Gutuna: 'Bizikidetza arnas, Covid paserik ez'

Zarauzko Hitza 2022ko urt. 25a, 15:45

Herritar talde batek elkarbizitzarako deia eginez, ondorengo testua helarazi du Zarauzko Hitzara.

Azkenaldian, Covid 19 deitutako osasun krisiaren ondotik, garai zail eta nahasiak bizitzen ari gara. Osasun krisia herritarren arteko harremanetan nabarmen ari da eragiten eta txarrera gainera. Lehendik ere, hainbat mugimenduk ozen salatzen zuten gure jendartea neoliberala kapitalista eta patriarkala dela eta pertsonen arteko bereizkeria nagusitzen dela: paperdunak eta paperik gabeak; aberatsak nahiz pobreak; gizonak zein emakumeak; helduak eta haurrak/gazteak; edota, zuriak eta beltzak. Baina banaketak banaketa, jakina da herritarrok menpekoak garela, bai elkarren artean, baita ingurunearekiko ere. Ezin dugu “besteak” gabe bizi; eta, beraz, bakartzeak nahiz bereizteak ondorio kezkagarriak eragiten dizkigu. Egiazki, bizitzeko eta norberaren zein komunitatearen osasunerako ezinbestekoa da hartu-emana, horixe bera da gure bizi elikagai nagusia, beharrezkoa dugu aurrera egiteko.

Komunitatearen eta kolektibitatearen izenean, Covid 19ari aurre egiteko proposatu diren neurri eta aterabideek herritarren isolamendua eta beldurra izan dituzte oinarri. Neurri horiek gure arteko zatiketa areagotu dute, auzokoarekiko mesfidantza eta desberdinarekiko gorrotoa sustatu dute, eta horretarako, kontrol soziala eta kriminalizazioa handitu dira (batez ere, gazteen aurkakoak). Horrez gain, gure bizitzetan indarkeria adierazpenak areagotu egin dira. Azken batean, zaurgarritasun egoera ugari daude eta herritarren bizitzetan ondorio larriak gertatu dira, hala nola nerabeengan, haurrengan, migratzaileengan, erresidentzietan bizi direnengan eta abar.

Horretan guztian, beste neurri batzuen artean, eragin zuzena izan du Covid paseak. Euskal Herrian, eta Zarautzen, bizikidetza sustatzeko eta bakearen eraikuntzan orain arte egindako bidean, nabarmen, harri bat gehiago jarri dute. Herria arrakalatua dagoela sentitzen dugu, bakartuta ere bai, eta elkarren aurka jarri gaituzte, ardura osoa gurea balitz bezala. Ehun soziala suntsitzen eta herritarren arteko zatiketa areagotzen duen neurria da Covid ziurtagiria, neurriz kanpokoa eta oinarri sanitariorik gabekoa. Ikusi besterik ez dago, erabilera abiarazi zenetik, kutsatzeek jarraitu egin dutela nabarmenki; halere, gaur gaurkoz, bai Zarautzen, bai EAEn, sarbide pasea beharrezkoa da espazio publiko (kultur-jarduerak, liburutegia...) zein pribatu hainbatetarako. Hori dela eta, pertsonen ongizaterako ezinbestekoak diren kultura, aisialdia nahiz kirola praktikatzeko eskubidea urratu digute hainbat herritarri, eta mingarria dela deritzogu bereziki haur eta gazteentzat, euren garapen integralerako ezinbesteko jarduerak eta zerbitzuak ukatzen baitzaizkie.

Baina, garai ezegonkor bezain erabakigarriak dira, horregatik, gertaera horien guztien aurrean, Idatzi hau sinatzen dugunok elkartzeko eta gure ondoezak partekatzeko beharra sentitu dugu. Bizitzen ari garenaz hitz egin nahi dugu, iritziak elkarbanatu, beldurrik gabe eta errespetuz. Izan ere, askotarikoak dira azken bi urte hauetan izandako bizipenak, egoeraren gaineko ulermenak. Zoritxarrez, bizikidetza baterako behar-beharrezkoak diren eztabaida nahiz hizketaldiak isildu ditugu, herrikideen artean hitz egitea ezinezko bihurtzeraino. Manifestu honetan jaso ditugu une honetan, Zarautzen, bizikidetza baterako gure ustez ezinbestekoak diren oinarri eta aldarriak. Manifestu hau sinatzen dugunok oinarrizko eskubideen urraketen aurrean, berehala, eta ezinbestean, gure herria bizigarriago egiteko lau aldarrikapen egiten ditugu:

1. Covid paseari Ez! osasun ziurtagiririk gabeko herria desio dugu. Herritarronak eta publikoak diren espazio eta zerbitzuetarako sarbidea dugu herritar orok, txertatu ala ez, bertakoa izan ala iritsi berria izan. Horrez gain, herriko eguneroko bizitzaren parte diren gainerako zerbitzu eta instalazioetan parte hartzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Ziurtagiriak ez du sendatzen, benetan, kontrol soziala eta bazterketa eragiteko tresna baita.

2. Bestalde, gorputzen (eta osasunaren) gainean askatasunez erabakitzeko eskubidea babesten eta errespetatzen duen herria nahi dugu, inoiz inor behartu gabe, norberak erabakitzen baitu gaixotasuna sendatzeko dauden tratamendu eta sendabideetako zein aukeratu.

3. Elkarbizitza sustatzeko eta eztabaida guneak sortzeko deia egiten dugu. Elkarbizitza pertsona batzuk besteekin bizitzeko artea da. Horrek eskatzen du gureak diren behar, desira zein gatazken kontzientzia hartzea eta horiek kudeatzen asmatzea. Horretarako, begirunea, enpatia, tolerantzia, errespetua, elkartasuna eta konpromisoa dira oinarrizko balioak. Berdintasunean eta bakean sakontzeko etengabeko prozesua eskatzen digu. Alde horretatik, Zarautzen jarraitu dezagun norabide horretan, elkarren beharra dugu eta elkarrekin indartsuagoak gara.

4. Amaitzeko, osasungintza integral eta publikoa indartu behar dela uste dugu. Bi urte hauetan osasungintza publikoaren egitura eta eskaintza “kolapsatu” dira, osasun baliabideak ez dira areagotu eta, ondorioz, langileek egindako ahalegina ezinbestekoa izan da. Arreta zuzena murriztu da eta horrek osasun zerbitzuen pribatizazioa handitu du.

Idatzi honetan jasotako eskarien bidez herritarron artean hausnartzeko gonbita luzatu nahi dugu. Balio dezala gure artean sortu diren gaizki ulertu, epai eta aterabiderik gabeko eztabaidak berrartzeko, baita gogoeta sakona egiteko ere.

Sinatzaileak:
Saioa Iraola Urkiola, Alazne Amestoy Salaberria, Edur Epelde Pagola, Onditz Alberdi Gisasola, Iker Barrena Cayon, Asier Baglietto Gabilondo eta Goretti Aranburu Epelde

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide