2023ko udal aurrekontuari behin-behineko onarpena eman dio Zarauzko Udalbatzak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2022ko abe. 30a, 14:37

Atzo iluntzean, egin zuten abenduko ohiko udalbatzarra, udaletxeko areto nagusian. (Aiora Larrañaga)

EAJ, PSE-EE eta Podemos Equo-Berdeak udal taldeek aurrekontu proposamenaren alde bozkatu zuten, eta EH Bilduk aurka, egin dituzten proposamenak kontutan hartu ez dituztela argudiatuta.

Atzo, iluntzean, ohiko udalbatzarra egin zuten udaletxeko areto nagusian, urteko azkena, eta, besteak beste, 2023ko udal aurrekontuari behin behineko onarpena eman zioten, EAJ, PSE-EE eta Podemos Equo-Berdeak udal taldeen aldeko botoekin; EH Bilduk aurka bozkatu zuen, egin dituzten proposamenak kontutan hartu ez dituztela argudiatuta.

Zarauzko Udalaren 2023ko aurrekontua 49.318.019, 35 eurokoa izango da, eta Jesus Arana Ekonomia eta Ogasun zinegotziak aurrekontuaren ildo nagusiak azaldu zituen udalbatzarrean. “Aurrekontu hauek agintaldiko azkenak izango dira. 2022koak COVID-19ak sortutako larrialdi egoeratik ateratzeko diseinatu bagenituen, 2023koak Ukraniako inbasioak, mundu mailako lehengaien krisiak, energiaren krisiak eta inflazioak markatuko ditu. Egoera ekonomiko horren aurrean, 2023rako ordenantza fiskalak ez igotzea erabaki dugu, eta tarifa sozialaren baitan beste zerbitzu batzuk sartu ditugu, bizi dugun egoera sozial eta ekonomikoari aurre egiteko”, azaldu zuen. Hala, 2023ako aurrekontuak "herriaren eta zarauztarren beharrak asetzeko" eta herri bezala Zarautzek dituen "lehentasunak bultatzeko" diseinatu dituztela azpimarratu zuen. "2022an zehar plan estrategiko garrantzitsuak onartu ditugu, besteak beste, Zarautz 2030 Plan Estregikoa, Energia Plana, Parekitadetasun Plana. Aurrekontu hauek horietan adierazitako helburuekin lerrokatuta daude".

Gastu politiken ikuspegitik, Ekonomia eta Ogasun zinegotziak azaldu zuen, herritarrekin, gizarte politikekin eta herritarrei ematen zaizkien zerbitzuekin zerikusia duten partidek aurrekontuaren zati handi bat hartzen dutela. "Gizarte politiketara biztanleko urtean 233 euro bideratuko ditu udalak; kultur jardueretarako, biztanleko 214 euro eta kirolerako 200 euro. Aipatutako partida bakoitzak aurrekontuaren %10a edo gehiago hartzen du. Izan ere, aurrekontu hauek gure herria mantentzeko, herritarren beharrak asetzeko eta udal zerbitzu onena emateko helburuarekin diseinatuta daude".

Bestalde, Aranak adierazi zuen 2022ko inbertsio planaren garapena "hilabete batzuk atzeratu" dela, "lehengaien prezioen igoera eta kasu batzuetan horien eskasia dela eta". Hala, proiektu horiei jarraipena eman eta amaitzeko, 2023ko inbertsioen atalean txertatu dituzte. Hori dela eta, 2023ko inbertsio plana bitan banatu dute: lehen zatian, hauteskunde aurretik garatuko diren partidak zehaztu dituzte, eta bigarren zatian, hauteskunde ondoren, gaur egungo udal gobernu osatzen duten alderdiek jarraituz gero, gauzatuko dituzten proiektuek.

