48 ordu besterik ez dira falta esperotako unea iristeko: hau da, denboraldi honetako traineruen ETE eta KAE1 ligak hasteko. Izan ere, “negua gogorra eta luzea” izaten da arraunlarientzat, eta arraunak astintzeko gogotsu eta motibatuta daude denak. Igandean Pasaian (Gipuzkoa) izango dute hitzordua eskualdeko bost traineruk: Zarauzko eta Zumaiako gizonen zein emakumeen traineru nagusiek, eta Orioko gizonezkoen bigarren traineruak. ZAE Zarautz Arraun Elkarteko gizonezkoek, esaterako, iaz maila gorenean lehiatzearen balentria atzean utzi, eta KAE1 ligan jarriko dituzte indar guztiak igandetik aurrera. Jon Artola elkarteko presidenteak azaldu duenez, maila jaitsiera izan duten arren, “negua ez da izan berezia”. “Gure helburu nagusia beti ahalik ontzi lehiakorrena ateratzea izaten da”, azaldu du.
Iaztik baja batzuk eduki dituzte ontzian; Aitzol Garro patroiarena, esaterako. Iker De la Linde Hondarribiko bigarren patroiak ordezkatuko du hori. “Hondarribin ez du jokatzeko aukera handirik, eta gurean, berriz, Gaizka Garmendiarekin txandakatuko da. Garmendia altua da, eta itsaso barean kaltetu egiten du trainerua haren pisuak”. Itsasoaren arabera aterako da, beraz, bat ala bestea.
Asier Puertasek jarraituko du entrenatzaile, eta Artolak uste du borrokan Arkoterekin, San Juanekin, San Pedrorekin eta Pedreñarekin ibiliko direla. “Neguko jaitsierak izan ohi dira erreferentzia, eta hor ibili dira ondo Arkote, San Juan, Zumaia… Ikusiko dugu zer gertatzen den”, gaineratu du.
“Mutilak animatuta daude, eta bai mutiletan, bai nesketan, oso giro ona igartzen da azken urte honetan. Elkar animatzen dute, barre ugari egiten dute eta serio aritzen dira lanean”, azpimarratu du ZAEko presidenteak.
«Koskatxo bat igo nahi da»
ZAEko nesken traineruari dagokionez, aurten hemeretzi arraunlarik eta patroiak osatu dute taldea, eta entrenatzaile lanetan Onintza Olaizola ariko da, iaz bezala. Dena den, neguan San Juanek erabaki zuen trainerua ez ateratzea arraunlari faltagatik, eta hango entrenatzaile Jose Luis Perez Koteli Zarautzera etorri da. Printzipioz, datorren urtean bera izango da proiektuari jarraipena emango dion entrenatzailea, eta denboraldi honetan Olaizolarekin batera ibiliko da entrenatzaile. Arraunlariei dagokienez, aurreko denboraldiko arraunlari gehienek jarraitu egiten dute, eta taldera batu dira batzuk: bi arraunlari Lapurditik itzuli dira etxera, Getariatik ere arraunlari bat etorri da, eta beste bat San Juanetik.
Lapurditik etorri denetako bat da Leire Arrojeria zarauztarra, eta berak azaldu duenez, aurtengo denboraldian klubak “baliabide gehiago jarri du, eta apustu handiagoa egin du emakumeen traineruaren alde, arraunak erosiz eta materialean inbertituz, baita giza baliabideetan ere”.
Denboraldiko helburua zein den ere argitu dute Zarauzkoek. “Iazko helburua zen emakumezkoen trainerua ateratzea eta proiektuari hasiera ematea, ia arraunlari guztiok berriak ginelako. Aurtengoa da proiektua egonkortzea eta iazko emaitzak hobetzea. Aurreko urtean ligan azken hirugarrenak izan ginen, eta lehenengo txandan nagusi izan ginen; batzuetan bigarren txandakoekin jokatzea ere lortu genuen, eta aurtengo helburua izango litzateke bigarren txanda horretan lehiatzea eta koskatxo bat igotzea aurreko urtearekin alderatuta. Ohorezko txandakoekin lehiatzerik baldin badugu, askoz hobeto”.
Iazko postua hobetzea, ordea, zailagoa izan daiteke aurten, iaz 11 talde zirelako ETE ligan, eta aurten, berriz, bederatzi. Izan ere, desagertu egin dira ETEn aritzen ziren Lutxana, San Juan, Lapurdi eta Isuntza –eta Hernani eta Portugalete sortu dira–.
“Ilusioa eta motibazioa” azpimarratu ditu Arrojeriak taldea definitzerakoan. “Elkarrekin hasi gara arraunean eta elkarrekin jarraitzen dugu Zarauzko emakumezkoen traineruari forma eta bizitza ematen”.
Igandeko estropadarako «gogotsu» daudela esan du Arrojeriak, eta helburua beren arraunkerarekin asmatzea eta sentsazio onekin arraun egitea izango dela, “baita beste taldeekin indarrak neurtzea ere”.