartuta. El tiempo está después kantua moldatuta erabili du bertsoak egiteko, Alaia Martinek Argentinari jarriak sortan erabilitako doinua, hain zuzen ere. Lau puntuko doinua da, erregularra, eta 9/6 silaba ditu puntu bakoitzean.
Peritzek "pozez" hartu du saria irabazi izanaren berria. "Gustoz bidali nituen bertsoak, lan pixka bat hartuta, eta poza hartu nuen; izan ere, ez nuen erabateko esperantzarik, nire duda guztiekin bidali nituen bertsoak". Halaber, orain arte "asko ukitu ez diren gaiak" jasotzen dituen bertso sorta osatu duela uste du bertsolariak: "Ariketa tekniko bat ere bada neurri batean, doinu berezi bat hartu dudalako, bertsotan askorik erabili ez dena. Ariketa nagusia izan da jolasa bilatzea, doinuari forma egokitzen asmatzea eta sorta kantagarri bat egitea".
Sari banaketa, hilaren 13an
Basarri sariaren banaketa ekitaldia uztailaren 13an, ostegunez, egingo dute Torre Luzeako parkean, 22:00etan hasita. Bertso Astearen testuinguruan egingo dute ekitaldia, eta Peritzek orduan aurkeztuko du berak ondutako bertso sorta jendaurrean, musikaz lagunduta. Gainera, udalaren eskutik, orduan jasoko du zarauztarrak dagokion saria.
Aurtengo edizioan jasotako lanei dagokienez, epaimahaik azaldu du aipatzekoa dela parte hartzaile kopurua "pixkanaka gora" egiten ari dela. Halaber, aurkeztutako lanak, oro har, "maila onekoak" izan direla ere esan du. "Bereziki nabarmendu nahi dugu zenbait sortatan hitanoa erabili izana, eskertzen baita euskarak hain berea duen erregistro hori bertso idatzietara ekartzea", azaldu dute kideek.