Ekonomia eta Ogasun zinegotziaren esanetan, aurtengoan departamenduen arteko koordinazioan "lan garrantzitsua" egin dute, batez ere inbertsioen atalean. Bestalde, argitu zuen, 2023rako ere, ez ohiko izaeraz, etenda geratu direla Gipuzkoako toki erakundeen arau fiskalak. "Horrek esan nahi du aurrekontu egonkortasunaren eta zor publikoarena helburuak eraginik gabe geratuko direla, eta gastu arauak ez dira aplikatuko urte honetan".

Inbertsio nagusiak:

  • Villa Nurian udaltzainen eraikin berria egiteko: 1.650.000 euro.
  • Vista Alegreko igogailuak: 300.000 euroko eta 1.262.000 euro.
  • Santa Klara komentua ordaintzeko eta bertan egokitzapenak egiteko: 1.000.200 euro.
  • Astiko kantina martxan jartzeko: 1.100.000 euro.
  • Asti kirol-guneko lurren erosketa: 500.000 euro
  • Santa Klara komentuaren inguruan Amalur parkea egiteko: 500.000 euro
  • Asfaltatze Planarekin jarraitzeko: 400.000 euro.
  • Energia ikuspegiko inbertsioak: 400.000 euro.
  • Haur parkeak berritzeko: 323.000 euro.

Horrez gain, partidaren kopurua zehaztu gabe, urtean zehar egingo diren beste hainbat proiektu ere aipatu zituen Aranak:

  • Nafarroa kaleko berrurbanizazioa.
  • Komun auto-garbigarri gehiago jartzea.
  • Iñurritza errekako pasabidea.
  • Munoako ikuslekua konpontzea.
  • Hegoalde parkina egokitzea.
  • Eraikinak mantentzeko partida garrantzitsuak.
  • Pilartxo Eneako parkea estaltzea.
  • Zelai Ondoko parkea estaltzea.
  • Mitxelena kaleko trenbidearen azpiko pasabidea.
  • Nekazal bideak eta herri bideak konpontzeko inbertsioak.

Udal taldeen ekarpenak

Podemos Equo-Berdeak udal taldeko bozeramaile Oihane Delgado izan zen hitza hartzen lehena, eta azaldu zuen hauteskunde urtea izanik, ez dutela udalbatza berriaren aurrekontua baldintzatu nahi izan. "Jarrera irekiarekin jorratu dugu negoziazioa, adostasunera iristeko helburuarekin. Akordioetara iritsi gara EAJreki eta alderdi sozialistarekin, eta lortu dugu, alde batetik, herriko elkarteen diru-laguntzak %7 handitzea, eragileak herriko arima direla ulertzen dugulako. Bestetik, Emakumeen Etxeko arreta psikologikoaren zerbitzua indartzea ere lortu dugu. Horregatik, aldeko botoa eman dugu".

PSE-EEko bozeramaile Glori Vazquezek adostasunetara iristeko jarrera izatea eskertu zion Podemos Equo-Berdeak udal taldeari. "Agintaldi hau COVID-19ak markatu du nagusiki, eta azken aldian, berriz, Ukrainako gerrak, energiaren krisiak eta inflazioaren igoerak. Izurrite garaian, ahalegin guztia egin genuen larrialdi egoerari aurre egiteko, eta, orain, prezioen igoeraren eraginez partida asko handitu behar izan ditugu. Dena dela, Udal Gobernutik erabaki dugu herritarrei karga fiskala ez handitzea, prezioen igoera gure gain hartuz. Egoera konplexu honetan, ahalegin berezia egiten ari gara proiektuak aurrera ateratzeko".

Alderdi sozialistarentzat trantsizio energetikoa "lehentasunezkoa" da, eta aurrekontuan 400.000 euroko partida txertatu dutela azpimarratu zuen Vazquezek, "kaleko argiteria aldatzea behar-beharrezkoa baita". PSE-EEk uste du Energia Planean jasotako neurrien aplikazioa "azkartu egin beharko litzatekeela, klima larrialdi egoeran gaudelako. Badakigu guztia ezin dela urtebetean exekutatu eta planifikazioa ezinbestekoa dela, baina uste dugu orain arte bezala neurriak hartzen jarraitu behar dugula, eta aurrekontuetan hainbat partida jaso ditugu ildo horretan".

Parekidetasun arloan urratsak egitea ere ezinbestekoa dela uste du Gloria Vazquezek eta hainbat partida txertatu dituzte aurrekontuetan horretarako: puntu beltzak identifikatzeko eta horiei konponbidea emateko mapa morea eta Emakakumeen Etxeko zerbitzua indartzea, esaterako.

EH Bilduk bere lehen hitzartzean azaldu zuen ezin dituela aurrekontuak babestu, koalizioarentzat oinarrizkoak eta garrantzitsuak diren partidak falta direlako. "Abenduaren 14an aurkeztu genituen gure proposamenak, eta herenegun jaso genuen zuen idatzizko erantzuna, esanez sintonia berean gaudela, baina guk egindako eskaera ia guztiei ezezko erantzuna eman diezue", azaldu zuen Itziar Murua bozeramaileak. EH Bildurentzat hainbat arlo lehentasunezkoak dira, eta etxebizitza eskubidea errazteko, mugikortasuna sustatzeko eta herri ondarea mantentzeko partidak proposatu dizkio udal gobernuari: Etxebizitza arloan, gazteen emantzipazioan laguntzeko, Alokabideren bitartez etxea alokairuan jartzen dutenei diru-laguntzak emateko eta Hegoalde eremuan etorkizunean etxebizitza publikoak eraiki ahal izateko lurrak erosteko partidak. Mugikortasunari dagokionez, trenbidea lurperatzeko trazatuaren azterketari jarraipena emateko, trafikoaren inpaktuaren azterketa egiteko eta bidegorri zein bizikleta bideak indartzeko partidak. "Efizientzia energetikoa aipatu duzue. Energia Planari baiezko botoa eman genion, baina ikusi dugu aurrekontuetan ez zaiola behar adinako garrantzia eman planari. Kale argiteria aldatzen joateko partida bat jarri duzue, baina hori baino askoz gehiago egin behar dela pentsatzen dugu. Uste dugu  gaia premiazkoa dela, eta epeak mozten joan behar genukeela, ahal balitz 2025erako exekutatua egongo balitz hobe. Udal eraikinetan plaka fotovoltaikoak jartzen hasi beharko genuke, eta kale argiztapena ez ezik, udal eraikinetako argiak LED teknologiagatik ordezkatu beharko lirateke", azaldu zuen Muruak.

EH Bildurentzat Zarautzen herri izaerari eustea ere oso garrantzitsua da. "Oso herri turistikoa da gurea eta, ondorioz, ahalegin berezia egin behar dugu herri izaera hori mantentzeko. Hortik dator, alokairu turistikoen azterketa eta araudia idazteko partidaren proposamena. Horrez gain, herriko festen diru partiden berrantolaketa bat ere eskatu genuen, abuztuko eta San Pelaiotako festen diru partidak orekatzea, eta auzoetako festetarako %10eko igoera ere eskatu genuen. Azken hori %7a igo duzue, Podemosekin lortu duzuen akordioari esker, baina guretzat ez da nahikoa".

EAJ udal taldearen izenean, Jesus Aranak hartu zuen hitza, eta adierazi zuen EH Bilduren proposamenak berandu iritsi zirela. "Ekainean edo uztailean adierazi genizuen aurrekontuak lantzen hasiko ginela eta udal talde guztiei esan genizuen zuen proposamenak eta proiektuak aztertzeko prest geundela. Uda ondoren hainbatetan errepikatu genizuen gauza bera, eta erantzun zeniguten udalaren zirriborra jasotzen zenutenean, proposamenak egingo zenituztela. Guk, ordea, ez ditugu zirriborroak egiten, eta departamendu guztiekin koordinatuta aurrekontuak osatzen ditugu. Horregatik, geroz eta beranduago proposamenak egin, zailagoa izaten da aurrekontuan aldaketak egitea". Aranak azaldu zuen, EH Bilduren proposamenak aurrekontu proposamenarekin "sintonian" daudela dioenean, "ildo nagusietan bat egiten dutela" esan nahi duela, eta horren adierazle hainbat adibide eman zituen.

