Euri oso gutxi ari da egiten aspaldian. Lehortea nola ari da eragiten gure mendiei?
Lehortearen eragina, aurtengoan, oso nabarmena izan da. Garai begetatiboa –udaberri hasieran, hostoak berritzen direnetik honaino, non zikloa amaitzen duten– aspaldiko atipikoenetakoa izan da. Batetik, lehorra joan da, oso euri gutxi egin baitu, eta, bestetik, beroa, oso beroa izan da; sekulako tenperaturak jasan ditugu. Noiz ezagutu dugu, ekainean bertan, 40 graduko tenperaturarik? Udan zehar gutxienez beste pare batean errepikatu da. Noiz ikusi dugu halakorik?...
Neguan landatutako landare gazte asko lehortu egin da. Ezagutu ditugu oso goiz hostoak galdu dituzten zuhaitzak ere. Eta izan dira fruitu ekoizpen aldetik oso patal ibili diren espezieak ere. Bestalde, izaera mediterraneoa duten gure arkamurka edo artelatza zaharrak, berriz, azken urteetako ezkur kopuru politena ematen ari dira, eta ale mardulenak ere bai.
"Estatistikak diosku Gipuzkoa eta Bizkaian sute ugarienak eta handienak martxoan izaten direla eta, ondoren, otsailean"
Sute arriskua handia ari da izaten azken egunetan baina, zenbateraino da larria?
Euskal Herri atlantiarrean, Kantaurialdeko arrokoan, uda izaten da, suteei dagokionez, garairik seguruena. Tenperatura altuak izan arren, hezetasuna ere handia izaten da, ohikoa da %80 gainditzea, eta mendiko erregaia ez dago erabilgarri; landare berdeak, hosto nahiz belarkarak, heze daude. Belar sastraka eta garoen ur edukia %90tik gorakoa da. Baldintza horietan, bero handia egin arren, oso nekez erretzen dira, lehenik eta behin lehortu egin behar direlako. Hori dela eta, suak, sekulako keak ateratzen dituen arren, ez du apenas aurrera egiten, sastraka-garoek galgatu egiten dutelako bere hedapena. Hirugarren osagaia den haizea, bestalde, ez da batere ohikoa uda aldean.
Udazkenean, aldiz, mendira begiratu baino ez dago: garoa lehortu da; ordura arte sua zabaltzea oztopatzen zuena, lehen mailako erregai bihurtu zaigu bat-bateamn. Hori gutxi ez, eta tenperaturak, egun, ia udakoak adinakoak ditugu. Azkenik, hego haizea dabilkigu azken asteotan etenik gabe, bortitza eta oso lehorra, eta aireko hezetasun erlatiboa %30tik behera jaitsi zaigu.
Faktore asko elkartu dira, beraz.
Bai. Esan dezakegu zorigaitzeko koktela osatu dugula, eta saria jasotzeko boleto ia guztiak dauzkagula; azken osagaia falta da, hots, zoria. Eta hori, edozein ustegabetik etor liteke. Duela egun gutxi Enkarterrian izandakoa, adibidez, argindar kable batetik sortu zen. Etor liteke mendian ibiltzetik, edo lan desegokiren bat egitetik. Hori dela eta, alerta egoeran gaude, eta debekatu egin dira mendian makineriarekin egiten diren hainbat lan. Zer esanik ez, atseden lekuetako parrilla edo antzekoak erabiltzea. Ezin dira piztu.
Suteak prebenitzeko besterik egin daiteke?
Esan bezala, hainbat lan mota eteten duen agindua hor dago, eta baita aisialdiarekin lotutako jardueretakoak ere. Mendian dabilena egoeraren jakinaren gainean egon dadila, eta zentzuz joka dezala.
"Arazoak etorriko dira orain arte noizean behingo egoera ezohiko hori, ia urtero eta bolada luzez luzatzen hasten bada"
Teknikoki eta giza baliabide aldetik prestatuta al gaude baso baten suteari aurre egiteko?
Beti zer hobetu badagoen arren, baliabideak baditugu. Baina, horrelakoetan gertatzen den bezala, ohiko egoeretarako ditugu baliabideak; ezohiko egoera puntual bati ere aurre egin geniezaioke. Hortik aurrera, ordea, erabiltzen ez diren bitartekoak alferrik edukitzea baliabideak xahutzea litzateke. Arazoak etorriko dira orain arte noizean behingo egoera ezohiko hori, ia urtero eta bolada luzez luzatzen hasten bada. Horrek, baliabideen egokitasuna birplanteatzera eraman beharko gintuzke; izan ere, aldaketa klimatikoaren aurreikuspenak kontuan, agian paradigma aldaketa baten atarian geundeke.
Zarautz aldean eta barrualdean, adibidez Azpeitian, egoera antzekoa al da, edo badaude aldeak batetik bestera?
Aldeak, egotekotan, bigarren mailakoak dira. Tenperatura, haizearen abiadura, hezetasuna eta mendiko landaretza... hots, arriskua determinatzen duten faktore nagusiak, bertsuak dira. Mendian dabilen jende kopurua, jarduerak, belardi-baso-soro banaketa… Horretan egon litezkeen aldeak ez dira horren esanguratsuak.
Zuk ze aurreikuspen egiten duzu egoeraz?
Garai honetan, haizea itsas aldetik jotzen hasi artean ez dugu deskantsurik izango. Garai hezea, hotza dagokigu urte sasoi honetan. Ea badatorren. Hego haizearen menpeko egoera urtero gertatzen da udazkenetik udaberrira bitarte, baina tarteka. Iraupen nahiko motzekoak izan dira beti, egun gutxikoak. Hegazti migrazio garaian urtero ezagutu dugu, baita neguan zehar ere, baina hotza eta euria nagusi direneko garai luzeagoetan tartekatuta. Ez ote da, beraz, egungoa gehiegi luzatuko.
Ez dezagun ahaztu neguak aurrera egin ahala mendiko erregaia gero eta lehorrago egoten dela eta udaberri aurretik ematen direla baldintzarik zailenak. Estatistikak diosku Gipuzkoa eta Bizkaian sute ugarienak eta handienak martxoan izaten direla eta, ondoren, otsailean. Eta izan ditugu urte okerragoak ere, ia negu osoa lehor eta haizetsu joan zirenekoak. Gogoan dugun okerrena, zalantzarik gabe, 1989ko negua izan zen, Bizkaia eta Gipuzkoan 30.000 hektarea inguru kiskali baitziren, eta herri osoak isolatu baitzituen. Pertsonalki, gertutik ezagutu nuena Deba herrikoa izan zen, errepidez eta trenez isolatuta egon zenekoa. Autobidea eten behar izan zen, eta paniko egoera ugari ezagutu genituen.
Puntu horretan ote gaude?
Inolaz ere ez. Ez oraingoz, behintzat. Baina udazken-negu garaia hasi baino ez dugu egin... Herriko ostalariek eta terraza zaleek barka nazatela, baina eskertuko genuke, behin hasiz gero, zigor modura, astebeteko euri goxoa. Aspaldiko partez zirak jantzi eta gauerako ere, manga motzean irten beharrean, armairuan nonbait gordetako jakak erabili beharko bagenitu.