Astelehenetik aurrera bertan behera geldituko da osasun larrialdi egoera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala jakinarazi zuen herenegun, ostegunean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, pandemia egoera asko hobetu dela eta. Murrizketa gehienak ere bertan behera geldituko direla esan zuen.
Gaur, ordea, agindua kaleratu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta udalei esan die 100.000 biztanleko 400 kasuko intzidentzia metatua gainditzen badute, ez baimentzeko ekitaldi jendetsurik. Aginduak dio neurri prebentiboak bete ezin badituzte, ekitaldi horiek bertan behera utzi behar dituztela, edo atzeratu, bestela, “egoera epidemiologikoa hobetzen den arte”.
Aginduan hainbat zehaztapen jaso dute: esaterako, espazioak ondo antolatu behar direla, ahal dela jan eta edanerako aparteko tokiak bereizi behar direla, eta ahal den guztietan kanpoan egin behar direla ekitaldiak. Prebentzio neurriak betetzeko zailtasun handienak jatea eta edatearekin lotuta daudela ere esan dute, maskara soinean ezin delako eduki. Gainera, espazio itxiak egoki aireztatuta egotearen garrantzia ere azpimarratu dute, eta toki publikoetan CO2 neurgailuak erabiltzea komeni dela azaldu dute.
Gutxi falta da Inauterietako, baita Zumaiako San Telmo festetarako ere, eta ikusteko dago eskualdeko udalek prebentzio neurriak betetzea izango duten ala ez. Izan ere, Osasun Sailak ostegun honetan kaleratutako azken datuen arabera, eskualdeko herri guztiek dute 1.000tik gorako intzidentzia metatua; Errezil da salbuespena, intzidentzia tasa hutsean dagoelako han.
Herriz, herri, Aiak 2.317ko intzidentzia du; Aizarnazabalek ia 3.000koa, 2.990ean baitago; Azkoitiak baxuagoa du, 1.802koa; eta Azpeitiak 1.465ekoa du; Beizamak 1.612koa du; Getariak ere antzera, 1.484koa duelako; Oriok 1.989koa; Zarautzek 2.351koa; Zestoak 1.412ko tasa du; eta Zumaiak, azkenik, 2.136koa.