Hainbat historialarik gaitzetsi egin du Zarauzko Udalak 'Nao Victoria' herrian egin zela onartu izana

Onintza Lete Arrieta 2022ko ira. 4a, 09:00

'Nao Victoria' itsasontziaren erreplika. (Fundacion Nao Victoria)

"Gipuzkoako Historia aztertzen duten historialari profesionalen kopuru handia nahiz erakunde kopurua kontuan hartuta, ez dugu ulertzen zer irizpide erabili diren 1515ean ustez Zarautzen Victoria ontzia eraiki zela ospatzeko", esan dute gutun bidez hainbat unibertsitate eta erakundetako profesionalek. Sinatzaileen artean daude Xabier Alberdi eta Ekai Txapartegi zarauztarrak.

"Historialari profesional, akademiko eta ez-akademiko gisa, harri eta zur utzi gaituzte Zarautzen azken egun eta asteetan gertatu diren gertaerek. Izan ere, Zarauzko Udalak, historia ofizial gisa onartu du Nao Victoria itsasontzia herri horretan eraiki izana. Hala, irailaren 6rako ospakizun ekitaldiak antolatu ditu Nao Victoria itsasontziak mundubira egin zueneko 500. urteurrena izenburupean. Gure ustez, edozein ospakizun zilegi da, baina ez oinarri historikorik gabe egiten bada. Harrituta gaude Zarauzko Udalak historialariaren lanbide profesionalarekiko agertu duen gutxiespenagatik eta mespretxuagatik, ontzat emanez eta kontraste kritiko-analitikorik gabe onartuz zenbait teoria, inola ere frogatu ez direnak, ad hoc oinarrituak elezahar eta froga zirkunstantzialetan eta suposizioetan, diskurtso ideologiko egokia sortzeko muturreraino behartuak.

Zientzia historikoa gertaeren kontrastean oinarritzen da, dokumentazioa frogatuz, erkatuz; horretan oinarritzen da metodologia historiografikoa, XIX. mendearen bigarren erditik aurrera ezarria eta pixkanaka eboluzionatuz joan dena, finkatuz eta hobetuz, eta positibismo eta ideologizazio hutsetik urruntzen saiatzen dena.

Bigarrenik, gairik mingarrienetako bat, gure ikuspegitik, da erakunde publiko batek, Zarauzko Udalak, bere gain hartu dituela instituzio zientifiko baten egitekoak eta harago joan dela, onartu eta gainditu egiten ditu, ofizialtasuna emateko gaitasua eman baitio bere buruari ustezko gertaera historiko bati, guk dakigula behintzat aurrez txosten eta peritu lan espezializatua egon gabe. Nabarmena da historialari profesionalekiko gutxiespena; horrelako ekitaldietan protagonismo berezia izan beharko lukete horiek, gizartean duten garrantzia kontuan hartuta. Ez dator bat obra edo eraikuntza baten edozein lizitaziorekin, non txosten eta peritu-txosten espezializatu batzuk behar baitira, Geografia, Kartografia, Arkitektura eta abarretako profesionalek eginak, Udalak berak dakien edo jakin beharko lukeen moduan.

Gipuzkoako Historia aztertzen duten historialari profesionalen kopuru handia nahiz erakunde kopurua kontuan hartuta– Albaola, Aranzadi Zientzi Elkartea, Eusko Ikaskuntza, Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialarien Elkartea, Euskal Herriko Unibertsitatea eta bere Historia sailak bezalako erakundeak –, ez dugu ulertzen zer irizpide erabili diren 1515ean ustez Zarautzen Victoria ontzia eraiki zela ospatzeko.

Ez gaude eztabaida historiografikoaren aurka, nahiz eta egindako diskurtso batzuek ez duten gutxieneko berme, errudizio eta praktika historiografikorik, eta ziur gauden ez luketela inolako kritika dokumental eta historiografikorik jasango, funtsean, XIX. mendearen amaieran formulatutako usteetan, elezaharretan eta mitoetan oinarrituta daudelako, nahiz eta Zarautzen eta zarauztarren herri-kulturaren parte izan.

Akats edo gezur historiografikoak ez dira egia bihurtzen askotan errepikatu arren edo ofizial egitearren. Are gehiago, uste dugu osasuntsua eta egokia izango zatekeela Zarauzko Udalak, halako aldarrikapen eta ospakizun bat abian jartzera ausartu baino lehen, eztabaida abiatu izan balu eta lehen aipatutako erakundeen edo horietan eta horietatik kanpo lanean diharduten historialari profesionalei txosten teknikoa eskatu izan balie, ustezko teoria horiek kontrastatzeko.

Ikaragarria da historialari zientifiko eta akademikoei erakusten zaien mespretxua, hitza emanez beste esparru batzuetako espezialistei, hala nola kazetariei, ingeniariei eta abarri, historiazaleak izan arren, gutxieneko prestakuntza historiografikorik ez duten horiei, alegia. Gaur egun zientzia historikoak jasaten duen intrusismo basatiaren erakusgarria da. Are gehiago, historiako profesional eta erakunde horiek diru publikoarekin finantzatzen direnean eta erakundeen eta, oro har, publikoaren zerbitzura daudenean.

Benetan uste dugu, gainera, era honetako jokabideek –diru publikoarekin eta nahierara finantzatzen direnak, aldebakarrez– gure gizarteak bizi duen gaitza erakusten dutela: erabat galduta postegian eta autoritate intelektual faltan, non Wikipedia edo beste edozein okurrentzia apurtzaile eta berri bihurtzen diren jarraitu eta aipatu beharreko erreferentziak.

Beraz, lehenik eta behin eskatzen dugu gure gobernu-erakundeek historia zintzoa susta dezatela, historialariek egina, nahiz eta akademikoak ez izan, beren berme zientifiko eta profesionala aplika dezaten, eta metodologia zientifikoa eta metodo historiografikoa aplika ditzaten.

Bigarrenik, Gipuzkoako historialarien eta zientzia-erakundeen gizarte rola aldarrikatzen dugu, bai eta interesa duten teoria eta usteak, ideologizatuak edo alderdikoiak, alderatzeko beharra ere, datozen lekutik datozela,
historiako profesional adituen bitartez, oinarri historiko eta zientifiko gutxiko ospakizunak antolatu aurretik.

Azken finean, dei egiten diegu Zarauzko Udalari eta Gipuzkoako erakundeei, eskura dituzten tresnak erabil ditzaten, zeinak funts publikoak dituzten; hau da, jo dezatela probintziako historialari profesional eta erakunde zientifikoetara. Horrez gain, salatzen dugu azkenaldian Gipuzkoako zenbait udaletan orokortzen ari direla jardunbide desegokiak, eta horren adibide egokia dela Zarautzen irailaren 6an egingo den ospakizuna, horrek ez baitu peritajerik eta kritika historiografikorik pasatu.

Historiak badu bere metodoa, datu-metatze hutsa izatetik urruntzen duena; analisi kritikoarekin, ikuspegi konparatuekin, testuinguruarekin eta interpretazioarekin egiten da, baina horrek ez du bihurtu behar Historia ulertezina, eta talde akademiko txikientzat bakarrik. Kontrakoa, ikertu egin behar da, zabaldu egin behar da, partekatu eta eztabaidatu, funtzio soziala baitu. Historiak publikoa izan behar du, baina ez du eragin behar horretan aritzen diren profesionalek izen ona galtzea, ez eta haien lana zalantzan jartzea ere, eta ezin da lan hori maltzurkeriaz erabili helburu faltsu eta ideologikoekin.

Alderantziz, gaur egun inoiz baino gehiago, Gipuzkoako historialarien eta zientzia-erakundeen komunitateek beren komunitatearen zerbitzura egon behar dute eta egon nahi dute".

Atxikimendua erakutsi dute:

  • Alvaro Aragon Ruano, Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Xabier Alberdi Lonbide, Euskal Itsas Museoaren zuzendaria
  • Guillermo Roa Zubia, Elhuyar Fundazioa
  • Ekai Txapartegi, EHU
  • Juan Madariaga Orbea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
  • Margarita Serna Vallejo, Universidad de Cantabria
  • Hilario Casado Alonso, Universidad de Valladolid
  • Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialarien Elkartea
  • Gipuzkoako Historialarien Elkartea
  • Albaola Itsas Kultur Faktoria

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide