Zarauztarren doinuak

Goizane Aranaren doinuak

Aritz Mutiozabal 2023ko api. 5a, 11:00

Goizane Arana, Uemako euskara teknikaria (Uema)

Herritarrek hautatutako bost abesti jasoko ditugu Aste Santuaren bueltan Zarauztarren doinuak izeneko txoko honetan, eta Uemako euskara teknikari Goizane Arana da aste honetako protagonista.

Ruper Ordorika. Berandu dabiltza
Ruper Ordorika euskal kantagintzaren erreferente nagusia izan da niretzat. Dabilen harria diskoa giltzarria izan zen nire bizitzan. Bere nortasunak, musikak eta ahotsak erakarri ninduen. Orduz geroztik nire oinarrizko banda bihurtu da eta bere jarraitzaile sutsua izan naiz. Besteren bat ere aukera nezakeen arren, batekin geratzekotan Gaur diskoko Berandu dabiltza abesti profetikoa aukeratuko dut, zuzenean abestutakoa. Bai musikak berak duen indarragatik bai Bernardo Atxagaren hitzek duten esanguragatik. Errealitate gordina horren modu poetikoan musikara ekartzeagatik.

 

Jose Mercé. Al alba
Flamenkoa oso gustuko dudan musika estiloa da, agian nire ohiko kultur mundutik urruntzen den musika estiloa zelako, interes handia sortu zidan gaztaroan. Besteak beste, Jose Merce dezente entzuten nuen, beste musikari flamenko batzuekin batera. Bere ahotsak eta musikak asko hunkitzen nau, duen indar eta intentsitatea ikaragarria da. Al albaren bertsio hau, adibidez, ederra iruditzen zait.

 

Anari. Vinu, Cantares y Amor
Euskaldun bezala opari bat iruditzen zait Anari moduko artistak izatea, izugarria iruditzen zait bere sorkuntza lana. Nortasun handiko musikaria da eta nire erreferenteetako bat da. Beste abestiren bat ere aipa nezakeen arren, euskarara egindako moldaketa zoragarria da abesti hau. Eta bideoklipa bera zer esanik ez! Zarauzko historiaren zati bat markatu duen Putzuzulori omenaldi ederra egiten dio. Abesti honek indar handia ematen dit. Ezin da argiago esan: kantatu, maitatu eta dantza ezin bada ez da gure iraultza.



Maria Bethania. Reconvexo
Biodantzarekin batera ezagutu dudan abestia da hau. Biodantzan egiten ditugun dantzen artean gehien hunkitu nauen abestia da. Bizipen zoragarriak izan ditut abesti honekin. Bizi indarrarekin konektatzen nau abestiak, bizi-bizirik nagoela gogorarazten dit entzuten dudan bakoitzean.



Eire. Amaitu baino lehen
Saiatzen naiz musikari gazteak jarraitzen eta ateratzen dituzten abestiei adi egoten. Azkenaldian somatzen dut gainera goraldi bat badagoela eta Urola Kostan baditugu adibide batzuk. Besteak beste, zumaiar Eire musika taldea dugu. Duela gutxiko deskubrimendua izan dira eta gustuko musikarien zerrendara gehitu ditut. Freskotasuna eta indarra transmititzen duen bikotea iruditzen zait. Abesti hau da adibide garbi bat. Euskal kulturak behar dituelako adibideak eta sortzaile berriak. Bejondeiela! 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide