Komunikazio dimentsio berezi bat dauka bertsolaritzak; hitz lauz esango ez liratekeen zenbait gauza esateko modua ematen baitu kantuak. Komunikazio ekintza horrek, gainera, badu estu samarra den kortse bat; neurri jakin baten barnean, inprobisatuz eta errimatuz kantatu behar baita, besteak beste. Nolanahi ere, hori alde teknikoa besterik ez dela dio Joxerra Garziaren, Andoni Egañaren eta Jon Sarasuaren Bat-bateko bertsolaritza: gakoak eta azterbideak liburuak (2001). "Bertsoari kalitate maila bere arrazoibidearen indarrak edo bere balio poetiko erretorikoek emango diote". Bat-bateko bertsolaritza aztertu eta ulertzeko marko teoriko berri bat proposatu zuten orduan, erretorika klasikoaren ildotik.
Adiera horretatik abiatuta, jaio dira bertsolaritzaren gaineko definizio berriak geroztik. Jendaurreko espektakulu gisa definitu izan da, esaterako; nolabait, inprobisatzen eta errimatzen dakien artistak publiko baten aurrean ematen duen ikuskizun gisa.
Kepa Matxain kazetaria bat dator definizio horrekin; "baina ez da hori bakarrik", dio. Izan ere, haren ustetan, ikuskizun formatutik kanpo ere bada bertsolaritzarik, eta, beraz, bertsolaritzaren adiera zabalago bat erabiltzen du berak. "Espektakulutik kanpoko bertsolaritza bada bertsolaritza bat, esan dezagun, bizi munduko situazioetan gertatzen dena. Are gehiago, tradizioz, bertsolaria gehiago egon da lotua bizi munduari ikuskizunari baino. Hain justu, hori izan da, neurri batean, bertsolaritzaren bilakaera: batetik besterako jauzia".
Ez da denbora asko bertsolaritzara gerturatu zela Matxain, baina azkar "harrapatu" zuen jardunak. Hizkeraren auziak piztu zion jakin-mina hasieran, eta, auzi horrek formarekin duen loturaz jabetuta, horretan jarri zuen fokua gero. Interes horretatik abiatuta, EHUren Mikel Laboa katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak elkarlanean sortutako ikerketa kontratua lortu zuen duela hiru bat urte, euskarazko ahozko kultur sorkuntzari buruzko doktoretza tesia egiteko.