Eskolarako itzulera dela-eta motxilak betetzeko ordua dela gogorarazi digute hedabideek egunotan.
Eskola eta motxila lotzea aski berria dela ohartu naiz. Gu ikasle ginen garaian motxila mendirako, eta mendirako soilik, izaten zen. Liburu eta gainerako trepeten garraioa maleten bidez egiten genuela esango nuke. Edo karpetak gehitxo gizenduta. Gerora hasi ginen oihalezko zurroi, bandolera eta gisakoak ezagutzen. Eskola atzean utzi eta helduaroan sartzearekin hasi ginen marikonerak -gizarte haren sentiberatasun mailaz asko dio hitzaren asmazioak berak-, eta riñonerak erabiltzen… Hizkuntzari dagokionez, motxila eta bandolera, karpeta eta riñonera, zurroi eta marikonera… euskarak motz samarra zirudien zintzilikarioak izendatzeko orduan. Editore batek baino gehiagok «motxila»-ren ordez «bizkar-zorro» hobetsi izan du…
Pello Esnalek eskaini digu datu bat, berria: «Hain zuzen, euskarazko 'mutil' edo 'motil' hitzetik omen dator gaztelaniazko 'mochila'. Garai batean hala kargatuta ibiltzen ziren, nonbait, enkarguak egiten zituzten mutilak eta morroiak. Eta azkenean, zama eramateko zorroak hartu zamariaren izena». Hori hala izaki, orain tristura punttu batez begiratuko diet motxila bizkarrean eskolara doazen neska-mutilei.