Espainiako Gerran borrokatu, eta atxilotu ondoren desagerrarazi zuten pertsonetako bat da Martin Hilario Intxaurrondo, besteak beste, Fermin eta Pilar Larrañaga Intxaurrondo anai-arreba getariarren aitona; familia dute Zumaian. Urte hauetan guztietan etxean sumatutako hutsuneak eta arnastutako saminak bultzatuta, aitonaren nondik norakoak ikertzen hasi ziren. Hamarkada luze batean aritu dira artxibategiak arakatzen, mila eta bat instantzia bidaltzen; kontaezinak dira egindako telefono deiak, autoz egindako kilometroak eta aitonaren memoria berreskuratzeko asmoz egindako gestioak. Denborarekin, esfortzuarekin, jakin dute non dagoen beren aitona. Haren gorpuzkiak berreskuratzea da eman nahi duten hurrengo pausoa.
Martin Hilario Intxaurrondo Danborenea 1896ko urtarrilaren 14an jaio zen Berastegiko (Gipuzkoa) Arbide baserrian. Dokumentuen arabera, zazpi anai-arreba ziren etxean; bost mutil eta bi neska. Landa eremuan ohikoa denez, are gehiago garai hartan, maiorazkoa gelditu zen baserriarekin, eta beste anai-arrebek kanpora joan behar izan zuten.
Baserri giroa utzi eta itsasertzera gerturatu zen Intxaurrondo, Pasaiara (Gipuzkoa) hain zuzen ere. Jarduera ekonomiko sendoarekin borborka zegoen herria aurkitu zuen hark Pasaian. Izan ere, arrantza sektore indartsua izateaz gain, lurraldean ekoizten ziren produktuak hango portutik eramaten zituzten urruneko herrialdetara. Horrez gain, badiako ontzioletan eta bestelako enpresetan lan egiteko aukera ere handia zen.
Lana aurkitu bakarrik ez, familia ere bertan osatu zuen berastegiarrak. Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) Constancia Otazo Makazagarekin ezkondu zen, eta lau ume izan zituen bikoteak: Jose, Dolores, Eugenio eta Martin. "Familia oparoa zen. Gure aitona ausarta zen negozioetarako, eta amonak ere asko lagundu zion. Logelak eskaintzen eta bazkariak ematen zituzten hostal bat zuten, eta, horrez gain, aitonak kamioiak ere bazituen etxabe batean; zementua eta beste produktu batzuk garraiatzen zituen haietan. Arotza zen ofizioz, baina beste arlo batzuetan ere aritu zen", azaldu du Ferminek. Gainera, bikoteak Pasaiako familia dirudunekin harreman onak zituela ere ondorioztatu dute gauzatutako ikerketa lanari esker.
1936ko uztailaren 17an, Espainiako armadako militar batzuek Bigarren Errepublikako gobernuaren aurkako estatu kolpea jo zuten, eta horrek, nola ez, eragina izan zuen Pasaian, baita Intxaurrondo Otazo sendian ere. "Gerra piztu zen, eta gure aitonaren lagun haiek, interesengatik edo, Francoren alde jarri ziren. Gure aitona, berriz, beste aldekoa zen; aitona-amonak oso euskaldunak ziren, eta Francoren aurka zeuden", azaldu du Ferminek. Gerra hasita, faxisten kontra borrokatzera joan zen Intxaurrondo. "Amak esaten zigun gure aitona gudaria izan zela".
Gudarien eta errepublikazaleen defentsak lanak izan zituen Mola generalaren reketeen erasoaldiari erantzuteko, eta azken horiek hurreratzen hasi zirenean, Bilbora erretiratu behar izan zuten. "Amona ere Bilbora joan zen umeekin, senarraren alboan egotera". Han "kristorenak eta bi" pasatu zituztela dio Ferminek. "Italiarrak eta alemanak hiria bonbardatzen hasi ziren, eta gure amak gogoan zuen sirena hotsak entzutean korrika joaten zirela babes bila". Egoerarik latzenean ere, duintasuna erakutsi zuen Otazok, Intxaurrondoren emazteak eta lau haurren amak. "Eusko Jaurlaritzari laguntza eskatu behar izan zion, baina ez zuen dirurik eskatu; lau umeentzako arropa eskatu zuen, besterik ez", esan du Ferminek, hori egiaztatzen duen dokumentua erakutsiz.
Bilbon zela zauritu zuten Intxaurrondo. "Ez dakigu frontean edo hirian jazotako bonbardaketaren batean izan zen, baina gure amak gogoan zuen bere aitak eskuetako behatzak alanbre bidez lotuta izan zituela". Zaurietatik erabat osatu gabe zegoela, berriro frontera eraman zuten. Handik aurrera ez zuten haren berri gehiago izan. "Gure amona, pobrezian egonagatik, senarrari zerbait bidali nahian ibili zen, baina ez zekien nora bidali. Halako batean, osaba Eugenio –Intxaurrondoren anaia– joan zitzaien aita preso zutela eta hil egin zela esanez. Ez zekiten non hil zen, baina bai atxilotuta eduki zuten lekuan hotz handia egiten zuela eta oso gaizki tratatu zutela", dio Ferminek.
Estigmatizazioa
Gerra amaituta, galtzaileen bandoko beste asko bezala, Frantziara eraman zituzten Otazo, haren aita eta lau umeak. Bigarren Mundu Gerra handik gutxira piztu zen, eta Alemaniako tropak ia trabarik gabe sartu ziren Frantzian. Herrialdea bitan banatu zuten: Alemaniaren menpe geratu zen zati bat, eta Vichyko kolaborazionisten esku bestea. Erbesteratutakoen amesgaiztoak ez zuen amaierarik, eta Frantzian zirela atxilotu egin zituzten, Espainiako Errepublikaren aldekoak zirelako. "Alemaniako kontzentrazio esparruetara zihoazela, herri edo hiri bakoitzean gelditu egiten zen trena, eta errepublikanoak, juduak, ijitoak, denak sartzen zituzten han; bagoiak gainezka zeuden, eta egin beharrekoak gainean egin behar izaten zituzten. Clermont-Ferrand hirira heldu zirenean, bagoiko ateak ireki zituztenean eta han zegoen jendetzaz ohartu zenean, aitarekin eta umeekin ihes egin zuen amonak". Frantzian noraezean ibili zirela azaldu du Ferminek, "muga zeharkatzea lortu eta Pasaiara itzuli ziren arte".
Jaioterrira itzulitakoan bizi zuten egoera oso bestelakoa izan zen Otazo eta haren umeentzat; gerra aurretik familia oparoa zena, pobrea zen. "Pasaian dena konfiskatu zieten; aitonaren kamioiak frankisten esku zeudela zioen gure amak, baita haiek gordetzeko erabiltzen zuten lokala ere. Maila sozial egokidun familia hura estigmatizatuta zegoen herrian". Hala ere, egoera txarrenean pasaitar batzuen laguntza izan zutela esan izan zuen Ferminen eta Pilarren amak. "Arrantza ontziak portura iristen zirenean, legatzen bat edo beste arrainen bat ematen zieten. Arrantzale haiek artean gogoan zuten gure aitona zein zen".
Familia, ibilian-ibilian, Zumaiara heldu zen. Fermin eta Pilarren ama Dolores neskame lanetan aritu zen leku askotan. "Getarian lanean zebilela, gure aita –Fermin Larrañaga Azpeitia– ezagutu zuen, eta ezkondu egin ziren. Hemen, Getarian jaio ginen gu", diote Pilarrek eta Ferminek.
Bizitzak aurrera egiten badu ere, ez da erraza, ez, bizitako une latzak ahaztea. Are zailagoa da Dolores Intxaurrondok bezala aita haur txikia zenean galduz gero. Hil bakarrik ez, desagerrarazi egin zuten. "Etxean beti izan dugu hutsune bat; amak tristura hori zeukan barrenean. Beti entzun izan diogu 'nire aitak ikusiko balu...' edo 'non da zuen aitona?'. Pasaiako Udalera ere idatzi zuen, bere aitarekin zer gertatu zen jakin nahi zuela eta. Tristura hori, min handi hori, hil arte izan zuen berarekin". Iazko azaroaren 16an hil zen Dolores Intxaurrondo, 90 urterekin, aitaren gorpuzkiei Berastegin lur ematerik lortu gabe.
Ikerketaren hasiera
"Beti aldarrikatu dut aitonarena den Intxaurrondo abizena. Eskolan barre egiten zidaten Larrañaga Intxaurrondo nintzela esaten nuenean. Urteak aurrera zihoazela ikusita, aitonaren arrastoa bilatzen hastea erabaki nuen". Hala hasi zuen Ferminek ikerketa.
Lehendabizi Aranzadi zientzia elkartera jo zuen laguntza eske. "Zer informazio nuen galdetu zidaten, eta esan nien 'hotz handia' egiten zuela aitona izan zuten lekuan. Batallon Larrañaga izeneko batailoia ere gogoan nuen. Euskal Herriko gudarien batailoiei begiratzen hasi ginen, bai EAJrenak, baita ANVkoenak ere, baina horietan ez zen bere izena agertzen". Bai, ordea, haren anaia Eugeniorena; Lenago il izeneko batailoian aritu zen, eta Ondarretako kartzelan egon zen preso. Eugenio izan zen aitona hil egin zela esatera etorri zitzaiguna".
Aranzadik ez zuen Intxaurrondoren informaziorik aurkitzen. "Artxibo asko oraindik berreskuratu gabe zeudela eta Guadalajarako artxibategiarekin harremanetan jartzeko esan zidaten”. Guadalajarakora bakarrik ez, ordea, Avilako eta Salamancako artxiboetara ere deitu zuen Ferminek. "Kontzentrazio eremuetako zerrendak ere arakatu nituen, eta ez nuen ezer aurkitu; gure aitona ez zela existitu zirudien".
Itxitako ate batean, baina, esperantzarako zirrikitu bat zabaldu zen. "Guadalajarako artxibora deitu nuen berriro, eta ordura arte hitz egin gabeko pertsona batekin izan nuen solasaldia; beste jarrera bat zuen hark, irekiagoa. Esan zidan milaka dokumentu zituztela klasifikatuta, baina beste milaka sailkatu gabe ere bai. Instantzia berriro bidaltzeko eskatu zidan, eta esan zidan hura jasotzean izango zuela bilaketarako denbora hartzeko justifikazioa. Hala egin nuen, eta astebetera jaso nuen erantzuna: 'zuen aitona aurkitu dugu'. Izugarrizko poza sentitu nuen".
Dokumentuen arabera, Intxaurrondo Gijonen izan zuten preso, Asturiasko frentean. "Horrek pentsarazten dit gure aitona ez zela gudaria, milizianoa baizik. Nik dakidala, Euskal Herrian gerra galdu zutenean, Santanderrera eta Santoñara (Kantabria, Espainia) erretiratu ziren gudariak, eta han zirela, italiarren aurrean errenditu ziren. Gure aitona Gijonen egon zelako, milizianoa izango zela pentsatzen dugu".
Behin atxilotuta, San Pedro de Cardeñako (Burgos, Espainia) kontzentrazio eremura eraman zuten Intxaurrondo, eta handik Quintora (Zaragoza, Espainia), langileen bataloi batera, behartutako lanak egitera. "Gure aitonaren izena 1938ko eta 1939ko zerrendetan irakur daiteke; 1939ko iraileko zerrendan azaltzen da haren izena, baina ordurako urtebete zeraman hilda". Hilda egonagatik zerrenda hartan agertzeak badu azalpen bat, Ferminen ustez: "Ustelkeriagatik izango zela iruditzen zait. Batailoi horietan dirua jasotzen zuten pertsonako, eta horregatik mantenduko zuten haren izena zerrendan hainbeste denboran".
Hilik bai, baina non? Ingurune hartan hobi komunik izan ote zen begira hasi zen Fermin. "Quinto inguruan hobi komun bat izan zela jakin nuen, 159 gorpu lurperatu zituztela han, horietatik 140 identifikatu gabeak zirela, eta 1959. urtean lurpetik atera eta Erorien Haranera eraman zituztela guztiak". Hori jakinik, aitona aurkitzeko beste ate bat zabaldu zitzaion, baita berehala itxi ere. "Haranean milaka gorpuzkin zeudela esan zidaten; haietatik batzuk identifikatuta, baina beste hainbat identifikatu gabe. 'Ez dugu esaten zure aitonaren hezurrak hemen ez daudenik, baizik eta gure artxiboetan ez dela bere izena agertzen. Hemen egonda ere, identifikatu gabeko beste guztiekin batera egon daiteke', idatzi zidaten. Aranzadiren ustez, horma batekin egin genuen topo, eta oso zail ikusten zuen handik aurrerako lana; ia ezinezkotzat jotzen zuten aitona aurkitzea. Ordurako sei bat urte neramatzan lanean, eta ezezko hark behea jota utzi ninduen. Anai-arrebei esan nien norbaitek lekukoa hartzea eskertuko nukeela".
Duintasuna
Pilarrek, Ferminen arrebak, jarraitu zuen lanarekin. Desagertuen inguruan irratian entzundako elkarrizketa batek bultzatuta, Irungo (Gipuzkoa) errepublikazaleen elkarte batekin jarri zen harremanetan. "Hango kide batek ikaragarri lagundu zidan. Bere osabaren arrastoen bila ibilia zen, eta hark Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikoko eta Patrimonioko erakundeetara bidalitako gutunak erakutsi zizkidan, nik horiek gure aitonari buruzko eskaria egiteko egokitu eta erabiltzeko".
Madrildik albiste onik jasotzen ez zuela ikusita, eta aitona Zaragozan egon zela preso jakinda, hartako hilerrietara deika hasi zen Pilar. "Banaka-banaka hasi nintzen hilerrietako kideekin harremanetan jartzen, eta, halako batean, aurrez ezezkoa eman zidaten hilerri batetik dokumentu bat iritsi zitzaidan. Gure aitona 1938ko uztailaren 14an hil zela zioen paper hark, eta bi egun geroago, uztailaren 16an, hilobiratu zutela, Torreroko hilerrian, Zaragozan. Paper hari esker jakin genuen non eta noiz hil zen. Gerora, aitonaren hezurrak Erorien Haraneko basilikako zer puntutan zeuden zioen beste dokumentu bat jaso nuen; baieztatu genuen aitonaren gorpua Torreroko hilerritik atera eta Erorien Haranera eraman zutela familiari ezer esan gabe. Bi dokumentu haiekin Madrilera joan gintezkeen laguntza eske", dio Pilarrek.
Amaren izenean bina gutun igorri zituzten erakunde horietara. "Gutun haietan Europako Kontseiluak onartutako artikulu bat aipatzen genuen; sendiek familiartekoen gorpuzkiak beraiekin izateko zuten eskubideak aipatzen zituen artikulu hark. Bestalde, aitona Espainiako Gerrako biktima izendatzea ere eskatu genuen, baina inongo diru saririk ez espero izateko erantzun ziguten". Azken esaldi hori gogoratzeak sumindu egiten ditu familiako kideak. "Beti esan izan dugu garbi ez dugula inongo mendekurik nahi, ezta inongo onurarik ere. Hildako aitona era duin batean tratatzea soilik nahi dugu. Francoren aldeko hildakoak elizetako aldareetan egon dira, baina badirudi beste aldekoak ez direla existitu ere egin. Gu ez gatoz inongo zauritan arakatzera, ezta ezer aurpegiratzera ere; hainbeste sufritu duen pertsona bati duintasuna eman nahi diogu. Besterik ez", dio Ferminek.
2018an Espainian izandako gobernu aldaketaren ondorioz, gauzak mugitzen hasi ziren Madrilen: senitartekoen hezurrak Erorien Haranetik ateratzeko eskatu zuten familiak bilera batera deitu zituen Patrimonioko zuzendaritzak 2019. urtean. "Gorpuzkiak ateratzeko erabakia hartuta zegoen, eta gure eskaera izan zen aintzat hartu zutenetako bat. Aitonaren hezurrak Santo Sepulcro kaperan zeuden, eta handik ateratzeko lanetan hastekoak zirela adierazi zuten".
"Bideragarritasuna" hartu behar zen kontuan, ordea. Basilikaren egoera aztertzeko ikerketa egitea eskatu zuen erakundeak, eta lan haren emaitzak garbi erakutsi zuen gorpuzkiak ateratzea ez zela hain erraza izango. "Gogora institutuaren egoitzan egindako bilera batean esan ziguten basilikako toki batzuk oso kaltetuta zeudela, eta ondorioz, ezin izan zutela sartu leku batzuetara. Zuntz optikodun kamera baten bidez ikusi zuten kaxa batzuk puskatuta zeudela, erorita, eta hezurrak lurrean botata. Madrilek konpromisoa hartu zuen hezurrak ateratzeko, baina edozein arrisku, edozein istripu saihesteko, basilikako leku horiek habeekin sendotu behar zituzten. Eskatu ziguten itxaropen handirik ez izateko, egin beharreko lanen bideragarritasuna eta proportzionaltasuna kontuan hartuko zituztelako".
Tenpluaren egoera aztertzen zuten bitartean, familiartekoen DNA laginak hartzea eskatu zieten Patrimonioko ordezkariek, hezurrak aitonarenak zirela baieztatzeko helburuz. Amaren eta pare bat lehengusuren laginak eramanda dituzte Donostiako laboratorio batera, eta orain hezurrak atera eta lagin horiekin probak egiteko zain daude.
Berastegiko Udalarekin ere jarri ziren harremanetan aitona bertako hilerrian lurperatu ahal izateko. "Alkateak esan zigun ez zela horretarako inongo arazorik izango, gorpuzkiak berreskuratzen baldin bagenituen eremu bat egokituko zutela haren hezurrei atsedena emateko".
Prozesua abian egonagatik, impasse egoeran daudela diote anai-arrebek. "Iazko maiatzean deitu nuen azken aldiz Patrimoniora, eta esan zidaten basilikan lanean hasteko baimen guztiak lortu dituztela. Guk, gure aldetik, DNA laginak eman ditugu, eta orain zer gertatuko den zain gaude".
Familia harremanak
Aitona bilatzeko egindako lanak familia elkartzeko eta senideen arteko harremanak estutzeko balio izan diela ere gaineratu dute Pilarrek eta Ferminek. "Aitona Erorien Haranean zegoela jakin genuenean, lehengusuon arteko harremanak areagotu egin ziren. Getarian Espainiako Gerrako biktimak omendu zituztenean, Tolosako, Zumaiako eta Getariako lehengusuak elkartu ginen, eta bildutako informazio guztia elkarbanatu genuen: Berastegiko sustraiak, Pasaiako bizipenak, aitonaren eta amonaren argazki batzuk, bidean gauzatutako prozedura guztiak... Guztia pasatu genien lehengusuei".
Omenaldia 2019ko martxoan izan zen Getariako hilerrian. Frankismoaren aurka borrokatu eta errepresioa jasan zuten getariar guztiak omendu zituzten ekitaldi hartan. "Omenaldi xumea bezain hunkigarria izan zen. Familiek isilean gorde dituzte historiak; min handia bizi izan da familietan". Getariako Udala "biziki" eskertzen dute omenaldi hura egiteagatik, baita aitona aurkitzeko bidean lagun izan dituzten banakakoak eta elkarteak ere, hala nola Irungo laguna, Aranzadi zientzia elkartea, Gogora Institutua... "Laguntza hori edukitzea ezinbestekoa izan da", dio Pilarrek.
84 urte beteko dira aurten Martin Hilario Intxaurrondo hil zela. Pasaiara joan izan denean oraindik ere haren oihartzunak aurkitu izan dituela dio Ferminek. "Behin kuxkuxeatzera joan eta aitonarena zen lokalean sartu ginen. Pintore batzuk zuten alokatuta, eta orain 80 urte bezalaxe zegoen: pipiak jandako baldak, hormak... Han ez zutela ezer berritu zirudien; gure aitonak utzita bezala zegoen. Gaur egun, handik pasatzen naizenean zera esaten dut: 'Hemen gure aitonaren lokala'".