Hitzartzeen bigarren bueltan, Gloria Vazquez bat etorri zen Aranarekin, eta nabarmendu zuen EH Bilduren proposamenak aurrekontuarekin "sintonian" daudela sentitzen duela berak ere. "Zuek aipatzen dituzuen lan ildo asko jasota daude aurrekontuan. Etxebizitza arloan ahalegina egiten ari gara babestutako alokairuzko etxebizitzak eraikitzeko herrian. Trena lurperatzeko proiektuari dagokionean, berriz, partida bat jasotzea baino garrantzitsuagoa iruditzen zait Eusko Jaurlaritzarekin gaia lantzeko urratsak ematea, eta gure esku dagoena egiten ari gara horretarako. Uste dut hemen bilduta gauden alderdi guztiak bat gatozela horretan".

Itziar Muruaren iritziz, Udal Gobernuak aipatzen duen sintonia "tituluan soilik" dator bat EH Bilduren proposamenekin, koalizioaren eskera gehienak "baztertu" egin dituztelako. Dena dela, EH Bilduren proposamenak aipatzeaz gain, aurrekontuen balorazioa ere egin zuen koalizioko bozeramaileak. "2022koak gutxi gora-beherako aurrekontuak zirela esan genizuen. Urtea pasata, denborak arrazoi eman digu. Zazpi milioiko inbertsioak onartu ziren eta urtean zehar egin diren kreditu aldaketekin, 8,7 milioi arte igo da inbertsioen atala. Praktikan, ordea, 4,4 milioi gauzatu dira, esandakoen erdia. 2023ko aurrekontuarekin ere antzeko zerbait gertatuko dela uste dugu. 49,3 milioiko aurrekontuak dira eta inbertsioetarako 10,7 milioi bideratu dituzue. Gainera, bigarren seihilekorako jaso dituzuen proiektuak gerakinetik egingo dituzuela esan diguzue, guztira 15 milioi bideratuz inbertsioetara. Ez zaizkigu aurrekontu errealak iruditzen, handinahikeriaz puztutakoak baizik. Sarreretan 39 milioi euro jasoko baditu udalak, nola da posible 49 milioiko aurrekontua egitea? Kredituarekin lortzen duzue koadratzea, baina hasieratik dakigu ez dituzuela gauza guzti horiek egingo. Gainera, aurrekontu hauek beteko balira, ez lukete egonkortasun legea beteko. Esan duzu aurtengorako etenda geratu direla egonkortasun legeak zehazten dituen helburuak, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak gomendioa egiten du herri bakoitzerako, eta Zarautzi gehienez 340.696 euroko defizita izatea gomendatzen dio. Aurrekontuak aurrera eramango balira, berriz, 9 milioikoa izango litzateke". 

Jesus Aranak EH Bilduri erantzunez, azaldu zuen 2022rako aurreikusita zituzten hainbat inbertsio, gaur egun esleipen prozesuan edo martxan daudenak, atzeratu egin direla eta 2023an sartu behar izan dituztela. "Guk ez daukagu beldurrik, eta proiektuak gauzatzen ditugu. Zarauzko herriak beharko balu, Zarauzko Udala, dagoen egoera ekonomikoari esker, zorpetzeko moduan dago, eta ez dugu beldurrik zorpetzeko, herritarrek beren bizitza proiektuak aurrera eramateko, zentzuz egiten duten bezala. Oso garbi daukagu zein den udal gobernu honen eta herri honen ibilbidea, eta horretarako beharrezko urratsak emango ditugu. Dena dela, herritarrek jakin behar dute horrelako operazioak egiten direnean, udalaren eta aldundiaren organoek ikuskatzen dituztela". 

 

 

 

 

 

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide