Azkenaldian sarri ari gara hitz egiten pentsioen inguruan. Ahots ugari, baina marko berbera funtsean: pentsioekin arazo bat daukagu. Marko horretatik abiatuta, pentsioen errentagarritasuna zalantzan jartzen da, baita norabide berean doazen soluzio andana proposatu ere: erretiro adina atzeratzea, urte gehiago kontabilizatzea, pentsioen errebalorizazioa trabatzea... Establishment-ak ezarri duen markoa da, naturako fenomeno bat bailitzan; eta zaila da hortik ihes egitea, ez badugu bederen eztabaidaren markoa (eta soluzioak) aldatzen, eta arazoari beste begirada batez so egiten.
Alde batetik, pentsioak politika ekonomiko batzuen ondorio direla ulertu behar dugu; bestela, pentsioak gure gainetik dagoen borondate natural edo jainkotiar baten esku daudela sinetsiko dugu, 2008ko finantza tsunamiarekin gertatu bezalatsu. Izan ere, orduko finantza-krisia higiezin eta finantza merkatuen deserregularizazio politiken ondorio izan zen. Eta pentsioen egungo egoera, PPk krisi horren testuinguruan pentsioen itsulapikoko 60.000 milioiak gastatu izanak eragin du, besteak beste.
Hain zuzen, egungoaren gisako egoerei erantzuteko sortutako itsulapikoak erakusten digu erabaki politikoak daudela ustezko joera naturalen gainetik, biztanleriaren zahartzea kasu. Pentsioak politika publiko zehatzen ondorio dira, eta hala izango dira; beraz, badago soluzioa. Hortaz, ekidin ditzagun ezkortasunak eta konponbide posibleak baztertzen dituzten markoak. Alternatiben ortzi-muga zabaldu behar dugu; kontrara, gure begirada mugatua eta lausotua egongo da auzi horretan ere.
Zentzu horretan, nago pentsioen eztabaida soluziorik gabeko marko batean kokatzeaz gain, begi bakarrarekin soilik ikusten ari garela, bestea estalita. Esan nahi dut: zergatik ezkutatzen dute pentsioak hertsiki lotuta daudela lan baldintzekin? Zergatik ez dira zalantzan jartzen enplegu prekarioagoak, okerrago ordainduak, partzialagoak eta aldizkako kontratuen areagotzeak ekarri dituzten 2011tik gaurdainoko lan erreformak? Eta horrek guztiak kotizazioak izugarri murriztea eragin duela?
Gainera, begirada nagi eta begi bakarreko horrek eraginda, ahaztu egin dugu hamarkadatan emakumeek ez dutela etxetik kanpo lanik egin; eta, horren ondorioz, eurek kobratzen dituztela pentsio baxuenak (ez-kontributiboak), eta eurak direla, nagusiki, egun enplegu prekarizatu, partzial eta gaizki ordainduak dituztenak. Horri aurre egiteko ez bada neurri politikorik hartzen, emakumeak izango dira etorkizunean ere gutxieneko pentsioa jasoko dutenak, lan merkatuan sartu arren. Beste baterako emango luke gure adinekoak Gizarte Segurantzan kotizatu gabe zaintzen dituzten milaka emakumeren egoerak, baita horrek dituen ondorioek ere (eurengan lehenik, eta diru-kutxa publikoetan, bigarrenik).
Norbaitek esango du soldatak edo/eta gizarte-segurantzako kotizazioak igotzeak enpresen bideragarritasuna zalantzan jarriko lukeela. Baina erantzuna erraza eta irmoa da: BPGan soldatek ordezkatzen duten zenbatekoa jaitsi egin da 1980ko hamarkadatik hona; aldiz, enpresen irabazien zenbatekoa hazi egin da. Horren arabera, enpresek gehiago ordaindu behar dute pentsioen etorkizuna bermatzeko, horretarako gaitasuna badute-eta.
Iritzi artikulua osorik irakurri daiteke Berria.eus egunkarian.