Datuek aditzera ematen dute zenbaitek uste dutela beste pertsona bat behar dela ondoan norbera osatzeko.
Konplexua da gaia. Pertsona erlazionalak gara; harremanak behar ditugu. Baina laranja erdiaren ideia hori buruan izanda, badirudi beste pertsona batek osatu behar gaituela. Inork ez gaitu osatzen; osoak gara gu. Harremanetan elkar akonpainatzen gara, eta hori ez dakigu egiten. Pentsatzen dugu besteak osatu behar gaituela, besteak eraman behar gaituela, eta ideia horrek zapuztu egiten gaitu. Oso gutxi lantzen dugu nola akonpainatzen dugun ondokoa; ez bikote harremanetan bakarrik, baita bestelako harremanetan ere. Ez dakit ba ote dakigun geure burua eta bestea maitatzen.
Beste pertsonak behar ditu, beraz, gizakiak.
Elkarren beharra daukagu bizitzan; indibiduoa, bera bakarrik, ez da bizitzeko gai. Norberak beste bat behar du jakiteko bizirik dagoela. Irla batean bakarrik egonez gero, nola jakin bizirik zaudela? Autosufizienteak ez gara, besteekin da bizigarria bizitza, baina kontua da zer modu bilatu behar dugun elkarbizitzarako, harremanetarako. Horretarako zer eredu bilatu nahi ditugun jakitea da gakoa.
Oraindik ere indar handiena duen eredua da gizon eta emakume baten artekoa eta familia nuklear bat izatera bideratutakoa. Horrek asko mugatzen al du gizartea?
Hori errealitate bat da, eredu bat, baina nik ez dut bizi mugatik. Leku guztietan daude mugak, ereduak, eta egia da gehien ikusi dugun eredua hori dela. Horrek eramaten gaitu modu bat ikustera, eta zailagoa egiten du beste modu batzuk esploratzea. Baina ezinbestekoak dira arauak, inoiz ez da existitu araurik gabeko gizarterik. Askatasuna beti dago mugatua testuinguru batera, errealitate batera.
Ereduek ez dute zertan muga izan, beraz?
Orain gazteen artean beste esplorazio modu batzuk ikusten ditut; esaterako, orain ezin zara izan zisheterosexuala espazio batzuetan. Hori ere arau bat da. Espazio guztiek bultzatzen dituzte ereduak, eta ez dut uste bat bestea baino hobea denik. Niretzako inportantea da norbera eredu horiez kontziente izatea eta bakoitzak horiek esploratzea. Kontzientzia hartzeko bide horretan, emozioetatik eta gorputzetik ikusi behar du norberak zer behar dituen eta zer nahi duen. Garrantzitsua da norbera eroso sentitzea.
Gero eta eredu gehiago azaleratzen ari dira gizartean...
Eta ondo dago gizarteak erakustea beste modu batzuk ere badaudela, hori oso garrantzitsua da, baina norberak ikusi eta sentitu behar du nola kudeatu nahi duen bere bizitza. Ez dago eredu bat bestea baino libreagoa, askatasuna norberaren ardura da.
Gehienek harreman itxiak nahi dituzte, baina harremanetik kanpoko desio sexuala izan ohi dutela onartzen dute. Zeren erakusle da hori?
Desira hori existitzen da; desira anitzak ditugu, eta desira ez da pertsona batengan fokalizatzen. Dena den, bakoitzak ikusi behar du zer egin horrekin eta zer prezio ordaindu nahi duen. Batzuek bikotekidearekin harremana irekitzea adosten dute, eta uste dute hori ondo eramango dutela, baina gizaki emozionalak gara. Nahiz eta ondokoarekin akordio hori egin, hark beste batekin harremanak izateak eragina dauka. Kontua da bakoitzak nola hartzen duen eragin hori bere gain.
Gero eta gehiago hitz egiten da harreman irekiez, baina inkestan parte hartu dutenen %16k bakarrik izan ditu. Zergatik ez ditu jende gehienak oraindik aukera gisa ikusten?
