Asteburu honetan Literaturia ospatuko da herrian, eta bertan omendu egingo zaituztete.
Hori da. Aurten 90 urte betetzen dira Itxaropena sortu zenetik, eta ilusio handiz jaso dugu Literaturiak egin nahi digun aitortza. 1932an sortu zen Itxaropena, eta ni jada hirugarren belaunaldia naiz. Aitonak sortu zuen, gero nire aitak eta osabak jarraitu zuten, ondoren nik eman nion segida, eta orain seme-alabak ere ari dira lanean. Bederatzi hamarkadako ibilbidea daukagu bizkar gainean, eta laugarren belaunaldia ere martxan dago.
Beraz, mendeurrenera iristeko ez dago arazorik, ezta?
Tira, ikusiko dugu! Gauzak konplikatuak izaten dira sasoi batzuetan, eta azken urteak nahiko zailak bezain delikatuak izan dira, krisialdiak izan ditugulako. Esaterako, 2012tik 2014ra garai oso gogorrak izan genituen, eta orain, COVID-19aren eraginez ere izan ditugu gorabeherak. Edonola ere, badirudi jarraitzeko aukera badagoela. Itxaropentsu nago.
Bazirudien teknologia berriek papera irentsiko zutela, baina liburu fisikoak tinko dirau.
Papera da lehentasunezko euskarria. Idazleek eta editoreek euskarri guztietan egon nahi dute, bai paperean bai digitalean, baina lehentasuna papera da. Azkenean, eduki digitalak galdu egiten dira edo zaharkituta gelditzen dira sistemak aldatzen doazen heinean, eta denborarekin desagertu ere egiten dira ondo gordetzen ez badira. Papera, ordea, hor dago beti. Eskuragarri daukazu beti, eta ez duzu gailurik behar. Argia besterik ez. Liburu batek paperezkoa izan behar du, eta ez pantaila batean ikustekoa.
Liburuak bere xarma du: ukitu, orriak pasatu, azala ikusi, kontrazala...
Baita usaindu ere. Eta diseinua ere ezberdina izaten da pantailarako denean ala libururako.
Euskarazko liburu bat hartu eta zenbat aldiz irakurri ahal izan du jendeak azken orrialdean: Liburu hau Itxaropenan inprimatu da.
Horrelakoak milaka daude. Itxaropenak 90 urteko ibilbidea badu, pentsa ezazu! Nik neuk ere ez dakit zenbat titulu izango diren, ezinezkoa da hori jakitea. Guk ez dauzkagu denak, eta hori liburu pila bat ditugula gure artxibategian. Baina hainbat eta hainbat titulu, gerra aurrekoak eta gerrostekoak, bada, galduta daude, eta azken urteetan saiatzen gara ahal den neurrian egiten ditugun liburuak artxiboan jasotzen, baina denak ez ditugu zoritxarrez; izan ere, milaka titulu egin ditugu gure ibilbide luzean.
Eta horiek denak Zarauztik.
Hori da, bai. Hemendik pasatu ziren garaian garaiko editoreak, idazleak, egileak eta, oro har, jende ugari. Horrez gain, Itxaropenako liburuak daude Euskal Herri osoan, eta Euskal Herritik kanpo ere bai, hainbat liburutegitan, liburu dendetan, erabilitako liburuak saltzen dituzten tokietan eta liburu denda zaharretan. Toki askotan ikus daitezke.
Zuen historiak garrantzi handia du euskal literaturgintzan, zuen aitona Patxi Unzurrunzagak sortu zuelako argitaletxe bat Kulixka Sorta bildumari bide emanez.
Nire aitonak gerra aurretik egiten zuen lan Gipuzkoako Foru Aldundiaren inprimategian. Soldaduskara joan zen, eta handik itzuli zenean ez zioten kontratua berritu eta kaleratu egin zuten. Orduan, Zarauzko Zelaia eta Lagunak argitaletxe-inprimategian hasi zen lanean. Enpresa hura gerra aurretik itxi egin zen, eta handik sortu zuen nire aitonak Itxaropena, Emilio Alkorta eta Bonifazio Illarramendi bazkideekin batera. Gerra ondoren, ordea, aipatu bi bazkideek enpresa utzi zuten, eta nire aitonak jarraitu zuen.
Garai oso konplikatuak izan ziren, falangistek inprimategiak konfiskatu zituztelako beraien propagandarako erabiltzeko; inprimategiak behartu egiten zituzten beraien ideologiaren eta erregimenaren aldeko propaganda egitera. 1950eko hamarkada hasieran hasi ziren lehendabiziko euskal liburuak argitaratzen Itxaropenan. Kontua da garaiko Espainiako Estatuko propaganda zuzendaria Pedro Rocamora zela, eta uda pasatzera Zarautzera etortzen zela. Haren bitartez lortu zuten Jose Artetxe idazleak eta aitona Patxik gure euskarazko lehen liburua argitaratzeko baimena. Dokumentatuta daukagunaren arabera, Fernando amezketarra izan zen. Jarraian etorri ziren Orixeren Euskaldunak eta beste zenbait liburu, eta gero Kulixka Sortari hasiera eman zioten.
Kontuan hartzeko bilduma, zalantzarik gabe.
55 liburuz eta 77 tituluz osatutako bilduma da, liburu batzuk bi lan jasotzen baitituzte. Lehen liburua 1952an argitaratu genuen, eta Jon Stefan Svenssonen Noni eta mani itzulpena izan zen, eta sortaren ibilbidea 1973an bukatu zen Antonio Maria Labaienen Teatrogintza eta jakintza lanarekin. Bilduman topatu daitezke, adibidez, Emeterio Arrese, Jaurtakol, Txomin Agirre, Julene Azpeitia, Nemesio Etxaniz, Jon Etxaide, Lizardi eta Gabriel Aresti. Baita Pio Baroja, Ernest Hemingway, Hugo Wast edo Camilo Jose Celaren lanen euskarazko itzulpenak ere.
Pauso garrantzitsua eman zuen Itxaropenak euskal argitalpengintzan, ez da hala?
Euskal Herrian zegoen euskarazko argitaletxe bakarra zen orduan, euskarazko beste argitalpen denak atzerritik egiten baitziren. Garai gogorrak izan ziren haiek, zentsuragatik, baimenak, isunak, liburuak konfiskatu egiten zituzten, baita bahitu edota gillotinatu ere. Bestalde, gure argitaletxeak harpidetza sistemaren bidez funtzionatzen zuen: liburuak egiten zirenean, ahal zen neurrian harpidedunei banatzen zitzaizkien, liburuak desagertu ez zitezen.
Beraz, egungo euskarazko egunkari eta aldizkarien harpidetza funtzionamendu hori jada erabiltzen zuten.
Orduko euskaltzale jendea harpideduna zen eta liburuak egin bezain pronto jasotzen zituzten. Bestelakoa ere gertatzen zen, harpidedunak hiltzen zirenean haien seme-alabek ez zutela jarraitzen harpidetzarekin; batzuek bai, eta beste batzuek, ez.
1973an argitaratu zen Kulixka Sortaren azken liburua. Zergatik utzi zion Itxaropenak argitaletxe izateari?
Frankismo garaian argitaratzen genituen liburuak, baina ondoren, adierazpen askatasunarekin batera, argitaletxeak sortzen hasi ziren, Elkar eta Erein kasu, eta beste batzuk, Lur eta Etor bezala, pixka bat lehenagotik hasi ziren lanean. Beraz, argitaletxeak martxan hasi zirela ikusita, Itxaropenak argitaletxe lana albo batera utzi zuen eta inprimategia soilik izatera pasatu zen. Nahiko konplikatua izateaz gain, argitaletxeak berak ez zeukan etekin handirik. Orduan, alboratzea erabaki zen, eta sortu ziren argitaletxeentzat lan egiten hasi ginen, gaur egun arte.
Euskal gizartea kontziente al da Itxaropenak bere garaian egindako lan eskergaz?
Beno, literatura munduan dabilen jendearentzat ezaguna da, baina orokorrean, ez dakit jendeak zenbateraino dakien. Liburugintzaren alorrean, behintzat, oso ezagunak gara. Frankismoa oso garai iluna izan zen, eta garaiko egileak argitaratu genituen. Hori izan zen gure ekarpena.