Iritzia: Zakarra

Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2022ko urr. 27a, 11:30

Covarrubiaseko zakarrontzia. (Txiliku)

Hona hemen Jesus Mari Olaizola Txiliku-k Urola Kostako HITZAren Puntuka atalerako idatzi duen artikulua.

Zakarra deitzen diogu botatzeko den hondakinari; zakarrontzi, berriz, hura jasotzeko ontziari. Bestalde, eta pertsonez ari garela, zakarrontzi da inongo gozotasunik ez duena, pertsona zakar, takar edo gozakaitza; baina hori beste kontu bat da, gaurkoz aipatuko ez duguna, gaur zakarrez hitz egitean gure soberakinez arituko baikara, zaborrez; zakar edo zabor erabil dezakezu, beraz: bakoitzak du nahi duen eran deitzeko eskubidea. Txarra da batera edo bestera izendatu, hortxe izango ditugula muturren aurrean, eta denbora luze samarrean lagaz gero, kirasten hasiko zaizkigula, gainera. Izan ere, gero eta nazkagarriagoa bihurtzen ari zaigun kontua da zakarren kontu hau. Gero eta ugariagoak dira edonon, eta geure begi-bistatik aldentzeko zer egin asmatu ezinik gabiltza. 

Zakar-biltzaile deitzen diogu edozein txikikeria berrerabiltzeko jasotzen duenari; zoritxarrez, gero eta gutxiago dira traste zaharrak jasotzeko joera dutenak; eta, orokorrean, gero eta zabor gehiago sortzen dugu denok. Zakar-biltzaile amateur horiez gain badira profesionalak ere, zakarra biltzea lanbide dutenak, alegia; baita bien artekoak ere, zaletasunetik at etekinengatik aritzen direnak bilaketan. Joan zen asteazkenean zakarrak botatzera joan nintzenean, ikustekoa zegoen zakarrontzien ingurua: oholak, kartoizko kaxak, altzariak… Ni iritsi bateratsu bazen han aipatutako «beste» zakar-biltzaile horietako bat. Eskuan zuen argi-lanpara metalezkoa, eta, haren zeramikazko apaindurak nahi ez zituenez, kinki-kanka lurra joaz hausten ari zen metalezko egitura ahalik eta bereizien eramateko asmoz. 

Gogoetarako unea zen hura. Gauzak sobera eduki eta asteazkenean zakarretara botatzen zituen gizarte batean, hango hondakinak baliogarriak zitzaizkiolako haiek eskuratzen saiatzen ari zen zakar-biltzaile bat zegoen. Zerbait oker zegoen han, eta gure gizartean. 

Ez gara gauzak behar bezala egiten ari. Oker gabiltza. Eta, okerrena, lotsatu egiten gara egindakoaz, eta ezkutatzen ahalegindu. Horrela bagoaz, gero eta zakarrontzi handiagoak, zakar-biltegi ezkutuagoak eta zakar-erraustegi iruzurtiagoak eginez jarraitu beharko dugu sortu bai, baina begi-bistan eduki nahi ez ditugun zakarrak gordetzeko edo birrintzeko. Eta kontzientziaren harra gutxien merezi dutenen burmuinetan ezarriz, gainera. 

Asteazkenetik asteburura bitartean, zakarrontzien aurrean entzun nion emakume bati: «Jainko maitea, zer egin dut, ordea!». Zer zuen, bada, egindako bekatua? Poltsetakoren bat nahastu, gehienera ere. Errefuxakoak organikora bota edo horrelakoren bat. Hori baita zakarren kontu honekin gertatzen zaiguna. Kontzientzia txarra sortzen da arazoaren kontzientzia dugunongan, eta agintariek kontrola lasaiegia uzten diete benetako ardura dutenei; hau da, erabiltzaileari zorrotz eskatzen zaio hondakinen banaketa, eta birziklatzea egin behar dutenengan esku eta begi arineko zaintza besterik ez dago administrazioaren aldetik. Dena da iluna, ezkutukoa. Ez dadila ageri zaborra gure begi-bistan. Ez dezatela jakin zer gertatzen den guk zehatz-mehatz bereizten ditugun zakar horiekin: nora doa bakoitza? Zer etekin ateratzen da gure ahaleginekin? Non amaitzen dute zakarrontzietan jartzen ditugun hondakin horiek guztiak?

Jendeak badu borondatea; jendeok saiatzen gara zakarrak bereizten eta biltzen; zakarrontziak bete egiten ditugu, eta gehiago jarri behar badira jarri egin behar dira, sortzen dugun zerrikeria guztia zenbatekoa den jabetzeko, besterik ez bada (Euskal Jai biharamun goizean Alde Zaharreko kaleak eta Munoa ikustekoak ziren geure buruaz lotsatzeko). Musika Plazan badaude bost zakarrontzi; ongi, baina inguruko kaleetakoak desagertzen joan dira, falta dira,  behar ditugu, eta, beti kritika negatiboa egitea leporatzen diguten horientzat, hemen proposamen bat: dorretxe baten irudiko burdinazko zakarrontziak jar daitezke plastikozko ontzi kaskarrei su eman eta erretzeko beldurra bada ontzirik ez jartzeko aitzakia. Covarrubias herrian badute dagoeneko eredu egoki bat. Gurean Dorre Luzearen irudiarekin jar liteke…

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide