Noiz sortu zen Morroxkak taldea?
2021eko urriaren 8ko asteburuan Elizondon (Nafarroa) elkartu ginen Euskal Herriko hainbat txokotako neska* gazte ugari, Lurrikara Gara lelopean egin zen baterajotzean, eta bertan zarauztar batzuk ere parte hartu genuen. Herrira motibazio handiarekin itzuli ginen, eta ingurukoekin hitz egiteari ekin genion. Hala, lehen bilera deitu genuen handik egun gutxira, eta martxan jarri ginen.
Neska gazte dezente batu zarete, ezta?
50 pertsona baino gehiago gara. Horrexegatik esan ohi dugu mordoxka morroxka garela.
Zergatik sortu zenuten Morroxkak?
Feminismoari dagokionez, herrian potentzial handia dagoela nabaritu genuen. Historikoki ere bilakaera azpimarragarria du feminismoak Zarautzen. Hala ere, emakumeak* izateaz gain gazteak ere bagara. Gaztetasun horrek izaera propio bat ematen digu, borrokarako beste grin bat, salatuko ditugun problematika ezberdinak eta inguratzen gaituenari begiratzeko modu berri bat. Zarauzko neska* gazteok espazio eta antolakuntza baten beharra genuen, non gure kezkak, ezinegonak nahiz egunerokoan jasaten dugun indarkeria partekatu ahalko genituen. Duela pare bat urte Oteitza institutuan sortu zen Galerna Morea taldea behar horren erakusle garbia izan zen adibidez.
Zertan aritu zarete orain arte?
Taldea pixkanaka martxa hartzen joan da. Elkar ezagutzen joan gara, Morroxkak izena eta logoa finkatu ditugu, taldea ekonomikoki sustengatzeko poltsak atera ditugu, Euskal Herriko txoko desberdinetan sortzen ari den Zartada gazte egitasmoan ere parte hartu dugu... Horrez gain, eskualdean gertatu diren erasoen harira beste talde feminista batzuekin elkarlanean aritu gara erantzun bateratu bat emateko.
Zer da zuentzat Martxoaren 8a?
Feminismoan antolatzen garenontzat egun garrantzitsua da, borroka eguna izan baita historikoki. Emakume* langileok pairatzen ditugun zapalkuntzak salatzeko egun bat da, feminismoaren ideiak sozializatu eta gizarte eredu berri baten alde borrokatzekoa. Egia da sistema heteropatriarkal kapitalista feminismoaren olatuaz baliatu dela azken urte hauetan, feminismoz mozorrotuta indibidualismoari bide egiten saiatzen baita, horrelako egunak edukiz erabat hustuz. Horregatik sinesten dugu guk borroka kolektiboan eta antolakuntzan, eta egun puntualei beharrezko erantzuna emateaz gain, egunerokoan lanean jarraituko dugu.
Zein asmo dituzue gaurko egunerako?
Aurtengo Martxoaren 8a berezia da guretzat. Izan ere, Morroxkak taldearen lehenengoa izango da, eta horregatik bizi dugu ilusio handiz. Gainera, horrelako egun baten antolakuntzan beharrezkotzat jotzen dugu talde zein norbanako feminista desberdinen arteko elkarlana, eta horretan dihardugu Zarauzko Koordinadora Feministarekin batera. Hori dela eta, guk ere azkenaldian gauzatzen ari den zaintzaren inguruko hausnarketa mahai gaineratzearen beharra aldarrikatu nahi dugu. Bestalde, Martxoaren 8aren inguruan zerbait berezia egiteko asmoz, martxoaren 12rako egitaraua prestatzen ari gara. Gorde data!
Hemendik aurrera, zer?
Hemendik aurrera antolatzen jarraituko dugu. Egunerokotasunean lanean jarraitzea izango da erronka nagusia: erasoei behar bezalako erantzuna emanez, talde mailako formakuntza feminista garatuz, kanpora begirako ekintzak antolatuz... Gizarte eredu berri baten alde borrokatuko dugu, gazte mailan antolatuz eta borroka feministan gure aletxoa jarriz.