Goiztarrak taldekoek ez dute hutsik egin. Garai bateko pertsonaiez mozorrotuta, goiz ekin diote Euskal Jai Eguna ospatzeari, eta herrian barrena ohiko itzulia egin eta gero, 11.30ak aldera Frontoi Txikira inguratu dira. Pilota partida estua ikusi dute aurrena, bertso saioa gero, eta sokatirarekin eman diote saioari bukaera. Tartean une hunkigarririk ere izan da, ordea. Duela urtebete hil zen Iñaki Osa taldekidea ekarri dute gogora, eta bertso bat abestu eta oroigarri bat ere eman diete haren etxekoei.