Aukeratu ditudan proposamen guztiak euskarazko kantak dira, eta, nolabait esateko, nire bizitzan konstante bat dira. Batzuk berriagoak, baina hemen ageri diren abestiok ez diote sekula nire bizitzan egoteari utzi, eta pentsatzen dut ez diotela egoteari utziko.
Musikak laguntzen dit barruko indarra ateratzen eta nire burua entzuten. Nire burua ilun dagoenean, argira eramaten. Horregatik, aukeratu ditudan abesti guztiek zerbait komunean dute, argira eta baikortasunera eramaten nautela.
1. Ruper Ordorika - Ene begiek
Oso gaztetatik entzuten dudan kanta da, eta bereziki oihartzun egiten didaten esaldiak dira: Ene begiek ez dute malko isuritzeko gogorik eta Mendea eta segundua gurutzatzen diren lekua. Orduan, nik uste dut kontzientzia bat ekartzen didala nondik gatozen, nor garen eta zer zortedunak garen hemen eta orain egoteagatik. Beraz, negarra baino hobe esker ona sentitzea bizitzarekiko. Indar handia ematen didan kantua da, eta kotxean askotan jartzen dut, batez ere bakarrik gidatzen ari naizenean. Ruper izango da disko guztiak erosi eta entzun dizkiodan abeslari bakarra, beraz, bere hainbat eta hainbat abesti aukeratu nitzakeen.
2. Karidadeko Benta - Gure negua
Gaztetan askotan entzuten genuen lagunartean, baita kantatu ere gure arteko juntadizoetan. Ez dago ezer tristeagorik tristea izatea baino eta Udaberria itzaldu aurretik erre dezagun negua esaldiak kantatzen genituen bereziki elkarri begietara begira eta ahoa zabal-zabalik. Ziurrenik gaur egun ere kantuan jarriz gero abesti honek funtzionatuko lukeela lagunartean.
3. Eñaut Elorrieta- Eguzki argitan
Eñaut Elorrietaren azken urteetako bakarkako lanak disko gordinak direla esango nuke, biluziak edo egia bat bilatzen dutenak. Batzuetan min egiten didate barruan, hainbeste egia sentitzen baititut, ezen beti ez diren digestio errazekoak. Abesti honetan badago bi pertsonen arteko harreman bat, eta batak besteari aldarrikatzen dio eguzki argitan hauts izateko baimena. Orduan, badago halako onarpen bat harremanetan dena ez dela distira izaten dioena. Batzuetan hautsa ere izaten gara, baina zer ederra den eguzki argia ikuste harreman horri. Badago errutinaren onarpena eta horren gainean maitasun sakonago bat. Oso gustuko dudan abestia da.
4. Manez eta Kobreak - Larrean amoroski
Deskubrimendu oso polita izan zen niretzat talde hau. Egia esan, oso gustura entzuten ditut Ipar Euskal Herriko abeslariak eta taldeak, asko liluratzen bainaute haien kantaerak eta kantua bizitzeko duten moduak. Inbidia sanoz jarraitzen ditut. Thierry Biscaryk gidatzen duen Manez eta Kobreak taldeak hainbesteraino liluratu ninduen, bi seme-alabak –oso txikiak zirela oraindik– hartu eta Donibane Lohizunera joan nintzen haien kontzertu batera. Ia hamar musikari ziren oholtza gainean, eta izugarrizko erritmoa eta indarra transmititu zuten. Larrean amoroski abestiari dagokionez, iruditzen zait oso abesti iradokitzailea dela. Beharbada, maitasun istorio bat kontatzen du, baina nik gehiago lotzen dut neure buruari kantatutako maitasun kanta bat bezala. Ez dut hainbeste lotzen norbaitekin; bai, ordea, norbere burua zaintzearekin.
5. Ines Osinaga - Dena aldatzen da
Mercedes Osak kantatzen zuen Todo cambia abestiaren itzulpena egin zuen Berria egunkariko artikulu batean Miren Amurizak, Ines Osinagari gustatu egin zitzaion eta kantu bihurtu du. Agian, momentu honetako nire bizi egoera islatzen du: bizitzan aurrera goaz, adinean ere gora, bizitzetako etapetan aurrera, gureak eta gure ingurukoenak... eta beti ez dira berri onak etortzen, adinaren ajeen ondorioz. Abesti honek bizitzarekin lotzen nau: dena aldatzen denaren onarpena da, bizitzaren ederra ere hortxe dagoelako. Momentu zailak izan arren, ezingo genuke bestelako bizitzarik izan, dena ederra eta beti gazte nahiz osasuntsu den bizitza bat, alegia.