Askatasuna burutik ulertu nahian ari gara. Harreman irekiak askeagoak al dira? Hobeak? Txarragoak? Ez dakit. Uste dut norbera bere gorputzean kokatu behar dela eta bakoitzak ikusi behar duela zer ardura har ditzakeen. Iruditzen zait ez dela hain erraza harreman irekiak kudeatzea; emozionalki ez dakit prestatuta ote gauden. Izan ditut kontsultak harreman irekia izatea erabaki duten pertsonekin, eta horietako askok burutik hartu dute erabaki hori, libreago izango direla pentsatuz. Baina gero gaizki sentitzen dira, zeloak dituztelako. Nondik hartzen ditugu erabakiak?
Asko aztertzen da ideietatik, eta ez hainbeste emozioetatik?
Askotan buruarekin hartzen ditugu erabakiak, gorputza nahiz beharrak kontuan izan gabe. Ez dut inor epaitu nahi, ez dira aukera batzuk onak eta besteak txarrak, ona da norberari on egiten diona. Ondo ez da ideia kognitiboa, gorputzean sentitzen da.
Bat al datoz errealitatea eta desira?
Beste pertsona batekin gaudenean, hartu-emana izan ohi dugu harekin, eta desioak ez dira izaten norberarenak bakarrik. Hori horrela da bikote harremanetan eta beste edozein harremanetan. Batzuetan alde batera utzi behar izaten da norbere desioa talde batean gaudelako, baina horrek ez du esan nahi beti pertsona berak utzi behar duenik bere desioa alde batera. Norberak bilatu behar du oreka. Hartu-eman horietan pertsona ezberdinen desioak daude jokoan, eta negoziatu egin behar da. Oso kuriosoa da; ez gara laranja erdiak, osoak gara, baina askatasunean ere, erdiak izan nahi dugu. Hau da, pentsamendu hau zabaltzen ari da: "Nire behar guztiak aseta egon daitezela espazio guztietan; bestea egon dadila nire beharrak asetzeko". Oso infantila eta indibidualista da pentsamendu hori. Harreman batean deseroso egonez gero, ariketa norberak egin behar du, baina bestea ez dago inor asetzeko.
Ideia horren indarra nabari al duzu jendartean?
Bai. Lehen laranja erdia bilatzen genuen, eta orain norbera, norberaren beharrak... dira nagusi. Harreman guztiek eskatzen dute gugandik ateratzea. Ez dut esan nahi harreman batean gaizki egon behar dugunik, baina harremanetan ezin da norbere burua bakarrik kontuan izan. Negoziaketa ezinbestekoa da.
Norberaren beharrak ari al dira lehenesten?
Bai, eta ondo dago norbere beharrak ezagutzea, baina ondokoak ezin du ase zuk behar duzun guztia. Eta zer gutxi planteatzen dugun nola maitatzen dugun guk. Besteak nola maitatzen gaituen aztertzen dugu, baina guk nola maitatzen dugu bestea? Ariketa hori egiten al dugu? Fokua ez da horretan hainbeste jartzen, eta jarri egin behar da.
Zer landu beharko luke, oro har, jendeak?
Hasteko, nola bizi den norbera bere itzalarekin. Hau da, nola bizi gara gugandik gustatzen ez zaigun atal horrekin, gure akatsekin, gure gabeziekin? Eta nola bizi dugu bestearen itzala? Nola maitatzen nauten jakitea ondo dago, baina nola maitatzen dut nik? Ariketa hori egin behar da. Maitatzea ez da erraza.
Ez al da erraza?
Nire ustez, ariketa oso sakona da. Garrantzitsua da ohartzea lanketa bat eskatzen duela.
Zer moduz ikusten duzu euskal gizartea? Lanketa horretara iristeko, asko falta al da?
Ez dakit. Bidean-edo goaz. Bakoitzak ikusi beharko du, baina iruditzen zait garrantzitsua dela horretaz hitz egitea.