Gutuna

ZKEko futboleko emakumezkoen atalak 25 urte bete ditu

Zarauzko emakumeen futbol taldeko hasierako kideak 2023ko eka. 29a, 12:50

Zarauzko emakumeen futbol taldeko hasierako kideek ondorengo gutuna helarazi dute, ZKEko emakumezkoen futboleko atalak 25 urte bete dituela eta. Irailaren 23an ospatuko dute urteurrena bazkari batekin.

1997-1998 denboraldian Oñatin jokatutako partida batekin, Zarautz Kirol Elkarteko emakumezkoen futbol saila lehiaketa federatuetara itzuli zen, zenbait denboraldiz talderik gabe egon ondoren.
Izan ere, kirol elkarteak aurretik talde bat izan zuen zenbait urtetan; garrantzi handikoa, gainera. Bertan hasitako jokalariak gero Lehen Mailan aritu ziren, eta Zarauzko plaieroetako emakumezkoen ligak haietako baten izena du gaur egun: Maria Jauregi Liga, hain zuzen ere. Baina proiektu hura ezin izan zen sendotu, eta taldea desagertu egin zen.

Kirol elkartetik kanpo, beste talde batzuk sortu ziren gerora, eta azkenean, 1997-1998 denboraldian, aurten –2022-2023an– 25 urte bete dituen proiektu berri bat sortu zen.

Hasierako urte haiek oso zailak izan ziren Gipuzkoako emakumezkoen futbolarentzat. Gehienbat gizonezkoen taldeez osatutako kirol elkarteetan lekua bilatu behar zen, txapeldun izan ziren klubak indarra galtzen ari ziren, eta abentura horretan sartzen ziren neskek bazekiten pauso berri bakoitza ematea ez zela erraza izango. Kirol baliabide duinak, instalazio hobeak, ordutegi hobeak... lortzeko eta genero berdintasunaren alde egiteko amaierarik gabeko borroka zen.

Kirol arloan, 1999-2000 denboraldian emakumezkoen Lehen Maila Nazionalera lehen aldiz igota sendotu zuten proiektua. Belar zelaian jokatzen hasteko lehen pausoa izan zen hura, berdintasunerantz bidea jarraituz, garaiko batzordeak (Antonio Ignacio Balsera buru zuena eta Sebastian Martija kirol arduradun), udalak eta patronatuak babestuta. Talde hartan parte hartu zuten jokalariek gerora lorpen garrantzitsuak lortu zituzten: Emakumezkoen Superligara iritsi zirenak zeuden, Liga eta Kopa irabazleak, 19 urtez azpikoen mailan Europako txapeldun izandakoak eta baita euskal selekzioarekin Espainiako Estatuko txapeldun izan zirenak ere. Ondoren, beste jokalari mordoxka batek ere lorpen aipagarriak gauzatu dituzte; azkena orain egun gutxi, Irene Paredesek Bartzelona taldearekin lortu duen Europako Champions League Txapelketa.

Beren borrokaren beste alderdian, berdintasunerako bidean, urrats esanguratsuak egin zituzten, 2003ko maiatzean prentsara bidalitako ohar ausart batean, besteak beste, honako hau esanez: «Dirudienez, gaur egun baldintzen berditasuna utopia baino ez da. Gizarte honetan emakumeak lan bikoitza egin behar izaten du, gutxieneko estimazio bat lortu ahal izateko, eta gehienetan lan horrek ere ez du fruiturik eman izan... Badakigu eskatzen duguna ez dela egun batetik bestera lortzen, eta guztiak bezalaxe, prozesu jakin bat behar duela, baina badakigu horregatik ezin garela isilik geratu, eta gure ilusioak nork edo nork entzungo eta bideratuko dituen esperantzarekin geratzen gara». 

Haien ondarea ikusgai dago gaur gure kirol elkartean, maila ezberdinetan banatutako zortzi taldek osatutako emakumezkoen proiektuarekin. Zarauzko plaieroetako nesken txapelketaren sorrera ere bultzatu zuten haiek, garaiko kirol elkarteko arduradunekin hainbat bilera izan ondoren. Hasiera eman zioten emakume ausart haiek gabe ez zen posible izango. Hona hemen 1997-1998 denboraldi hartan Muebles Evairen eta Elkano Arraindegiaren babesa izan zuen taldea: Mirian Alberdi, Nerea Aranburu, Maialen Aranguren, Mari Beizama, Josune Caceres, Banexa Cerqueira, Alazne Hurtado, Alicia Hurtado, Nagore Landa, Leire Lertxundi, Maite Lizaso, Aitziber Markiegi, Olatz Murua, Olalla Ondarra, Maite Pardina, Naiara Roteta, Maitane Unanue, Nerea Uranga eta Alaitz Zubizarreta, Agustin Mujika Belmonte entrenatzaile zutela, eta Luis Pardina delegatu. Jarrai dezala bideak aurrera!

Urtemuga berezi hau ospatzeko, garai hartako eta ondorengo jokalari ohiak eta bidelagun izan zirenak bazkari batean elkartuko dira irailaren 23an.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide