Gizartearen zahartzea

Iñigo Altuna: "Nituen ametsak, gogoak eta proiektuak gauzatu ahal izateko aukera eskaini dit Beizamak"

Anartz Izagirre 2022ko api. 26a, 18:00

Beizamak XIX. mendearen amaieran zituen biztanleria halako bost gutxiago ditu egun. Herria husten joan da hamarkadaz hamarkada, baina badira Urola Kostako herri txikienera bizitzera joateko apustua egin duten herritarrak ere. Iñigo Altunak (Bilbo, 1978) 2009. urtean hartu zuen hiria utzi eta bikotekidearekin Beizamara bizitzera joateko erabakia. Han bizi da ordutik.

Hiri handi batetik herri txiki batera joan zinen bizitzera, kasu honetan, Bilbotik Beizamara. Zerk bultzatu zintuen erabaki hori hartzera?
Nire jatorriarekin dikotomia dagoela esango nuke. Bizimodu eta kultura hiritar batean hazi nintzen, baina aita baserri batean jaio zen, eta bere jaiotetxea gure etxetik hamabost minutura zegoen. Gaztaroa, beraz, urbanoa izan nuen, baina naturarekin ere hartu eman handia izan dut. Ez nuke esango, beraz, erabat hiritarra naizenik. Bikotekideak eta biok landa eremuko herri txiki batera bizitzera joateko erabakia, batez ere, nik komunitate txiki batean bizitzeko gogoa nuelako hartu genuen. Espektatiba handirik gabe etorri ginen Beizamara bizitzera; gainera, ezerk ez gintuen lotzen herri horrekin.

Bizimodu aldaketa handia sumatu al zenuen?
Bai, batez ere logistika aldetik. Hiri batean bizi zarenean, egunean eguneko erosketak egiten dituzu, eta dena eskuragarri izan ohi duzu edozein momentutan. Beizaman bizitzeak, ordea, dena planifikatu beharra eskatzen du, eta kontsumo antolatuagoa gauzatzen dugu hemen. Hirian bizi zarenean, bestelakoa da kontsumoa; izan ere, okindegi baten paretik pasatu eta donut bat ikusten baduzu, jateko gogoa sartzen zaizu. Hemen, berriz, nahita ere ez duzu halakorik sentitzen. Gainera, kotxearen menpe bizi gara.

Egun 144 biztanle ditu Beizamak. Urola Kostako herririk txikiena da, eta Gipuzkoako txikienetarikoa ere bai. Kezkatzen al zaitu populazioaren beheranzko joerak?
Asko. Beizamako Udala plan estrategikoa lantzen ari da, eta herri batzarrak egiten. Denon kezka da despopulazioa, eta horren aurka borrokatzeko biztanle gehiago erakarri behar dira herrira. Etxebizitza berriak egingo dituzte plazaren inguruan, baina gainontzean, herrian ez dago etxebizitza huts askorik; daudenak, gainera, jabetza pribatukoak dira. Oraingo erronka da hutsik dauden etxebizitza horiek mobilizatzea zein etxebizitza berriak egitea. Gu iritsi ginen garaian, nire belaunaldiko bospasei familia ere etorri ziren Beizamara, eta denok izan gara erreproduktiboak, baina belaunaldi batzuetan hutsunea dago. Orain, 3 eta 13 urte bitarteko hamasei ume daude herrian.

Herrigunean bertan zenbat pertsona bizi zarete?
Herrigunean 30 bat pertsona bizi garela esango nuke. Beizamako biztanleria oso sakabanatuta dago, eta egoerak ez du asko laguntzen. Biztanle gutxi gara eta ez dugu zerbitzurik, eta zerbitzuek erakartzen dute jendea nonbaiten bizitzera. Gure neurrira egokitzen diren zerbitzuak sortzen hasi gara, Beizamako herritarrok behintzat gustura egon eta finka gaitezen, baita etor daitezkeen horientzat herria erakargarri egiteko ere.

Biztanleria zahartzen ari da, eta herri askotako erronka da hori. Ikusten al duzu kezkatzeko arrazoirik?
Baserri askotan adineko jendea bizi da, eta horietako batzuk, gainera, bakardade arriskuan daude, nahiz eta familia inguruan izan; batzuk beste batzuk baino zaurgarriagoak dira. Isolamendua oso handia da mugitu ezin duen pertsona batentzat, eta hirietako herritarren zahartzea kezkagarria baldin bada, are gehiago herri txikietakoena.

Zure ustez, zer egin beharko litzateke jendea Beizamara erakartzeko?
Gipuzkoako Foru Aldundiak du lurralde orekaren ardura, eta iruditzen zait babes handiagoa eman beharko liekeela herri txikiei. Beizaman 144 biztanle bizi gara, eta oso mugatuta gaude. Talde eragilea osatzen dugunok geure bizimodua ere badugu, eta ezin ditugu ipurdi berarekin hamaika leku bete; ezin ditugu ekimenak geure kabuz bakarrik egin, teknikariak behar ditugu herritarren zerbitzura. Urkomek, esaterako, asko laguntzen digu. Dena den, babes gehiago behar dugu, eta ezin dugu pentsatu Beizama 144 pertsonaren artean soilik atera dezakegula aurrera.

Beizamako aterpetxean egiten duzu lan azken urteetan. Bertan bizi eta lan egiteko aukera izatea abantaila iruditzen al zaizu?
Bai. Edonori gustatzen zaio lanera joateko kotxearen beharrik ez izatea. Gainera, nik bizi egiten dut egiten dudan lana, eta sekulako abantaila da Beizamara datorrenari herriak eskaintzen diona erakustea. Nituen ametsak, gogoak eta proiektuak gauzatu ahal izateko aukera eskaini dit Beizamak. Bestalde, orain zuntz optikoa dugu herrian, eta jendeak etxetik ere egin dezake lana. Hori sekulako abantaila da.

Eta zer-nolako ekarpena egiten dio aterpetxeak herriko bizitzari?
Aterpetxean antolatzen ditugun bisitetan baserritarrengana joaten gara, bisitariek haien bizimodua ezagutu ahal izateko. Gure kasuan, ekarpen ekonomikoa baino garrantzitsuagoa da herri txikietako eta landa eremuko bizimodua bistaratzea. Geroz eta bizimodu urbanoagoa daukagu hirietan zein herrietan, eta elikagaiak nola eskuratzen diren ez dugu ikusten, adibidez; puskatu egin da landa eremuarekin genuen harremana. Aterpetxean egiten dugun lanarekin, gure aletxoa jarri nahiko genuke. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide