Kostaldearen higidura harriaren higaduran

Aritz Mutiozabal 2023ko uzt. 1a, 10:30

Bixente Iribar, joan den astean, Zarauzko harri bolen ondoan, itsas ezkur bat seinalatzen. (Aritz Mutiozabal)

Azken urteetan Zarautzen egindako hainbat indusketatan harri bolak edo itsas harri biribilak agertu dira. Horiei esker jakin dute duela 5.000 urte kostalerroa bostehun metro barrurago zegoela. Panel informatibo bat jarri dute herrian. Erreportaje hau Gipuzkoako Hitzarako eginiko erreportajea da.

Zarauzko harri bolak edo itsaslabarretako harri biribilak apaingarri modura jarri dituzte azken urteetan herriko parkeetan, lorategietan eta biribilguneetan. Orain, beste pauso bat emanez, multzo bat jarri dute erakusgai, eta haien nondik norakoak azaltzen dituen panel dibulgatibo bat ere ahalbidetu du Zarauzko Udalak Sanz Enea kultur etxearen aurrealdean. Ingurumen departamentuak bultzatu du egitasmoa, Bixente Iribar (Eibar, 1959) Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Geologia irakaslearekin elkarlanean. “Harri bola hauen jatorria azaltzea izan da nire egitekoa. Nondik datozen eta nola agertu diren azaltzea”, nabarmendu du.

Harraldean eta labar azpian ohikoak dira aipatu harri biribil mardulak, eta Getaria-Zarautz arteko itsas pasealekuan, esaterako, bistara izaten ditu herritarrak. Jendearentzat aski ezagunak dira, beraz. Baina, aldiz, ezohikoa da lur azpian agertzea, eta hori da Zarauzko harri bolek duten berezitasun nagusia. Izan ere, Zarautzen ez dago harralderik, eta lautadaren erdian agertu dira.

Herriko hainbat gunetan egindako indusketetan aurkitu zituzten harri bolak: 1995ean, Lege Zaharren enparantzako lur azpiko aparkalekuko obrak egitean, eta 2020an, Salberdingo etxebizitzak eraikitzeko lanetan. Harearekin nahastuta topatu zituzten, sei metroko sakoneran, eta egungo kostalerroa baino bostehun bat metro barrurago. “Harralde batetik garraiatutako harri bolak dira. Harri bola hauek baino txikiagoak azaldu ziren aurrez eginiko indusketa batzuetan, eta horien gaineko sedimentuak datatu zituzten duela 30-35 urte. Karbono 14a erabili zuten, eta emaitzak adierazi zuen 5.000 urte inguru zituztela”, zehaztu du Iribarrek.

Garaiko kostaldea

Geologia irakaslearen arabera, harri bola horien kokapena ez da aleatorioa: “Lerro batean kokatuta daude, eta lerro horrek zehazten du gutxi gorabehera orain dela 5.000 urte gure kostalerroa zein zen. Horren arabera, itsaso zabala izan behar zuen, olatuek garraiatu behar zituzten harri bola horiek Salberdineraino, harri horiek barrurago zeudelako hasieran. Beraz, garaiko kostaldea hor egon zitekeen”.

Atera dituzten ondorioei dagokienez, Santa Barbaratik erori ziren gaur egun moila dagoen parera, segur aski luizi baten eraginez, eta olatuek bultzatuta iritsiko ziren garaiko kostalerrora. Higaduraren ondorioz hartu zuten forma biribila. Halaber, itsas ezkurrak edo balanus krustazeoak agertu dira harrien pitzaduretan. “Maskor horiek ez dira sortzen edozein tokitan, eta horrek adierazten du itsasoaren presentzia hor zegoela”, azpimarratu du irakasleak.

Zarautz zulatzen hasiz gero, adituen arabera, harea litzateke lur azpiko dena. “Eremu horretatik [Salberdinetik] hondartza aldera, bai, dena hondarra da, baina atzerago, mendi alderantz, sedimentu lohitsua normalagoa izaten da”, aditzera eman du Iribarrek. Alde horretatik, geologoak argi utzi nahi izan du herriak ez diola tokirik kendu itsasoari, baizik eta dunen gainean eraikia izan dela.

Duela 5.000 urte kostalerroa Salberdin eremuan baldin bazegoen, Iribarrek esan du ondoren dunak sortu zirela, eta, denboraren poderioz, dunek aurrerantz egin zutela pixkanaka. “Dunak izan dira itsasoari tokia lapurtu diotenak. Gero, gure arbasoek dunen gainean eraiki zituzten etxebizitzak”.

Intereseko informazioa

Hainbat informazio ematen du Sanz Enean jarri berri duten panel dibulgatiboak, marrazki, argazki eta irudi grafikoz lagunduta: harri bolen aurrekariak, harri bola horiek nola sortzen diren, zehar ebaki geologikoaren azalpena eta lur azpia nola osatuta dagoen, besteak beste. “Harri bola hauen balioa da ezagutzea zer gertatu zen edo nola eratu zen bertako eremua”, esan du Iribarrek. Gaur egun, lursail asko erabiltzen da eraikitzeko. “Eta berau ezagutzea ezinbestekoa da obrak egiteko, izan azpiegiturak egiteko edo izan etxebizitzak egiteko. Geologia ikuspegitik bere interesa du”, zehaztu du irakasleak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide