Gizon eta emakume arteko parekidetasuna lortzeko bidean, hilabete seinalatua izan ohi da Martxoa. Hilaren 8ko Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira ekintza eta ekitaldi ugari antolatu ohi dituzte erakundeek zein eragileek eta aurtengoa ez da salbuespena.
Bada, egutegian morez markatuta dagoen egun handiari begira Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak nabarmendu du benetako parekidetasuna aldarrikatzeaz gain, ospakizunei ere egin nahi dietela tartea: "Emakume izatearen harrotasuna adierazteko eguna ere bada Martxoaren 8a. Horregatik, alaitasunez ospatu nahi dugu, herria apainduta. Horretarako, Emakumeen* Etxean eskuragari dituzten banderola moreak balkoietan jartzera dei egiten diegu herritarrei. Horrez gain, pankartak jarriko ditugu udaletxean zein herriko ikastetxe guztietan".
Egunari "ospakizun" kutsu hori eman nahian, antzerki saioa ere antolatu du Parekietasun departamentuak Martxoaren 8rako. Txalo produkzioak konpainiak ekoitzitako Bost minutun euskarazko antzezlana eskainiko dute Modelo aretoan 20:00etan. Begoña Bilbaok zuzendutako eta Andoni Agirregomezkorta eta Itziar Urretabizkaia aktoreak protagonista dituen umorezko lana da eta "herritar guztiei, emakumeei zein gizonei ere zuzenduta dago", zehaztu du zinegotziak.
Edonola ere, datorren asteko asteazkenari itxaron gabe, Zarauzko Udalak hilabete osorako prestatu duen egitarau zabala dagoeneko martxan dago. Atzo arratsaldean egin zuten lehen jarduera, hain justu, Macarena Mugica eta Garazi Plazaola abokatuek eskaini zuten Soilik baietz da baietz legeari buruzko hitzaldiarekin, eta gaurtik Emakume asmatzaileak erakusketa ikusgai dago Torre Luzea parkean. Vazquezek azaldu du, zentzu horretan, helburua dela gure egunerokoan erabiltzen ditugun hainbat tresnen egileak diren emakumeei aitortza egitea "askotan ez dakigulako asmakizun horiek emakumeek sortutakoa direla, edota ziurtzat ematen dugulako gizonenak direla".
Zinegotziak gogoratu du, halaber, iaz errepublikako emakumeekin egin zutela ariketa bera, eta asmoa dela urtero emakume talde jakin bati egitea aitortza. Gauzak horrela, bihartik martxoaren 12ra bitartean emakume asmatzaileei buruzko kartelak izango dira Torre Luzea parkean.
Bihar, berriz, Ainize Txopitea artista zarauztarraren Airean erakusketa ikusteko bisita gidatua egingo dute Donostiako Kur galeriara. Txopitearen lanez gain, bere aita zenak, Daniel Txopiteak, egindakoez ere gozatuko dute bertaratzen direnek. Ainize Txopiteari lotuta, era berean, hilaren 16an haren beste erakusketa bat zabalduko dute Emakumeen* Etxean, bere ibilbide osoan egindako lanak erakusteko. Gogoratu Txopitea dela, hain justu, aurtengo Martxoak 8ko Kartel Lehiaketa.