COVID ziurtagiriaren gaineko "ardura" eta "herritarrak babestea" eskatu diete udal zinegotziei

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urt. 28a, 11:47

Udalbatzarraren amaieran hartu zuten hitza herritarrek. (Julen Imaz)

Hainbat herritarrek hitza hartu zuten atzoko udalbatzarraren amaieran, eta COVID ziurtagiriaren derrigortasunak ekarri dituen "zentzugabekerien" gaineko "ardura" eskatu zieten udal ordezkariei. Bakoitzari bere iritzia eskatu eta "erantzule" direla esan zieten. Alkateak modu ofizialean, idatziz, erantzungo dietela erantzun zien guztiei. 

Atzo egin zen urtarrileko ohiko osoko bilkuraren amaieran, eskari-galderen txandan, hitza hartu zuten sei zarauztarrek. Hain zuzen ere, aste honetan bertan COVID ziurtagiria erakutsi gabe kiroldegira sartzeagatik bertatik atxilotuta atera zuten herritarrari babesa eskaintzeko elkarretatuta zeuden dozenaka herritar udaletxearen aurrean, Bizitza plataformaren pankarta baten atzean, eta auzi horretaz eta, oro har, COVID pasaporteak ekarri dituen "zentzugabekeriez" mintzatu ziren sei zarauztarrak. 

Joseba Lertxundi izan zen hitza hartzen lehena. Bera da kiroldegitik atera zuten herritarra, eta bere bizipenak kronologikoki azaldu zituen. Esan zuen "ilegala" dela pasaportea: "Legez, ezin da eskatu ez pasaportea, ez nire osasun bizitza, ez ezer". Gaineratu zuen legeen artean kontraesanak daudenean maila altuena duen legeak balio duela; "Konstituzioa potenteagoa da". Azaldu zuen erabaki zuela bere "askatasuna ezin dela urratu, gutxiago legeak arrazoia ematen" badio. Kiroldegira sartu zenean, udaltzainek indarra erabilita atxilotu zutela salatu du, baita ertzainen kotxean gerrikoak asko estutzen zuela eta arnasa hartu ezinda geratu zela ere. Ondorengo galdera luzatu zien udal ordezkariei: "Zergatik, eta zein da niri askatasuna kentzearen erantzule?". "Ardura" eskatu zien, eta "busti daitezela" kontu honekin. Azpimarratu zuen gustatuko litzaiokeela bertan zeuden udal ordezkari guztien iritzia entzutea. 

Xabier Txurruka alkateak azaldu zion zabalik dagoela gertaeraren inguruko espediente administratiboa udalean, eta modu ofizialean, idatziz erantzungo diotela. 

Udalbatzarrak iraun bitartean plazatik oihuka ari ziren herritarrak. (Amaia Urbieta Arruti)
 

Segidan, beste bost herritarrek hartu zuten hitza. Pasaportearen derrigortasunak ekarri dituen mugak "lotsagarriak" direla azpimarratu zuten guztiek, eta udal ordezkariak "bigarren mailako herritarrak" sortzearen erantzuletzat jo zituzten. "Bestelako pentsakera daukagunok zigortzeko" neurria dela ere aipatu zuten, eta "planto" egin beharko lioketela "dekretu lotsagarri honi". Hala esan zien, esaterako, Eneko Solaberrietak: "Zentzugabekeriak izan dira bata bestearen atzetik. Seguru nago zuek ere ikusi dituzuela. Diskurtsoak zulo pila bat ditu, erortzen ari da. Eta zenbat eskubide ari diren urratzen... Kalean ez dago festarik, bi urteko ume batek ez du ikusi kalean festa bat. Zer ari da gertatzen?".

Horrez gain, salatu zuten ari direla "bultzatzen" gazteek "kulturarik ez edukitzea eta kirolik ezin egitea". "Nire semeak ezin du liburutegira joan? Ezin du zinemara joan? Zer Zarautz ari gara eraikitzen? Denen eskubideak zaindu behar dituzue, txertatuenak  eta txartatu gabeenak", esan zuen Cristina Diazek. 

Herritar guztiei erantzun berdina eman zien alkateak: jasota geratzen dela beraiek esandakoa, eta idatziz helaraziko dietela erantzuna. Oro har, ez ziren konforme geratu hitza hartu zuten herritarrak erantzun horrekin, eta isiltasun horrek "asko esaten" duela nabarmendu zuen haietako batek. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide